«Gizatasunaren ertzik abisal eta animalienaren bila jo dut, eta, era berean, gizakiak duen alderdi magiko eta jainkotiarra ere landu dut, eta, hain zuzen, bi esparru horien arteko topaketak eta solasaldiak izan dira nire bide orria». Mugetaraino egindako bidaia baten gisa deskribatu du bere bilaketa piktorikoa Jesus Jauregi artistak (Bilbo, 1957), eta, zehaztu duenez, neofigurazioa izan du horretarako baliabide estetiko nagusia. Guztira, giza figura tormentatuak irudikatzen dituzten formatu handiko hamalau margolan bildu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Bizkaia aretoko Txillida gunean, baina, dioenez, intuizioa izan du haietaraino heltzeko «brujula bakarra». Anthropos izendatu du erakusketa, eta maiatzaren 7ra arte egongo da bertan ikusgai.
Kolore ilun eta apalak dira nagusi lanetan, eta giza figura hezurtsuak irudikatzen dituzte margolan batzuek. Horrez gainera, badira animalia itxura hartzen duten pertsonak, aho itxurako irudi batzuen mehatxupean bihurritutako giza gorputz bat, eta are baita mahai moduko baten gainean dabilen intsektu gisako izaki gorrixka bat ere, hamaika zango eta giza burua dituena. «Ez da atsegin emateko sortutako lan bat», azaldu du artistak, «ez eta azken joerak asebetetzeko sortutakoa ere; beharrizan pertsonal baten alde egindako apustu zintzo bat izan da, besterik gabe».
«Gizatasunaren ertzik abisal eta animalienaren bila jo dut, eta, era berean, gizakiak duen alderdi magiko eta jainkotiarra ere landu dut, eta, hain zuzen, bi esparru horien arteko topaketak eta solasaldiak izan dira nire bide orria»
JESUS JAUREGI Artista
Bi metro pasako altuera dute lanek, eta, horregatik, eskalari arreta berezia jarri behar izan diola onartu du Jauregik, eta lagun izan zuen Jorge Oteiza artistak aipatutako esaldi bat hartu du gogoan, hura definitzeko: «Sakristia puztu bat eta katedral bat ez dira gauza bera».
Bertikalak dira areto barruko hamabi margolanak, baina bi horizontal ere zintzilikatu dituzte kanpoan. Ametsa izeneko koadroa da haietako bat. Karratua da lana, eta giza figura lanbrotsu baten erretratuak hartzen du ia konposizio osoa. Ahaztutako emakumea deitzen da aretoaren kanpoaldeko beste margolana, eta laukizuzen luzanga bat da obra hori. Bertan, kopa bat edaten ari den emakume baten figura da margolanean nabarmentzen den irudi bakarra, margolanaren ezkerreko ertzean zokoratuta.

Jauregik zehaztu duenez, benetako jendea dute oinarri margolanetako batzuek. «Abandonatutako jendea», zehaztu du. Hori da aretoaren hormetako batean zintzilikatutako hiru giza irudien kasua, esaterako. Aho beteko irribarre artegagarrian bi hortz baino ez dituen gizon ihar baten figura irudikatzen du erdiko lanak, esaterako. «Erabat desjabetutako jendearen aurpegiak dira».
Jauregik 1977an hasi zituen ikasketak EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta harreman estua izan zuen Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistekin. Hain zuzen ere, Kolon aurreko Amerikako kulturei buruzko dokumental sorta bat ere sortu zuen Basterretxearekin batera ETB2 katerako, eta Basterretxeari artzainen omenezko monumentua eraikitzen ere lagundu zion Renon (AEB).
Mexikoko artea
Gaur egun Euskal Herrian bizi da Jauregi, baina hainbat hamarkada eman ditu Mexikon, eta oraindik ere maiz egin ohi du harako joan-etorria. Eta, azaldu duenez, Mexikoko artearen eragina ere igar daiteke Bilbon ikusgai dituen lanetan. «Hori da nire figurazio magikoaren oinarria», aitortu du.
Aurrez ere, hainbat pintura erakusketa egin izan ditu Euskal Herrian azken urteetan: Bilboko Lumbreras galerian izan zen 2015ean, esaterako, eta EHUko Bizkaia aretoko Txillida gunean bertan ere egon ziren haren beste lan batzuk ikusgai duela urte batzuk. Eta, iragarri duenez, orain Bilbon aurkeztutako lanez gainera, Barakaldoko Kultur Etxean (Bizkaia) grabatuz osatutako beste erakusketa bat ere izango du aste batzuk barru.
«Kontzeptuek gidatutako artearen aurka errebelatu beharra dago. Inpronta, arima da gakoa, eta hor dago arriskua. Kontzeptuak gidatuta aritzeak beti bultzatuko zaitu hasieratik espero zenuen zerbaitetarantz»
JESUS JAUREGI Artista
«Justu hemen ikus daitekeenaren kontrakoa dira lan horiek», azaldu du. «Oso lan txikiak dira». Baina, onartu duenez, aurrez grabatu modura sortu zituen orain Bilbon formatu handiko margolan modura ikusgai jarri dituen lanetako asko ere. «45 urte daramatzat honetan lanean, eta formatu handia merezi dezakeen zainen bat topatzen dudanean bakarrik jotzen dut formatu horretara, ez lehenago. Grabatu txiki horietan eskala handiagoa eska dezakeen atmosfera, giro, gai edo zerbait topatutakoan egiten dut formatu handirako jauzia, baina ez sistematikoki».
Mesfidati mintzo da kontzeptuek zein pentsamenduak gidatutako arteari buruz. «Horren aurka errebelatu beharra dago. Inpronta, arima da gakoa, eta hor dago arriskua. Kontzeptuak gidatuta aritzeak beti bultzatuko zaitu hasieratik espero zenuen zerbaitetarantz».