'Izena eta izana'
Egilea: Jon Gerediaga. Argitaletxea: Pamiela.
2024ko Euskadi Saria irabazi zuen Jon Gerediagak Zeru-lurren liburua poema liburuarekin. Ibilbide trinko eta apal bati egindako aitortza ere izan zen saria, jadanik luze samarra baita Gerediagaren obra. Antzerki lanak alde batera utzita, zazpi poema liburu kaleratuta, unibertso koherente eta osoa sortzea lortu du poetak. Unibertso horren zio eta arrazoiak dakartza, neurri batean, Izena eta izana izeneko saiakera honetan. Alabaina, eta bertan aipatutakoek bere obra ulertzeko gakoak ematen badituzte ere, hori baino zabalagoa da liburuaren gaia. Hitz poetikoaren gertakizunaz mintzo da Gerediaga.
Ez dira gutxi izan poesiaren nolakotasunaz hitz egitera ausartu diren poetak. Beharbada poesiaren izaera funtsezko eta konplexuak hartaratuta, poeta ugarik plazaratu dute beren poesiaren ikuspuntu teorikoa, beren poetika. Batzuek, bere obraren arrazoiei ez ezik, fenomeno poetikoaren nondik norakoei ere heldu diete, hala nola Octavio Pazek El arco y la lira liburuan. Poeten ekarpen teoriko horiek ez dute izaten lan akademikoen zurruntasunik, akademiak ezarritako gerruntzeen arrastorik. Aitzitik, prosa arineko lanak izan ohi dira, txinparta poetiko askokoak. Akaso, Gerediagak zehaztu bezala, ez dago hitz poetikoaz aritzeko beste modurik kutsu poetikoko idazkeraz baino. Edukiak forma baldintzatzen du ezinbestean, are gehiago egilea bera poeta denean. Gerediaga belarrira xuxurlaka bezala ariko da hitz poetikoaren definizio eta ezaugarriez.
Mundua, «zeru-lurrak» izendatzea da poesia. Izen sakratu berriak aurkitzea, alegia. «Izena duen guztia omen da» euskal mitologiako esaera zaharretik abiatuta, izendatzea izana ematea dela dio Gerediagak. Poesia, hortaz, mundua geure egiteko modua litzateke. Kaosa ordenatzea, mundua etxekotzea eta hura bizigarri egitea dira bere helburu behinenak, autorearen esanetan. Edozelako helbururik aitortu ahal bazaizkio, behintzat, arrazoi utilitaristaren kontra azaltzen baita, sutsuki, Gerediaga. Nuccio Ordinerekin bat eginez, «garai hipermodernoetan» erabilgarritzat hartzen ez den hori da, hain zuzen, funtsezkoena. Hala, arrazoi poetikoa gailentzen zaio arrazoi erabilgarriari, hark ematen baitigu munduan leku bat egiteko aukera, natura eta zeru-lurrak iraunarazteko modua.
Hitz poetikoari buruzko azalpenaren ildoetan, tradizio poetiko jakin bat lotzen zaio Gerediaga. Isilunetik eta funtsetik sortutako poesia aldezten du. Aitortutako maisu-maistren artean, Friederich Hölderlin poeta alemana nabarmentzen da, baita Rainer Maria Rilke ere. Poeta horientzat ere izaera sakratua zuen poesiak, naturarekin zein espiritualitatearekin harremantzako otoitza. Inguratzen gaituen errealitate eragabea izendatuz eta hura hitzen bitartez ordenatuz, bizitza erneago bat bizi du poetak. Literaturaren autonomiaren alde ageri da Gerediaga, utilitarismoa alboratu eta izaera existentzial eta funtsezkoa aitortzen dion neurrian. Hala ere, kutsu suprapolitiko bat igartzen da liburuan. Poesia natura iraunarazteko tresna dela dionean, argia da ildo ekologista, jakina, naturaren goraipatzean bezala gizakiaren eta berorren harremanaz aritzerakoan. Baina gainetik sentipen existentzialagoa dago. Adimen artifizialaren eta pantailen burbuilaren garai nekatu eta agonikoetan, kapitalismo automatizatuaren aroan, gizakia bera salbatzeko ideia antzematen da Jon Gerediagaren lanean. Lescauxeko margoei begira jarri eta harritzeko gaitasuna berreskuratzekoa. Gizakia gizaki egin duen hori eskapatzen ez uzteko asmo irmoa.