Emir Kusturica: «Zinema komertzialak munduko herritar izateko era jakin bat sortzen du, ezerezean oinarritua»

Zinemagile bosniar ezagunak Kustendorf musika eta zinema jaialdia zuzentzen du, berak sortutako Mecavnik hirian, Serbian. Dostoievskiren obran oinarritutako film baten proiektua garatzen ari da orain.

Emir Kusturica zinemagilea
Emir Kusturica zinemagilea. F. CARRION
Mecavnik
2024ko otsailaren 11
06:00
Entzun

Zinemagilea, aktorea, musikaria eta idazlea da Emir Kusturica, eta Sarajevon jaio zen, 1954an. Besteak beste, Otac na sluzbenom putu (Aita negozio bidaian dago), Dom za vesanje (Zintzilikatzeko etxea), Underground eta Crna macka, beli macor (Katu beltza, katu zuria) film ahaztezinen egilea da, eta berak proiektatu eta eraikitako Mecavnik hirian (egurrezko hiria) duen estudioan hartu du BERRIA. Duela hamazazpi urtetik hona, Kustendorf musika eta zinema jaialdia ere antolatzen dute han.

Zuk zeuk eraikitako herrian gaude. Hemen bizi zara, eta hemen egiten da zure jaialdia. Nola ikusten duzu mundua hemendik?

Bizitoki duzun herria greziarren antzinako parametroen arabera eraikita badago, alegia, anfiteatro bat, agora bat, bisitarientzako etxe bat eta baldintza teknikorik onenak eskaintzen dituzten hiru zinema baditu, oso zoriontsu zara. Aktoreentzat eszenatokia zer den, bada horixe dira proiekzioak zinemagile batentzat, eta horregatik pentsatu nuen jaialdi honek proiekzio baldintzarik onenak izan behar zituela. Bide batez, gure filmen proiekziorik onenak Kuban egin ziren, Habanako jaialdian.

Munduari hemendik begiratzen diodanean, bigarren eskuko etxez ez ezik, pelikulak ikusteko baldintza perfektuak betetzen dituzten zinemaz inguratuta ere banago, eta hor kanpoko munduan ez da halakorik gertatzen.

Herriko alkatea bazina bezala da...

Bai, oso eroso nago, norbait gustuko ez badut bota egin baitezaket hemendik. Normalean, hiri batera joan eta norbait iraintzen baduzu edo gaizki portatzen bazara, inork ezin dizu ezer esan, baina, hemen gaizki portatuz gero, nik esan diezazuket «alde eta ez itzuli sekula!». Herriko alkate naizen neurrian, beti esan dezaket zerbait falta dela. Hiri baten bertsio txikia da leku hau, eta gezurtatu egiten du mundua gainpopulatuta dagoela dioen bertsioa. Hona iristen zarenean, espazioaren zentzua zeureganatzen duzu, hirigune baten ezaugarriak ditu, baina, era berean, ez dago ezin mugituz ibiltzeko bezainbeste jende.

Proiekzio baldintzak dira jaialdiaren lehentasuna.

Zinemaren garapen teknologikoak aukera ematen du filmak modu askotara eta tresna askoren bidez ikusteko, sakelako batekin edo tableta batekin, esaterako, eta noiznahi, gainera. Baina arazoa da benetako zinema benetan preziatu ahal izateko ezinbestekoa dela bestela ikustea. Pelikula baten botere emozionala sentitzeko, zinemara joan behar duzu. Horregatik eraiki ditugu pantaila handi horiek hemen.

«Pelikula baten botere emozionala sentitzeko, zinemara joan behar duzu. Horregatik eraiki ditugu pantaila handi horiek hemen».

Kontua da materiala ia argirik gabe erakutsi dezakezula; orain egiten diren pelikula gehienek ideia hori dute oinarrian, eta tonto xamarra ere bada, zeren eta zinema lehengo gauza bera da oraindik ere: enkoadratzea, eszenak, sekuentziak... Unitate horietako bakoitza indarrez erakutsi behar duzu. Eta hori indarrez erakutsi nahi baduzu argi naturalarekin, filmatzen hasten zarenean dagoen argia da hori. Intentsitatea gehitu nahi badiozu, argi konbinazioak beharko dituzu sekuentzia, eszena eta filmatze indartsu baterako. Giuseppe Rotunno Federico Felliniren argazki zuzendari izandakoaren lana aztertuz gero, edo Fellinirenak, ez dut uste inolako zalantzarik egon daitekeenik argiaren garrantziari eta kalitateari buruz. Talde guztiak egiten du lan betirako izugarri indartsua den hori pantailara eramateko.

