Zinema estreinaldiak

Gizon arruntaren zoritxarrak

Kelly Reichardt zinemagile estatubatuarraren 'The Mastermind' filma Massachusettseko museo bateko artelan batzuk lapurtzen dituen gizon arrunt bati buruzko kontakizuna da.

'The Mastermind' filmaren fotograma bat. BERRIA
'The Mastermind' filmaren fotograma bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urriaren 29a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

1970. urtea da Massachusettseko hiri txiki batean, eta James eta haren familia Framinghameko arte museora joan dira bisitan. Jamesek arte ikasketak utzi zituen bere garaian, eta arotz bilakatu zen; bere emazte Terrirekin eta Tommy eta Carl semeekin bizi da. Museoan daudela, Terri banku batean eserita dago Tommyri komiki bat irakurtzen, eta Carl hitz eta pitz dabil. Jamesek arreta handiz begiratzen die Arthur Dove margolari abstraktuaren koadroei, eta, segurtasun kamerarik ez dagoen gelan, lokartzen ari den museoko langile bati ere begiratuko dio. 

Jamesek bere gurasoen beharra du: aitak, hiriko epaileak, nolabaiteko estatus soziala ematen dio, eta amak, berriz, inork ezagutzen ez duen proiektu berri bat finantzatzeko dirua jarri dio eskura. Bizimodu arrunteko gizon bat da, familia arrunt bat daukana, eta egunerokoak ekar ditzakeen gorabeherak. Jamesek, baina, badu zerbait buruan. Framinghameko arte museoaren segurtasun ahula dela egiaztatu ondoren, bi gizon kontratatu nahi ditu Arthur Doveren lau margolan lapurtzeko. 

Kelly Reichardt zinemagile estatubatuarrak kasualitatez irakurri zuen artikulu bat. Lapurreta batean nahastuta bukatu zuten nerabe batzuen istorioaren 50. urteurrenari buruzkoa zen. Neska haiek museo batean zeuden 70eko hamarkadan, eskolarako proiektu bat egiten, eta, ohartu gabe, museoko artelan batzuk lapurtzen ari ziren gizon batzuen bidean jarri ziren. Reichardtentzat, kontatu nahi zuen istorioa lantzeko hazi bat izan zen gertakizuna. The Mastermind Cannesko jaialdiaren azken aldi honetan aurkeztu zen.

Reichardt ezaguna da filmen generoekin jolas egiteagatik. Angelu berrietatik begiratzen die, ezarritako arauak deseraikitzen ditu, eta, azken finean, generoaren beraren aurka doazen filmak egiten ditu. Horrela, bere filmografian thrillerrei, road movie-i eta westernei buelta ematea lortu du. The Mastermind-ekin lapurreta filmen generoarekin ausartu da, geruzaz geruza deseraikiz, konbentzioz konbentzio hustuz. Vietnamgo gerraren aurkako protestei eta bere herrialdearen egoerari sorgor, bizitzak zerbait gehiago zor diola uste duen gizon arruntaren gorabeherak erakutsiko dizkigu Reichardtek, ikusgarritasunetik gutxi duen lapurreta bat aitzakia. Kritikak Josh O’Connor aktore ingelesaren lana goraipatu du, eta abilezia berezirik ez duen gizonaren desengainuak maisutasunez pantailaratu dituela aitortu dio.

'The Mastermind' 

Zuzendaria: Kelly Reichardt. Gidoilaria: Kelly Reichardt. Aktoreak: Josh O'Connor, Alana Haim, Hope Davis, Bill Camp, John Magaro. Argazkia: Christopher Blauvelt. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17615651487275) \'LOS TIGRES\'
'Los Tigres' filmaren fotograma bat. BERRIA

'Los Tigres' 

Zuzendaria: Alberto Rodriguez. Gidoilariak: Rafael Cobos, Alberto Rodriguez. Aktoreak: Antonio de la Torre, Barbara Lennie, Joaquin Nuñez, Skone. Argazkia: Pau Esteve Birba. Generoa: thrillerra. Urtea: 2025. Iraupena: 109 min. Herrialdea: Espainia.

Antonio eta Estrella anai-arrebak dira. Haien aita buzoa zen, eta bizitza osoa daramate itsasoan. Antonio Tigrea da, urpekari menderaezina, segundo batzuen buruan bizitza jokoan jartzen duzunean hor behean nahi duzun laguna. Uretatik kanpo, ordea, Antonio desastre hutsa da. Orainean bizi izan da beti, etorkizunean inoiz pentsatu gabe, eta haren egoera ekonomikoa delikatua da. Antoniok istripu bat izango du, eta urpekaritza egunak laster amaituko direla jakinaraziko diote. Etorkizuna ilun eta korapilatsu agertzen zaio, baina egoera hori aldatu egin daiteke petroliontzi batean kokaina topatzen dutenean. 

'A savana e a montanha' 

Zuzendaria: Paulo Carneiro. Gidoilariak: Paulo Carneiro, Alex Piperno. Aktoreak: Carlos Libo, Paulo Sanches, Daniel Loureiro, Aida Fernandes. Argazkia: Rafael Pais, Duarte Domingos, Francisco Lobo. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 77 min. Herrialdea: Portugal.

Portugal iparraldeko Covas do Barroso komunitateak jakin du Europako aire zabaleko meategirik handiena etxetik metro gutxira eraikitzeko asmoa duela Erresuma Batuko Savannah Resources enpresak. Berehalako mehatxu horren aurrean, komunitateak bere burua antolatzea erabakiko du konpainia bere lurretatik kanporatzeko.

'Jeunes mères'

Zuzendariak: Jean-Pierre Dardenne, Luc Dardenne. Gidoilariak: Jean-Pierre Dardenne, Luc Dardenne. Aktoreak: Elsa Houben, Babette Verbeek, Janaina Halloy, Lucie Laruelle. Argazkia: Benoit Dervaux. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Belgika.

Jessica, Perla, Julie, Ariane eta Naima ama gazteentzako aterpe batean bizi dira. Egoera zailean hazi ziren bost nerabe dira, eta haientzat eta haien seme-alabentzat bizitza hobea eraikitzeko borrokan ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.