Gizartea interpelatu zuen artea

1950. eta 2000. urteen artean euskal arte garaikideak eginiko bidea errepasatu du Gasteizko Artium museoak. Bildumako lanekin osatu dute erakusketa, narratiba berriak sortuz. Ez du amaiera datarik

2. Belaunaldi berriak. 90eko hamarkadako artistek txoko bat dute erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Euskal arte garaikideak XX. mendearen amaieran egindako bidea du aztergai Gasteizko Artium museoaren erakusketa berriak. Zehazki, 1950. eta 2000. urteen artean garatu ziren praktika artistikoen eta gertakari sozialen arteko lotura du hizpide Bilduma Hau. Oinarrizko mugimenduak(1950-2000) izeneko erakusketak. Garai hartako testuinguruak artean izan zuen eraginaz hausnartu asmo du, eta gizartearen nahiz arte mugimenduen arteko harremanean sakondu. Eskulturak, margolanak, argazkiak, bideoak, afixak... Denera, ia berrehun obra daude ikusgai gaurtik aurrera museoaren areto nagusian, eta amaiera datarik gabe oraingoz.

2020ko otsailean zabaldu zuen museoak Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian izeneko erakusketa, zeinak 1977tik 2002rainoko tartean Euskal Herrian garatu ziren praktika artistikoak gertakari historikoekin erlazionatzea zuen xede. Museoaren funtsekin osatu zuten erakusketa hura ere, eta, orain, «berrantolatu» egin dute, «beste narratiba batzuk sortzeko», Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu duenez.

Kasu honetan, hamarkadaz hamarkadako bidea egiten duen kronologia bat eraikitzen du erakusketak, garaian garaiko artistekin eta artelanekin. Baina arreta berezia jartzen die artearen esparruan izan ziren «gertakari garrantzitsu» batzuei. Herraez bera arduratu da komisario lanak egiteaz, Enrique Martinez Goikoetxea, Elena Roseras, Sergio Rubira eta Thomas Boutouxekin batera.

Izen handiko artisten lanak ikus daitezke erakusketan: Mari Paz Jimenez, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Agustin Ibarrola, Esther Ferrer, Jose Luis Zumeta, Mari Puri Herrero, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga eta Txomin Badiolarenak, beste askoren artean.

Baita garaikideagoak diren artisten piezak ere, hala nola Itziar Okariz, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Elena Mendizabalenak. Obra horietako batzuk inoiz jendaurrean erakutsi gabekoak dira, gainera.

Kronologia zatikatua

Zeru bat, hamaika bide erakusketa ez bezala —areto handi bakar batean pilatzen ziren obrak orduan—, hainbat aretotan banatuta dago erakusketa oraingoan, eta ikusleak kasik kronologiari jarraituz egin dezake bidea, nahiz eta erakusketaren helburua hori ez izan. Edonola ere, hari hori «hautsi» egiten da aldian-aldian, erakusketan tartekatu egiten baitira garaiko artisten obrak eta haiei keinu egiten dieten gaur egungo artisten lanak. Jolas hori da, hain justu, beste berritasunetako bat.

1950. urtea da abiapuntua. Ez da ausaz aukeratutako urtea. Izan ere, alde batetik, euskal arte garaikidearentzat inflexio puntua markatu zuen Arantzazuko santutegia berritzeko proiektua hasi zen urte hartan. Eta, beste alde batetik, zenbait euskal artistaren «joan-etorri garrantzitsuak» ere izan ziren urte haren bueltan. Esate baterako, 1936ko gerratik nahiz Bigarren Mundu Gerratik ihesi Latinoamerikara erbesteratu ziren Mari Paz Jimenezek, Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten; 1945ean, 1948an eta 1952an, hurrenez hurren. Horrez gain, lan arrazoiak tarteko, Eduardo Txillida ere Parisera lekualdatu zen garai berean.

