Ameriketako Estatu Batuetan barrena ibili dira Lide Hernando (Donostia, 1991) eta Iñigo Etxarri (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1989), eta lekukotza musikal bat ekarri dute, Lurpeko trenbidea izeneko diskoa, bertsioz osatua; tartean dira Patti Smith, Sam Cooke, Billie Holiday, Elvis Presley edota Robert Johnsonenak.
ERLAZIONATUTA
Lurpeko trenbidea. Izenburu iradokitzailea da disko baterako. Ezagutzen zenuten kontzeptua aurrez?
LIDE HERNANDO: Bidaia hastear geundela ezagutu genuen The Undergorund Railroad izeneko telesaila, eta justu hitz egiten du esklaboek hegoaldeko plantazioetatik ihes egiteko-edo erabiltzen zuten laguntza sare batez. Berez, lurpeko trenbidearena kondaira bat da. Ez da benetan inoiz izan trenbiderik lurpean. Baina telesail horrek fantasiazko mundu hori agertzen du pixka bat, eta, hala, existentzia ematen dio trenbide horri.
IÑIGO ETXARRI: Telesaila ederra da, eta oso gogorra. Ez dago makillajerik: han egindako basakeria horiek guztiak erakusten ditu.
Segituan sentitu zenuten zuen musikarako izan zitekeela halako pizgarri bat?
HERNANDO: Beti maite izan dugu lurralde horretako musika, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko musika hori: Memphis, New Orleans eta abarretakoa. Baina egia da telesail hori ikusi aurretik ez genuela buruan diskoak izen horixe izango zuenik ere; bidaian erabaki genuen, erditik aurrera, edo ia bukaera aldera.
ETXARRI: Niri behintzat asko gustatzen zitzaidan lur azpiko trenbidearen kontzeptu hori, nola garai hartako aberatsek edo esklabo-jabeek fantasiara jo behar izan zuten pixka bat, sinesgaitza zitzaielako sare klandestino batek esklaboei ihes egiten laguntzea, solidarioa izatea. Uste dut ideia hori geratu zitzaigula txertatuta, telesaila ikusi ondoren.
HERNANDO: Gainera, justu han ginela gertatu zen Venezuelako guztia, eta garai hartan hasi zen jendea solidario izaten han dauden migranteekin. Analogia oso egokia iruditu zitzaigun.
«Asko gustatzen zitzaidan lur azpiko trenbidearen kontzeptu hori, nola garai hartako aberatsek edo esklabo-jabeek fantasiara jo behar izan zuten, sinesgaitza zitzaielako sare klandestino batek esklaboei ihes egiten laguntzea»
IÑIGO ETXARRI Musikaria
Bele izen artistikoa hartu zenuenetik, Lide, plazaratu duzun hirugarren diskoa da hau: Herrari 2024an, Muturrez zerura 2025ean, eta Lurpeko trenbidea orain. Ondo ziztatu zintuen musika beltzaren liztorrak. Oparo zabiltza.
HERNANDO: Oso txikitatik sentitu dut musika beltzarekiko fereka, esango nuke rockarena sentitu baino lehenagotik. Umetan miresten nituen artistak Aretha Franklin, Otis Redding eta Whitney Houston ziren. Gaztetxotan inertziak eraman ninduen rock talde bat eratzera, Groseko gaztetxearen inguruan bildu ginenok rocka entzuten genuelako orduan; horrela sortu zen Liher. Baina Belerekin pixkanaka itzuli naiz musika beltz horretara.
Hiru disko aipatu ditugu, eta hirurak musika beltzaren orbitan dabiltza. Honetan, musika beltzaren jatorrietara egin duzue; bluesaren, gospelaren, rock-and-rollaren altzo-altzora.
HERNANDO: Bai. Ez dugu ezer berritzailerik egin nahi izan. Azken finean, bertsio disko bat da Lurpeko trenbidea eta, gainera, egoerak mugatutako euskarriak erabilita egin dugu: gitarra bat, ahotsa eta perkusio organikoa, momentuan bertan oinekin edo altzarien kontra egindako soinuak. Zerbait nahiko klasikoa gertatu da, eta, gainera, omendu ditugun artistak antzinakoak dira.
Iñigo, zu Liher taldean ere aritua zara gitarra jotzaile, eta ekoizpen lanetan ere bai, eta Beleren hiru diskoetan ere izan zara partaide. Hiruretan, ordea, zure egitekoa desberdina izan da. Honetan gitarra eta ahotsa ere sartu dituzu. Zer moduz sentitu zara, esaterako, Patti Smithen Gloria 1975eko klasikoa kantatzen?
