Getxoko Jazzaldira 12.000 lagun inguratu direla eta, pozik daude antolatzaileak

Tobias Meinhart izan da bakarlaririk onena, eta haren banda, Tobias Meinhart Quintet, talde lehiaketako irabazlea

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Estilo aniztasuna eta artista nagusien kalitatea nabarmendu dituzte Getxoko 36. Nazioarteko Jazzaldiaren antolatzaileek, eta gustura agertu dira, bost egunean 12.000 lagun inguru gerturatu bide direlako.

Lehendabiziko egunean, Larry Carlton gitarra jotzaile eskarmentuduna aritu zen, eta ohiko zaleez gain, jazza segitzen ez dutenak ere harrapatu zituen bere doinuekin. Biharamunean, China Moses abeslariak erakutsi zuen azkarra dela erregistroz aldatzen eta jendearekin komunikatzen. Hurrena, nazioartean sona handia duen Wayne Shorter saxofoi jotzailea esperimentazioan eta inprobisazioan aritu zen, belarri finduenen gozamenerako. Larunbatean, sarrerak amaitu ziren Mike Stern gitarristaren eta Richard Bona baxu jotzailearen kontzerturako. Azkenik, igandean, ekitaldia borobildu zuten Eliane Elias pianistak eta Marc Johnson kontrabaxu jotzaileak.

Aurten, dena dela, banda gazteek izan dute garrantzi berezia, talde lehiaketan argi ikusi den moduan. Tobias Meinhart Quintet alemaniarrak gelditu dira lehenengo, eta Tobias Meinhartek, liderrak eta saxo jotzaileak, bakarlari onenaren saria eskuratu du. Hartara, 3.000 euro jasoko ditu taldeak, eta CD bat grabatzeko aukera ere izango dute. Gainera, hainbat jazzalditan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, Hoeilaartekoan (Belgika), Eivissakoan, Palmakoan (Herrialde Katalanak), eta Elorriokoan, Getxoko Jazzaldiak horiekin baitu lankidetza hitzarmena.

Bigarren saria, 1.200 eurokoa, Piotr Pawlak Jazztet seikote australiarrak lortu du, eta ikus-entzuleena, Szwec & Wendt Quintet boskote poloniarrak. Azken horiek garaikur bana jaso dute, oroitzapen modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.