Zinema

Gizatasuna ardatz duen zinemaldia

Emir Kusturicak abian jarritako Kustendorfeko jaialdiak gizartean eta munduan puri-purian dauden gaiei heldu die bere XVII. ekitaldian.

Emir Kusturica zinemagilea
Emir Kusturica, jaialdiaren emanaldi batean. F. CARRION
2024ko otsailaren 11
05:45
Entzun

Mecavniken (Egurrezko hiria) sartzea mirarien herrialdean sartzea bezalakoa da. Herrixka Serbiako mendien erdian dago, Bosniako mugan. Emir Kusturicak Zivot je cudo (Bizitza mirari bat da) filmerako eraiki ondoren, gaur egun herrixka horretan bizitzea aukeratu du zinemagileak, eta han ospatzen da haren seme-alabetako beste bat, Kustendorfeko jaialdia.

Ospatu berri dena happening baten XVII. aldia izan da, eta ez da soilik zinema lehenetsi duen festibala izan, baizik eta —testuinguru informal eta abegikorrari esker— jaialdi batean baino, mendian lagun talde batekin zaudela —hori bai, baldintza teknologiko onenekin— pentsatzera eramaten duen topaketa bat.

Bost egunez errutina bat ezartzen da jaialdiko gonbidatuen artean. Hainbat kultura eta hizkuntza biltzen dituen hiri baten edertasuna islatzen du festibalak, zeinetan haria gizatasuna den; pertsonen istorioak, emozioak, hauskortasuna, borrokak erreproduzitzen baitira Stanley Kubrick eta Lorategi Madarikatua izeneko aretoetako pantaila handietan —Ivo Andric idazle bosniarraren eleberri baten izenburua da azken hori—.

Film eta film artean, ibilaldi bat elurrez estalitako kalexka eta plazatxoen isiltasunean —Abbas Kiarostami, Bruce Lee, Che Guevara, Jean Vigo, Bergman, Fellini... deitzen direnak—. Bazkari kolektibo alai eta zaratatsua La dolce Vita etxearen ondoan dagoen Luchino Visconti jatetxean —txakurtxo eta katuz betea, zeinak pertsonen espazio berean dauden—, eta zinemara buelta. Aukeraketa oso ondo kalibratuta dago: lehiaketan dauden film laburrak zuzendari gazteenenak dira, «lehengaia», Kusturicak deitzen dien bezala. «Gizatasun zentzu sakon batetik» datozen filmak dira, oraindik «ekoizle handiekin eztabaidatu» ez dutenak, bestela ez baitzuten argia ikusiko.

Gazteen ondoan beteranoagoak diren batzuen filmak ere badaude, zeinak migrazioari, gerrari, identitateari, zatiketari, ingurumen esplotazioari eta abarrei buruzko istorioak kontatzen dituzten.

Eta, gero, Joera Garaikideak saileko filmak daude, migrazioari eta gerrari buruzko istorioak kontatzen dituztenak horiek ere, baina bestearen ikuspuntutik, Matteo Garrone italiarraren Io, Capitano, kasu, jaialdiaren aldi hau ireki zuena —2023ko Veneziako Zinemaldiko Zilarrezko Lehoia irabazi zuen—. Edo Disco Boy —Zilarrezko Hartza, Berlinalen—, beste italiar batena, Giacomo Abbruzzeserena. Hamar urte luzeko lana izan da, baliabide askorik gabe baina erabakitasunez egindakoa; izan ere, BERRIAri esan dionez, «gerrako filmetan bestea minutu batez baino ez da existitzen, biktima edo etsai gisa, eta inoiz ez da erabat existitzen bere duintasun emozionalarekin eta bere historiarekin. Eman egin nahi nizkion, eta adierazi nahi nuen norabide bakarreko narratibaz betetako mundu batean zinemaren boterea begiradak aurkitzen jakitean datzala».

Vladimir Perisicek, Lost Country-rekin, ikusleak atzera eramaten ditu, 1996ko Serbiara, Jugoslavia desegin zuen gerra suntsitzailearen ondorengo garaira. Minez eta zauriz betetako filma da.

Nortasunaren gaia Luka Popadi serbiar zuzendari gazte eta suitzar armadako ofizialak landu du. Dokumental bat egin du (My Swiss Army), eta haren lankide militarrak —bigarren belaunaldiko migratzaileak— ditu protagonista. Galdera asko sortzen dituen film bat da, batez ere gizarte benetan multikulturalen alde lan egiteko gai izan ez den ezkerrari zuzendutakoak. Izan ere, askorentzat, armadan sartzea «suitzar identitatearen» parte direla frogatzeko modua da.

Oso poetikoa, argazki ikusgarria duena da Iliya Zheltyakov zuzendariaren The last motorship. Romanek Errusiako txoko urrun batean birraitonen etxea aurkitzeko egindako bidaia kontatzen du dokumentalak. Errusiako Kultura Ministerioa babesleen artean dagoenez, dokumentala ez dute Europako jaialdi batean ere eman. Eta horrek ere pentsarazten du.

Gazteenen artean, aipatzekoak dira Finlandian errotutako Jelica Jerini serbiarraren film laburra, Duck Roast, migratzaileek beste herrialde batzuetan dituzten zailtasunei buruzkoa; Savva Dolomanov errusiarraren Silhouette, etxeko indarkeriaren gaia jorratzen duena; eta Sandra Ovila Leon mexikarraren Hikuri, multinazionalek huitxoleen komunitate indigenetan garatzen duten esplotazioari buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.