Genovako eskolatik bizirik geratzen zen azkena zen Gino Paoli. 1950eko hamarkadaren hondarrean Italiako musika tradizionalarekin hautsi zuen mugimendua izan zen hura, Frantziako kantarien eraginez eratu zena eta, besteak beste, Fabrizio De Andrerekin, Bruno Lauzirekin, Luigi Tencorekin eta Umberto Bindirekin osatu zuena Paolik. Gaztetan pinturako prestakuntza jaso bazuen ere, musikara egin zuen jauzi 30 urteak bete aurretik, eta, aipatu kideekin batera, kantautorearen ideia berritu zuen Italian, idazkera poetikoago eta eklektikoago bati bide emanez, eta hitza lehenetsiz bel canto lirikoan nagusi ziren apaingarri bokalen gainetik. Hasiera haien ondotik, sei hamarkadako bide gorabeheratsua osatu zuen kantariak, eta 50 disko baino gehiago plazaratu zituen. Senideek eman dute haren heriotzaren berri, gaur; 91 urte zituela hil da, Genovan.
Gino Paoli (1961), Basta chiudere gli occhi (1964) eta Le due facce (1971) izan ziren kantari eta konpositorearen lehen disko arrakastatsuenetako batzuk. Ezinbestean aipatu beharreko abestiak dira, halaber, Il cielo in una stanza (1960), seko maitemindu zuen sexu langile bati idatzitakoa; eta Sapore di sale (1963), maitasunaren, udaren eta nostalgiaren aldeko himnotzat hartu izan dena. Hain justu, maitasun abestiei esker egin zen ezagun nazioartean Paoli, eta horien artean daude Una lunga storia d'amore, Senza fine eta Ti lascio una canzone ere.Â
Italiako beste kantari nabarmen batzuentzat ere idatzi zituen abestiak; Minarentzat, Patty Pravorentzat eta Ornella Vanonirentzat, besteak beste, zeinak hurbileko izan zituen bere ibilbidean.
Ibilbide oparoa osatu zuen arren, gorabeherak ere makina bat izan zituen Paolik hastapenetatik. Arrakastaren une gorenenetako batean, Sapore di sale kaleratu berritan, bere buruaz beste egiten saiatu zen bere buruari tiro eginda, esaterako, eta bala hori bizi guztian eraman zuen gero gorputzean —perikardioan geratu zitzaion, bihotza zeharkatu gabe—. Aste gutxitara itzuli zen agertokietara, baina aurrerago ere gutxienez hiru alditan urrundu zen musikagintzatik.
1980ko urteen amaieran, jardun politikoaren lehen lerroan ere izan zen. Italiako Alderdi Komunistarekin bat egin zuen 1987ko hauteskunde orokorretan; hautagai independente modura aurkeztu zen, eta diputatu aritu zen 1987tik 1992ra bitartean.