Gerraren muinak eta minak, Alessandro Bariccoren arabera

Fernando Reyk itzuli du idazle italiarraren 'Odolik gabe' nobela laburra, eta Igela argitaletxearekin eman. Gerra zibil zehaztu gabeko bat da tramaren markoa

Fernando Rey itzultzailea, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. Bertan aurkeztu zuen Odolik gabe liburua. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Alessandro Bariccok (Turin, Italia, 1958) 2002an argitaratu zuen Senza sangue nobela laburra. Ordurako, aski ezaguna zen nazioartean, XX. mendeko azken hamarkadan argitaratu zituen Castelli di rabbia (Amorru gazteluak, 1991), Oceano mare (Ozeano itsasoa, 1993) eta, batez ere, Seta (Zeta, 1996) liburuei esker. Azken horrek nazioarteko irakurleen eta kritikarien oniritzia ekarri zion: ia hogei hizkuntzatara itzuli dute, eta euskarara ere bai. Koldo Bigurik itzuli zuen Zeta, eta Igela argitaletxeak eman, 2001ean—martxoan berrargitaratuko dute, agortuta baitago—.

Bariccoren beste lan bat eman dute euskaraz orain: Fernando Reyk euskaratu du Senza Sangue, eta Igelarekin eman, Odolik gabe izenburuarekin.

Kontrazalean, zortzi lerroko testu hau dakar liburuak: «Etxe ahul bat landaren erdian, aita batek eta bere bi seme-alabek eutsia. Hiru gizon gauez dakartzan auto bat, mendekua helburu. Sugarrak. Zergatik egin uko biolentziari, barkamena baino eraginkorragoa bada? Zaila da mozten bortxaren haria, gerra noiz bukatzen den irabazleak erabakitzen du». Gerra, hortxe hitz gako bat nobelaren haria ulertzeko, gerra bat baitu ardatz, Reyk nabarmendu duenez: «Gerra zibil bat da nobela honen markoa, ez da oso ongi argitzen nongoa, eta muina da gerraren beraren izugarrikeriak eta ondorioak sufritzen ditugunean pizten zaizkigun sentimendu, jokabide eta jarrerak». Errealitatea eta mundu onirikoa nahasteko gaitasun handia erabili du idazleak bertan, itzultzailearen ustez.

Bigarren azpimarra egin du Reyk: «Giza ariman zer dagoen aztertzeko pertsonaien bitartez egiten duen bilaketa etengabea nabarmenduko nuke. Bariccok ez ditu bere pertsonaiak epaitzen, marrazten baizik». Eta irakurleak 83 orrialde ditu marrazki hori deskodetzeko. «Nobela hau sakona bezain laburra da», izan ere.

Bi atal, bi erritmo

Lander Majuelo Igelako editoreak, berriz, Bariccoren idazkera soil eta eliptikoa azpimarratu du. Liburuaren egitura aipatu du segidan: forman, erritmoan eta kontatzeko eran antz handirik ez duten bi atalez osatuta dago. «Atalok bi ipuin bereizi dirudite, nahiz eta elipsi erraldoi baten osteko istorio bereko bi une izan».

Lehendabiziko atala «ekintzarena» da, Reyren arabera: «Oso laster gertatzen da dena, oso zinematografikoa da». Bigarren partean, berriz, lehen ataleko pertsonaiak 40 urte pasatu eta gero topatzen dira. «Psikologikoagoa» da zati hori. «Barne mundua erakusten da hor, biolentziaren ondorioak eta ondorio horiek bizitzeko moduak. Pausatuagoa da». Horixe izan omen du kezka nagusia, hain zuzen ere, testua itzultzeko orduan: «Erritmoa ongi islatzea, lehen parte bizi eta eroan eta bigarren parte pausatuagoan».

Nobela labur bezain iradokitzaile bat da emaitza, Reyren ustez. «Niri oso garbi iradoki dit gerrak gaitasun bat duela gizakiak duen hoberena eta txarrena ateratzeko». Itzultzaileak erraz irudikatu du irakurle euskaldunaren burua bidaiatzen, bere bizitzara eta bere harremanak kudeatzeko modura, Euskal Herriak bizi izan duen indarkeria girora. «Gogoeta sakon bat pizten ahal zaio irakurleari indarkeriari buruz, mendekuari buruz, zubien premiari buruz, barkamenari buruz, enpatiari buruz, odolari buruz. Azken batean, galdera bat dago hor: nolako tokia dute gorrotoak, mendekuak eta barkamenak gure gatazketan, gure herrian?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.