Hain zuzen ere, lau artista horien obrak ikus daitezke erakusketaren hasieran: Jimenezen Gitanas (1950) eta Basterretxearen Inquisidor (1957) margolanak, eta Oteizak Arantzazurako egin zituen apostoluen askotariko eskulturak, besteak beste. Eta horiei aurrez aurre begiratzen die Itziar Okarizen Las estatuas (2018) performacearen bideoak.

Bigarren atalean, 1960ko hamarkadan erlijio arkitekturak izan zuen eraldaketa hartu dute hizpide; besteak beste, Luis Peña Gantxegik Gasteizko San Frantzisko elizarako egin zuen diseinua ardatz hartuta. Izan ere, praktika artistikoen eta gizarte mugimenduen arteko gurutzaketan garrantzi handia izan zuen elizaren «irekitze» hark.

Baita zenbait artistak eta idazlek erakutsi zuten konpromiso politikoak ere. Horren adibide dira, hain zuzen ere, Agustin Ibarrola eta Mari Dapena Estampa Popular talde artistiko antifrankistako kideen artelanak, eta Gabriel Arestiren, Blas de Oteroren eta Gabriel Zelaiaren olerkiak.

Era berean, hamarkada horietan ekoitzitako euskal arteak erreferentziazko erakusketetan izan zuen lekua ere aztergai du bildumak: Sao Pauloko eta Veneziako Biurtekoak edota Iruñeko Topaketak dira horren erakusgarri. Baita 1964ko Kasseleko Documenta topaketak ere. Atal horretan aurki daitezke, besteak beste, Dionisio Blancok margotu zuen El proceso de Burgos (1970-1971) margolana, eta Remigio Mendibururen Zugar (1969-1970) eskultura.

Espazio bana eskaini diete erakusketan, halaber, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egin ziren jardunaldi eta erakusketa feministei, Juan Antonio Sistiagaren eta Esther Ferrerren esperientzia pedagogikoei, eta Euskal Eskolaren eta Euskal Artisten Elkartearen sorrerei. Izan ere, Artiumek azken urteetan izan dituen ikerketa ildoak eta azterketa kasuak dira.

Horien testuinguruan ikus daitezke, bada, Cristina Iglesiasen, Rafael Balerdiren, Amable Ariasen, Carmelo Ortiz de Elgearen, Marta Cardenasen, Maria Luisa Fernandezen, Vicente Ameztoiren, Angel Badosen eta CVA (Comite de Vigilancia Artistica) kolektiboaren lanak. Baita artista horien lanei keinu egiten dieten pieza batzuk ere, Elena Mendizabal, Elena Asins edota Ibon Aranberrirenak. Azken hori da aurreko erakusketatik lekuz aldatu ez duten bakarra.

Azkenik, 1990eko hamarkadak praktika artistikoa ulertzeko moduan ekarritako aldaketan ere jartzen du arreta erakusketak. Izan ere, 80ko hamarraldiko irudi garbiak, zeinuak eta testuak maiz ulertzen ere zailak diren praktikekin ordezkatu zituzten artista belaunaldi berriek: keinuekin, ekintzekin eta performancearekin, batez ere. Itziar Okariz, Eduardo Sourrouille, Ana Laura Alaez, Estibaliz Sadaba, Gema Intxausti eta Ion Munduate dira trantsizio horren ordezkariak erakusketan.

Dokumentazioa eskuragai

Erakusketaren inguruan, dokumentazio zabala bildu dute arduradunek, bilduman aztergai diren une edo gertaera historikoetan sakondu eta praktika artistiko garaikideak «hobeto ulertzen laguntzeko». Izan ere, Artiumen helburua da «ikerketa, eztabaida eta pentsamendua» sustatzea material horrekin, Elena Roseras museoko dokumentazio arduradunak azaldu duenez.

Bada, azken urtean jaso, antolatu eta katalogatu duten material hori webgunean jarriko dute, gainerako dokumentazioarekin batera eskuragarri. Aleetako batzuk erakusketan ere ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.