Joserra Senperenak eta Harkaitz Canok gerraren aurkako kantu bat egin dute

Eñaut Elorrietak eta Idoia Asurmendik hartu dute parte, besteak beste, 'Ozenago kantu egin' kantuaren grabazioan.

maxresdefault
Joserra Senperenaren 'Ozenago kantu egin' kantuaren bideoklipa.
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 9a
09:27
Entzun

«XXI. mendea, 2024. urtea, 50 gatazka armatu baino gehiago mundu osoan, horietako bi oso gertu: Gaza eta Ukraina. Mendea aldatu aurretik esan izan baligute planetako hainbat puntutan gerrek bortizkeria honekin jarraituko zutela, ez genukeen sinetsiko. Baina hemen daude, eta, komunikabideei eta sareei esker, inoiz baino modu hurbilago eta mingarriagoan jarraitu eta senti ditzakegu».

Joserra Senperena musikari eta konpositorearen hitzak dira, eta gerrek pizten dioten kezka bat adierazten dute. Horregatik, gerraren aurka egiteko, Harkaitz Canoren testu bat oinarri duen kantu bat grabatu berri du, zenbait  adiskide musikarik lagunduta, bere etxean bertan: Ozenago kantu egin.

Ez da Senperenak eta Canok elkarrekin lan egiten duten aurreneko aldia, ezta gerrari aipamen egiten dioten lehendabizikoa ere, Senperenak berak gogoratu duenez. «Ez dut idazten dudan musika gogoratu ohi, behin eta berriz itzultzen den doinuren bat edo beste izan ezik. Gereziak, Dardaren interpretazioa diskoko (Gaztelupeko Hotsak, 2008) pieza da, Harkaitz Canoren izenburu bereko poema liburuan oinarritua. Gerran dauden haurrei buruz hitz egiten duen poema bat da: hiltzen direnak, mutilatuta geratzen direnak, bonbak erortzen direnean abestu baino egin ezin dezaketen haurrak…».

Doinu eta hitz hura gogoan, eta azken hilabeteetan ikusitako «krudelkeriak» akuilatuta, pieza hura eta Canoren poema etortzen zitzaizkion burura Senperenari, eta, horren ondorioz, idazleari eskatu zion doinu hari hitzak jartzeko. «Ustekabe galanta hartu nuen erantzun zidanean berak ere oso gogoan zuela Gereziak. Egun gutxiren buruan, Ozenago kantu egin bidali zidan, eta segituan deitu nien zenbait laguni etxean elkartu eta kantatzeko».

Hain zuzen ere, Senperenaz gain, Idoia Asurmendik (ahotsa), Eñaut Elorrietak (ahotsa eta gitarra), Fernando Neirak (kontrabaxua), Karlos Aranzegik (perkusioa), eta Jaione Santosek zuzendutako EMEBE Txiki abesbatzak parte hartu dute kantuaren grabazioan. Pello Gorrotxategi arduratu da soinuaz, eta Zazpi T'erdi etxeak egin du bideoa. Apirilaren 30ean grabatu zuten kantua, Senperenaren etxean bertan.

Canok berak testu bat idatzi du kantuaren abiapuntua zein izan den azaltzeko.

Godoten esperoan

Balkanetako Gerraren eta Sarajevoko setioaren garaia zen. Oraindik deus argitaratu gabe, ikasle bizitza neraman unibertsitatean, idazle ametsetan bide baten bila. Konpromisoaren auzia, etikaren eta estetikaren arteko kinka, puri-purian zegoen orduan ere. Eta etxe atarian geneukan Jugoslavia ohiko gerraren epizentroan, jarrera eredugarri baten adibidea piztu zen: Susan Sontagek Samuel Becketten Godoten esperoan antzezlana zuzendu zuen Sarajevoko bonben pean. Hogeita hamar urte joan dira, baina literaturak zertarako balio duen galdetzen digutenean komeni da, agian, halakoekin gogoratzea. Mundua ez da horretan aldatzen, gizon-emakumeen arteko harremanak ez dira hobetzen, gerra-aroa ez da laburtzen…, baina norbaitek —guk geuk— zimiko bat sentitzen du erraietan, besoak antxumatuta ezin gera gaitezkeela gogorarazten diguna.

Garaitsu hartan egunkarian irakurritako albiste batek eman zidan atentzioa: aire erasoen kontrako babeslekuan zer egiten ote duten galdetu die kazetariak haur batzuei. “Kantatu egiten dugu”, diote haiek. Kazetariari ez zaio erantzuna aski iruditu, nonbait. «Eta inguruko eraikinek dar-dar egiten dutenean? Leherketen hotsek dena estaltzean, zer egiten duzue gau horietan?». Erantzuna, bere logika xaloan, ezinago zirraragarriagoa zen: «Gau horietan… ozenago kantatzen dugu». Hori izan zen poemaren ernamuina. Joserra Senperenak inspirazio iturri bezala erabili eta melodia bat jarri zion hamabost urte beranduago. Igaro dira geroztik beste hainbeste, eta sarraskiaren itzalak bere bidean. Tamalez, zirkulua ez da egundo itxi  —edo itxi bada, bukle izaten jarraitzeko besterik ez da izan—; gerrak bere horretan darrai beste latitude batzuetan.

Melodia hari hitz berriak jarri dizkiogu, hasierako puntura itzuliz. Orain ere gordin. Orain ere berdin. Eta, halere, ezberdin… Ozenago, beharbada?  

Bitartean, Godoten esperoan jarraitzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.