Laugarren diskoaz emango dio amaiera Joseba Irazokik (Bera, Nafarroa, 1974) Gitarra onomatopeikoa serieari. Kuriostasunean, eskuzabaltasunean, ausardian eta trebezian oinarritutako hazkuntza artistiko geldiezin baten gailurra da.
Haren lehen grabaketak aurkitzeko, mende honetako lehen hamarkadan Beran sortutako musikari esperimentalen kolektibora jo beharko genuke, eta Petti eta Etxeko Uzta, Onddo, eta On Benito taldeen partaide modura eta bakarka, bere izenpean edota Do moduan sinatutako diskoetan aurkituko genituzke. Xabier Erkiziaren eskutik musika esperimentaleko Ertz festibalak Berara urtero erakartzen zituen Euskal Herriko eta atzerriko musikari eta zale haien arteko harremanak eta trukeak hazkuntza likido oso berezi eta emankorra ahalbidetu baitzuten urte haietan.
Ekosistema horren barnean, agian Irazoki da zentzu klasiko batean musikari trebeena, eta ohiko folk-rock estiloen egitura eta izaera nabariena erakusten duena. Gaitasun horrek aukera eman dio Mikel Erentxun, Rafa Berrio eta Nacho Vegas musikarien kontzertu eta grabaketetan sesio musikari moduan aritzeko, tarte batez Atom Rhumba taldeko gitarra jole izateko eta Joseba Irazoki eta Lagunak izenpean bere rock alderdia guztiz askatu eta sendotu eta bide batez eta hein batetan, publiko arrakasta aipagarria lortzeko. Irazokiren filosofia pertsonalaren isla ere bada hau guztia. Musika da bere bizia eta musikari eskaini nahi dio bere lana, etengabe arakatuz, ikasiz, partekatuz eta gozatuz.
Paraleloan, 2005ean Do izenez plazaratu zuen Tokian Tokiko abstrakzio instrumental delikatu txikien bilduma hartan eta zuzenean ematen zituen inprobisazio askeko saio ziztagarri haietan hasi eta gaur arte datorren ildo guztiz pertsonal eta intimoago bat marrazten joan da Irazoki, eta Gitarra onomatopeikoa serie osoa horren lagin bikaina da. «Musikari bezala nire senari jarraitzea gustatzen zait, inprobisazioa dut gogoko, eta gauzak perfektuak ez izatea ere», zioen Irazokik 2021eko elkarrizketa batean, eta hor datza seriearen funtsa, aurretiko baldintza, lege edo mugarik gabe, bakardade aske osoan, senari entzun, gitarra eta gorputza batu eta biei espresatzen uztea. Serieko diskoetan barreiatzen diren doinuetan, musikari trebea eta aldi berean, entzule kurioso eta aseezina nabari dezakegu. John Fahey eta Robbie Basho-tik, Derek Bailey edota Josh Abrams-era milaka dira burura datozkigun erreferentziak.
2017an eman zion hasiera serieari, Mascarpone diskoetxeak plazaratutako kasete batean. Gitarra soilez, etxean eta Gasteizko Zas estudioetan grabatutako zortzi inprobisazio aldrebes bezain liluragarri batu zituen. Zazpi urteren ondoren, bigarren bilduma oparitu zigun; lehena baino zabal, anitz eta sendoagoa. Instant composition teknika berri batekin mimo handiz landutako 23 doinu bildu zituen bertan.
Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II, 2024) Hegoa diskoetxeak eta Londresko Cafe Oto ospetsuak —bere Otoroku zigiluaren bitartez— plazaratu zuten, biniloan eta CD formatuan. Ezbairik gabe, argitaratze honek ate berriak ireki dizkio Josebari, bai edukiaren aberastasunaren aldetik baita bere lanak munduan, musika esperimentalen eremu mugatuan baldin bada ere, eman dion (ondo merezitako) oihartzun eta irismenagatik ere. Rapahel Roginski gitarra jole poloniarrak eta Rhodri Davies harpa jole britaniarrak kolaboratzen dute diskoan, eta haiei esker kontzertu bat eman zuen 2025eko apirilean Cafe Oton —Europan inprobisazio eta esperimentazio musikalean diharduen areto eta sinbolo errespetatuena da beharbada—. Bertan grabatutakoa da Gitarra Onomatopeikoa III (Mascarpone 2025) bilduma ixten duen doinua. Ertz jaialditik Cafe Otora, hogei urteko ibilbide bikain baten borobiltze ezin egokiagoa.
Baina Irazokik ez du hemen gelditzeko inongo asmorik eta berehala laugarren (eta momentuz, azken) kapitulu bat atondu du, bere senari eta kuriostasun horri jarraituz beti. Gitarra Onomatopeikoa IV Mascarpone diskoetxeak kaleratuko du aurki eta kasu honetan formatua erabat aldatzen da. Diskoa motzagoa da —bost abesti baino ez—eta, are garrantzitsuago, ahotsezko kolaborazioak barne hartzen ditu doinu guzietan: Niño de Elche, Elena Setién, Ihitz Iriart, Verde Prato eta Carlos Jimena hain zuzen ere. Flamenko kutsutik zuberotar pastoraletara eta distortsio zaratatsuen ekaitzaren erdian sumatu daitezkeen ahots zerutiar delikatuetara. Doinu motzak, argazki lauso iradokitzaileak, askoz handiagoa izan daitekeen beste izakin musikal baten lehen seinaleen modura. Zentzu horretan, Gitarra Onomatopeikoa IV serie baten amaiera den ala beste baten ataria den ez dago garbi. Irazoki ezagututa, bigarrena izango delakoan gaude.