ETXARRI: Euskaraz ondo, ingelesez ez hainbeste [barreak]. Tokatzen dena egiten dut beti. Beleren aurreko bi diskoetan ere gitarrak eta baxuak grabatu ditut. Baina egia da abestea alboraturik nuela pixka bat. Gustatzen zait kontrolatzen ez ditudan kontuetan sartzea.
«Bidaia hau egitean, bazegoen probabilitate bat zerbait ateratzeko. Iñigok nik baino argiago zeukan. Nik uste nuen oporretan gindoazela Ferminen biratik atseden hartzeko, baina bera planen bat egiten ari zen...»
LIDE HERNANDO Musikaria
Autoan egin zenuten Route 61 bidea.
HERNANDO: New Yorketik Chicagora hegazkinez egin genuen, eta, gero, Chicagotik New Orleanserakoa, autoan.
Hasieratik zenuten garbi bidaia huts bat baino gehiago izango zela? Hau da, kantuak ere sor zitezkeela edo etor zitezkeela?
HERNANDO: Hori ez zegoen pentsatua, baina ezagutzen dugu elkar, eta ni beti nabil eskuko telefonoan gauzak grabatzen. Adibidez, iaz munduko hainbat lekutan ibili ginen Ferminekin [Muguruza], eta kaleko musikariak edota japoniarrak hizketan grabatu nituen sakelakoarekin. Bidaia hau egitean, bazegoen probabilitate bat zerbait ateratzeko. Iñigok nik baino argiago zeukan. Nik uste nuen oporretan gindoazela Ferminen biratik atseden hartzeko, baina bera planen bat egiten ari zen...
ETXARRI: Bai, baina hemen gaudela ere gertatzen da hori. Beti ari gara zerbaitetan. Ez zaigu futbola gustatzen, ez goaz elizara... zerbait egin behar da bizitzan, ezta?
Route 61 bideari deitu izan zaio The Great River Road ere, Chicagotik New Orleanserako bidean, Mississippi ibaiaren abaroan egiten baita neurri handi batean. Eta bide horren alboetan sorturikoak dira, besteak beste, Robert Johnson, Muddy Waters, Chuck Berry, Elvis Presley, Tina Turner, Bob Dylan, Prince, Sam Cooke eta beste hamaikatxo. Hau da, erreferentzia musikal, kultural eta historiko mordoa hori guztia interesatzen zaionarentzat.
ETXARRI: Hori guztia buruan izanik, nola ez genuen egingo disko bat?
HERNANDO: Kulturarako abagune oso interesgarria eskaintzen du. Jende askok galdetu zigun zergatik ote gindoazen AEBetara. Hango gobernuak gauza pilo bat ditu ez zaizkigunak batere gustatzen, baina gobernuaren propagandaren kontrako dinamikak ikusi ditugu herritarren partetik.
ETXARRI: Pegatinak ikusi genituen hiri guztietan, ostatu, taberna eta dendetan: «ICErekin [AEBetako Immigrazio eta Aduanen Kontrola] arazoak badituzu, ongi etorria zara hemen». Gobernuan nazi ziztrin batzuk egon daitezke, baina herritarrak besterik dira.
Lide, musika beltzaren adar asko ari zara ikertzen. Ez dakit besterik geratzen zaizun, akaso hip-hopa?
HERNANDO: Uste dut entrenamendu luze bat beharko nukeela hip-hopa ondo egiteko. Bakoitzak jakin behar du bere mugak zeintzuk diren, baina badaude beste esparru batzuk landu nahi ditudanak, eta aurrerago, denbora dudanean agertuko dira.
A ALA B
Euskarri fisikoa ala streaminga?
HERNANDO: Streaminga, errealista izanda.
ETXARRI: Egunerokoan, streaminga. Binilo pila bat dugu, eta guai dago. Baina izan gaitezen zintzoak. Egunerokoan streaminga erabiltzen dugu.
Areto txiki bat ala jaialdi handi bat?
BIEK: Areto txiki bat.
Autotunea. Bai ala ez?
ETXARRI: Niretzat bai, baina ez oker egindakoak zuzentzeko, baizik eta beste tresna artistiko bat bezala.
HERNANDO: Egin dakizuna dakizun bezala, baina tresna bezala oso potentea da, errekurtso bat gehiago.
Folklorea bai ala ez?
ETXARRI: Ez.
HERNANDO: Ez daukat argi. Folklorea bai, baina berrasmatzeko bada. Eta oinarri bezala ondo dago. Egin dugun disko guztia folklore batean oinarrituta dago.
Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala?
BIEK: RRVa.