'Gogoratu behar al da Txillidaren filiazio frankista?' galdera egin die BERRIAk irakurleei

Sare sozialetan plazaraturiko galdeketaren emaitzak datorren astearen hasieran zabalduko dira. 'Bai' edo 'ez' bozkatzeaz gain, aukera dago erantzunetan zehazteko norberak zer ikuspegi duen gaiaz, BERRIAk gogoratu duenez.

Eduardo Txillida artista, Madrilgo Castellana zubipean. LUIS PEREZ MINGUEZ  / TXILLIDA LEKU
Eduardo Txillida artista, Madrilgo Castellana zubipean. LUIS PEREZ MINGUEZ / TXILLIDA LEKU
Edu Lartzanguren.
2024ko urtarrilaren 12a
18:02
Entzun

«Artista eta obra bereizi behar dira». Halakoak entzuten dira norbait miretsiriko sortzaile baten biografian arakatzen hasi eta egia deserosoak azaleratzen hasten direnean. Eduardo Txillida artistaren mendeurrena ospatzen hasi dira aste honetan —urtarrilaren 10ean jaio zen, 1924. urtean—, eta berriz atera da plazara gaia. Izan ere, omenaldiak, erreportajeak, hitzaldiak, dokumentalak eta beste hainbat lan plazaratu dira Txillidaren inguruan, eta horietan sistematikoki ezkutatzen dira haren iraganaren pasarte ilun batzuk, Hedoi Etxarte idazleak berriki salatu duenez.

Azaldu duenez, aipatu gabe geratzen da artistaren aita militarrak Francoren estatu kolpearen alde egin zuela eta, gero, parte hartu zuela frankismoan, esaterako. Era berean, aipatu gabe utzi izan dituzte Txillidaren gaztetako jarrera politikoa eta Parisen gazte errepublikano bati egindako eraso fisikoa.

Artista eta pertsonaiaren inguruan fabrikaturiko kontsentsua salatu du Etxartek, eta oihartzun handia izan du sare sozialetan. Batzuek nabarmendu dute Txillidaren «gaztaroko bekatuak» izan zirela horiek, gero buelta eman ziola, eta Euskal Herriaren eta hainbat gizarte mugimenduren aldeko jarrera hartu zuela. Beste batzuek, berriz, azpimarratu dute artista ez zela gaztetxo bat eraso hura egin zuenean, eta frankisten semea izatea erabakigarria izan zela kirolean eta artean aurrera egiteko orduan. Memoria ez galtzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute beste batzuek: «Ez dezagun nondik gatozen ahaztu, nora goazen jakiteko».

BERRIAk irakurleei galdetu nahi die horren inguruan. Gogoratu behar al da Txillidaren iragan frankista?

Sare sozialetan plazaratu du galdeketa, eta datorren astearen hasieran plazaratuko ditu emaitzak. BERRIAk proposatzen du, bai edo ez bozkatzeaz gain, erantzunen bidez jakinarazteko zer ikuspegi duen norberak gaiaz.

Hemen dago bozkatzeko aukera Telegram sare sozialean.

Hemen, Instagramen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.