Literatura

Goi literaturaren apaletatik eroritako Gregor Samsa bat

Ostiralean ehun urte beteko dira Richard Matheson idazlea jaio zela. Zientzia fikzioaren, horrorearen eta fantasiaren generoetan egindako lanagatik ez ezik, zinemarako eta telebistarako egindako lanengatik ere egin zen ezagun.

'The Incredible Shrinking Man' filmeko fotograma bat.
'The Incredible Shrinking Man' filmeko fotograma bat.
Inigo Astiz
2026ko otsailaren 15a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudiaren itxura kitscharekin nahikoa ez, eta, badaezpada, editoreek esaldi publizitario bat ere gehitu zioten The Shrinking Man (Txikiagotzen ari den gizona) liburuaren azalari. Kable gorri erraldoi batek inguratuta, orratz erraldoi batekin armiarma beltz pozoitsu erraldoi baten aurka borrokan ari da gizon ñimiño bat, eta justu haren gainean dator esaldia: «I am Legend [Ni naiz Legenda] eta Hell House [Infernuko etxea] lanen autorearen obrarik klasikoena, zeina arrakasta handiz moldatu baita zinemara». Goi kulturaren apaletan lekurik gabe geratutako kontsumoko zientzia fikziozko autoreen zerrenda luzeko izen bat gehiago izan zitekeen Richard Matheson estatubatuarrarena (New Jersey, 1926-Kalifornia, 2013), baina hurrengo ostiralean ehun urte beteko dira jaio zenetik, eta izan da efemeridea baliatu duenik haren liburuko gizonttoa Franz Kafkaren Gregor Samsa pertsonaiarekin senidetzeko. Zinemarako eta telebistarako gidoietan isuri zuen bere talentuaren eta denboraren parterik handiena, eta, halere, edo, horrekin batera, XX. mendeko idazlerik garrantzitsuenetako bat ere izan zen Ray Bradburyren hitzetan, eta, hil zenean, Steven Spielberg zinemagileak Isaac Asimovenaren eta Bradburyren berarenaren pare jarri zuen haren lana.

1926an jaio zen, Allendale izeneko herrian, AEBetako New Jersey estatuan. Zortzi urte baino ez zituela azaldu ziren haren lehen ipuinak Brooklyn Eagle aldizkarian, eta etenik gabe jardun zuen geroztik. Europan izan zen armadarekin, Bigarren Mundu Gerran, eta kazetaritza ikasketak egin zituen itzulitakoan. Hunger and Thrist (Gosea eta egarria) izan zen idatzi zuen lehen nobela, baina hamarkadak eman zituen argitaratzailerik topatu ezinik, eta, horregatik, Born of Man and Woman ipuina izan zen argitara eman zuen lehen lana, The Magazine of Fantasy and Science Fiction aldizkarian. Testuak apenas dauzkan 11 paragrafo, eta, halere, lerroz lerro doa haziz, azkenean ezusteko amaiera batean lehertzeko.

Berehala piztu zuen irakurzaleen arreta.

«Zu, okada hori»

Guraso batzuek sotoan katez lotua duten 8 urteko ume bat da narratzailea, eta eguneroko baten forma du testuak. Umeak deformazio klaseren bat du, eta aitarekin eta amarekin baino ez du harremanik. Kontaktu falta horren erakusgarri da umearen hizkera aldrebesa, eta euria lehenengoz ikusten duen egunarekin abiatzen da testua. «Egun horretan argia izan zuenean amak okada deitu ninduen. Zu, okada hori, esan zuen. Ikusi nuen amorrua haren begietan. Ez dakit zer esan nahi duen okadak. Egun hartan izan zuen ura erortzen goiko solairutik. […] Ama hain polita eta nik ere ez dut itxura txarrik. Eta begira zu, esan zuen aitak, eta ez zuen aurpegi on hori. Besoa ukitu nion eta esan nion ez dio axola, aita. Apartatu eta joan zen iristen ez nintzen lekura. Gaur amak katea pixka bat askeago utzi dit leiho txikitik begiratu ahal izateko. Horrela ikusi dut ura goiko solairutik erortzen».

Lehen lan horren ostean, ezin luzeagoa da Mathesonek argitaratutako lanen zerrenda. 29 nobela, 120 ipuin eta ez-fikziozko bi liburu konta daitezke bertan guztira, baina, horrez gainera, zinemarako eta telebistarako idatzitako 94 gidoi ere baditu. Aurrez ipuin modura argitaratutako lanen egokitzapenak dira haietako asko, eta hori da, esaterako, Steven Spielberg zinemagileak pantailara eraman zuen Duel izeneko filmaren kasua ere. Mathesonek sortu zuen kontakizuna lehenik, hark egin zuen gidoia ondoren, eta Spielbergek zuzendu zuen pantailarako. Haren lehen lan luzea izan zen, gainera.

Richard Matheson idazlea. BERRIA
Richard Matheson idazlea. BERRIA

Sinplea dirudi argumentuak. Dennis Waver izeneko komertzialak kamioi bat aurreratuko du Kaliforniako desertuko errepide bakarti batean, eta keinu xume horrek zabalduko ditu horrorearen ateak; zeren eta, une horretatik aurrera, Waverri jazartzen eta haren aurka egiten emango baitu film osoa kamioi gidariak, bataren ala bestearen heriotzarekin bakarrik amaituko den norgehiagoka batean. Film osoan ez da ikusten kamioi gidariaren aurpegirik, eta ez dago haren herraren motiboen azalpenik ere. Baina, hain zuzen ere, Mathesonek eguneroko bizimodua arrozteko eta izua kondentsatzeko duen moduaren erakusle izan daiteke hori. Duel-en kasuan, argi, baina baita The Shrinking Man nobelan ere, esperimentu zientifiko baten ondorioz, etxetzat zeukana mehatxu iturri bilakatuko baitzaio protagonistari.

Bere lanen artean badira western giroko nobelak, bai eta kutsu espiritual argiagoko lanak ere. Baina lan horien guztien artean I am Legend nobela da idazlearen ibilbideko beste mugarrietako bat. 1957an eman zuen argitara, eta munduko azken gizakiaren biziraupena kontatzen du, banpiroz beteta baitago planeta. 1964an egokitu zuten lana zinemarako lehenengoz, The Last Man on Earth izenburuarekin, eta beste bitan ere pantailaratu dute geroztik. The Omega Man izenarekin 1971n, eta 2007an azkenekoz, Will Smith aktorearekin, eta nobelaren titulu berarekin. Eta, George A. Romero zinemagileak onartu duenez, Mathesonen I am Legend-en lehen zinemarako egokitzapeneko banpiroak izan zituen gerora bere zonbi filmak sortzeko oinarrietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.