Bizirik irauteko eta bizitzeko beste gizakien beharra duen izakia da gizakia. Indibidualismoarentzako tokirik ez da, beraz. Ideia hori islatu nahi izan du Alicia Oses artistak bere lanetan: hurkoaren beharra. Grabatu, eskultura, marrazki eta koadro erakusketa abuztuaren 26ra arte ikusi ahal izango da, Iruñeko Ziudadelako armen aretoan. Elkartasunez bizitzeko bi baldintza bete behar ditu gizakiak. Batetik, armonia behar du. Bestetik, naturarekin erlazionatu beharra dauka. Ondorioz, ama lurrak presentzia handia du Osesen sorkuntza artistiko guztietan.
Erakusketa aretora sartu, eta berehala ikusten da obrek ez dutela jarraitzen egitura narratibo bakarra. Ezker aldean, pertsonen irudiak, definituta, koloretsu eta alai. Osesen autoerretratuak dira, edo haren familiako kideei egindakoak. Eskuin aldean, berriz, gizateriaren irudiak. Beste egitura narratibo oso bat. Gizateria erretratatzen duten koadroak ere bi multzotan daude banatuta: sarrerako partean, ikuspegi positiboa dutenak, eta bukaeran, koadro ilunagoak, ezkorragoak.
Osesen esanetan, bere sorkuntzetan indibidualtasuna desagertu egiten da; hori dela eta, gizateria da bizitzaren protagonista bakarra. Gizatasunez jokatzen duen gizateria, alegia. Francisco Zubiaur Carreño historialariak Osesen obraren azterketa egin du. Haren irudiko, gizabanakoen arteko elkartasuna islatu nahi izan du artistak. Horregatik dira mihisetako pertsonak identifika ezinak; ezin da ezberdindu pertsonak gizonak edo emakumeak diren, ezta zein gizarte mailatakoak diren ere, biluzik daudelako. «Dominatzaile eta dominatu rolak desagertu egiten dira koadroetan», dio Zubiaurrek.
Ametsetako mundu bat
Osesen lanek ez dute izenbururik, finean koadro guztiek kontzeptu beraren inguruko batasuna dutelako: gizateria. Lanetako batek ongi adierazten du mezuaren muina. Oihalean, zerua azaltzen da, zeru urdina, hodeirik gabekoa, eta grabitaterik ez balego bezala, gizakiak hegan azaltzen dira. Tamaina eta gorputz ezberdinetako gizakiak, pisurik gabe, zeruan, bueltaka. Batzuk hirunaka, besteak bosnaka, eta bakarrik ere azaltzen da bakarren bat; elkar laguntzen denak. Zubiaurrek dioenez, Osesen obra «oso surrealista» da, eta «subkontzientearen, ametsen eta fantasien mundua» azaltzen du.
Egilearen lanek beste berezkotasun bat dute: naturarekiko miresmena. «Entzuten ditut txorien kantuak, ibaiaren soinua, itsasoaren mugimendu erritmiko etengabeak... Saiatzen naiz lotura momentu horiek harrapatzen eta mihisera eramaten», adierazi du Osesek. Ibaia, itsasoa, belardi berde biziak, zerua, hodeiak eta eguzkia. Haren obretan etengabe errepikatzen diren elementuak dira. Adibidez, izenik gabeko koadroetako batean, bi pertsona azaltzen dira, muino baten goiko aldetik mendilerroz inguraturiko laku bati begira, zeru urdina hondoan. Naturaren handitasuna islatu nahi izan du artistak.
Gizateriaren gizatasunik eza
Erakusketaren parte batean, ordea, gizakia ez da hain modu positiboan islatzen. Bukaeran dagoen partean. Koadro ilunek osatzen dutenean. Bertan, pertsonak elkar zapaltzen azaltzen dira. Oinazea eta zapalkuntza dira argirik gabeko oleo horien ezaugarriak. Adibidez, horietako batean gizaki multzo bat azaltzen da, infiniturantz erortzen; amildegi baterantz jausten dira. Nartzisismoa kritikatzen du Osesek bere lanetan. «Besteekiko ditugun jarrerak ezbaian jartzera bultzatzen gaituen erakusketaren partea da», adierazi du Zubiaur historialariak. Helburu «morala» dauka obrak.
Gizakiak gizakia besarkatu du
Alicia Oses artistaren grabatuak, eskulturak eta koadroak jarri dituzte ikusgai Iruñeko Ziudadelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu