Once filmerako sortu zuen musikak egin zuen munduan ezagun Glen Hansard kantari irlandarra, 2007an. Horretarako sortutako doinuen artean, bereziki Falling Slowly abestia txalotu zuten nola kritikak hala entzuleek. Hari esker, kantarik onenaren Oscar saria irabazi zuen Hansardek, eta Marketa Irglovarekin batera jaso zuen garaikurra. Motoan zihoala istripuz hil da Hansard, goizaldean. 56 urte zituen.
Aktore lanak ere egin zituen Hansardek Once filmean, John Carney taldekide ohiaren zuzendaritzapean egin ere. Baina hura ez zuen lehen filma izan, Alan Parkerren The Commitment filmean ere aritu baitzen 1991n, Outspan Foster gitarra jotzailearen rolean. Austin City Limits (2008), Ballymun Lullaby (2011) dokumentala, Play (2011) eta Cyrano (2021) heldu ziren atzetik.
Bestelako kolaborazioak ere egin zituen zinemarako. I’m not There filmean, esate baterako, Bob Dylanen Your Ain’t Goin’ Nowhere abestiaren bertsio bat egin zuen. Eta 2012an Take the Heartland abestia kantatu zuen The Hunger Games filmeko soinu bandan.
1970eko apirilaren 21ean sortu zen Ballymun-en, Dublinen, eta hango kaleetan zaildu zen musikari gisa, 13 urtetan eskola utziz geroztik. 1990. urtean The Frames rock banda fundatu, eta bertako abeslaria izan zen. Era berean, The Swell Season proiektua ipini zuen martxan 2006an, Marketa Irglova abeslari eta musikari txekiarrarekin, Marja Thkanen biolin eta biola jotzaile finlandiarrarekin eta Bertrand Galen biolontxelo jotzaile frantziarrarekin.
Bederatzi disko plazaratu zituzten The Frames taldearekin: Another Love Song (1991), Fitzcarraldo (1995), Dance the Devil (1999), For the Birds (2001), Breadcrumb Trail (2002), Set List (2003), Burn the Maps (2004) eta The Cost (2006). Baita hogei disko txiki inguru ere: besteak beste, The Dancer (1991), Masquerade (1992), Picture of Love (1993), Monument (1996), I am the Magic Hand (1999), Headlong (2002), Finally (2004) eta Falling Slowly / No more I Love Yous (2006). The Swell Season taldearekin, berriz, hiru disko ondu zituen: The Swell Season (2006), Once Soundtrack (2007) eta Strict Joy (2009).