Jaialdi honetan eman diren filmak jaialdi gehienetan ematen direnez oso bestelakoak dira.

Nire alaba Nanak eta Marko Milosavljevic-ek egiten dute hautaketa. Hainbeste urteren ondoren, jendeak badaki zer jaialditara datorren. Beti egiten dugu gazteen alde, zeren eta, gazteak tartean badaude, ziur egon zaitezke istorio eta ikuspegi interesgarriak aurkezten saiatuko direla. Abantaila hori dugu: boladarik onenean hartzen du jendea, akaso; hau da, oraindik zinemaz askorik ez jakin arren, emozio indartsuak transmititzen dakitenean, nahiz eta horrek ez duen esan nahi berehalako arrakasta izango dutenik alor komertzialarekin, produkzioarekin eta besterekin borroka egiteko garaian. Jendea duin eta errespetuz tratatzen dutela sentitzen laguntzen dizun plataforma bat baldin baduzu, garrantzitsuena ez da irabaztea, baizik eta zure pelikulak baldintzarik onenetan erakustea.

Emir Kusturica zinemagilea
Emir Kusturica zinemagilea, Kundestorfeko jaialdian. DJORDJE KOJADINOVIC

Jaialdi honen indarra hona lehenengoz etortzen direnen indar hori da, beren emozioak pantailara filtrorik gabe eramaten dituztenean azaleratzen dena. Ez da aurrez prestatutako zerbait, baizik eta egin behar dutela sentitzen eta sinisten duten zerbait. Gizatasun sakon batetik eratorriak dira hemen erakusten diren pelikulak.

Hasieran, Cannesko, Veneziako eta beste jaialdi batzuetako sail apaletarako aurrehautaketan egondako filmak jasotzen genituen, baina, orain, gazteek zuzenean bidaltzen dizkigute beren lanak, etorkizunerako zortea emango bagenie bezala. Egiten dugun guztia ikasleen alde egiten dugulako lortu dugu jaialdia, urteekin, leku duin bat izan dadin; besteak beste, ikasleek aukera baitute eskolak hartzeko joera garaikideei eskainitako atalean dauden zinemagile handi horiekin eta haien aholkuak jasotzeko.

Jaialdiak filosofia ez-globala duela esango zenuke?

Merkatuaren ugaritzearen erakusgarri da zinema globala: zinema aretoetan astebete baino gehiago ematen ez duten milaka film daude. Gaur egun, munduko herritar izateko era jakin bat sortzen dute, ezerezean oinarritua: korporazioen boterea hori da. Zinema global horrek ez du adierazten, hemen gertatzen dela ikusi ahal izan duzunaren kontrara, kokapen historiko, existentzial edota bestelako giza esperientziarik; izan ere, Matrix bezalako robotek egingo dutena erakusten dizu, baina ez dizu aukerarik ematen gizateriarentzako esperantzaren ateak nola zabal daitezkeen sentitzeko. Ez dute esperantzarik nahi, saldu egin nahi dute. Ez dute nahi jendea galderak egiten has dadin, gauzak aldarazi baititzake horrek, eta ez dute nahi gauzak aldatzen hasi eta hobeki bizitzen has daitezen.

Baduzu film proiekturik esku artean?

Bai, aurten zinemara itzuli naiz. Dostoievskiren bi eleberritan oinarritutako gidoi bat amaitzen ari naiz: Krimena eta zigorra eta Idiota ditu oinarri. Hiltzaile bat sortu dugu, maitasunagatik hiltzen duen mutiko naif bat, baina dirua irabazteko eta anaiarentzako sendagaiak lortzeko dirua bildu ahal izateko prostituitzen den emakume bat da benetako heroia. Krimena da behin-behineko titulua, ez Zigorra.

Sarajevo da zure sorterria, baina inoiz ez zara itzuli.

Ez nintzen itzuli, hobe baita oroitzapenekin bizitzea. Memoria ederragoa da errealitatea baino. Ez dut Jugoslaviaren falta sumatzen, ez baitzuten maite, baina gaur egun errepublika txiki bakoitza lehen baino okerrago bizi da, zailtasun askori aurre egin behar diete, eta horrek esan nahi du noizbait gerra izango dela berriz. Nazio bat irauteko borrokan badago, azkenean soluzioren bat bilatzen hasiko da. Ivo Andricek bi mundu gerrak bizi izan zituen, eta zera zioen: «Sekula ez dugu arazorik konpontzen gerrarekin, eta sekula ez genuen ulertu zehazki zergatik joan ginen gerrara, baina, gerra horrekin, beste arazo batzuk sortu genituen, eta horiek beste gerra batekin konpontzen saiatuko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.