Gutxienez, zortzi animalia irudi aurkitu dituzte Antxieta elkarteko kideek, kobazuloaren goiko aldeko sabai batean. Zaldiak, orein emeak eta uroak ageri dira grabatuetan. Hala ere, beste hainbaten zantzuak ere ikusi dituztela azaldu du Alvaro Arrizabalagak, aurkikuntza egin duen Antxieta Jakintza Taldeko kideak. Pinturak baino zailagoa izaten da grabatuak ikustea, eta horregatik topatu izan dira gutxiago orain arte, baina bi teknikak baliatu zituzten garai hartako leizeetako biztanleek.
Aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako Kultura diputatu Ikerne Badiolak. Orain arte Ekaingo margolanak soilik ezagutzen ziren inguru horretan, baina berriki Danbolinzulokoak eta orain Erlaitz leizeko grabatuak gehituta, kultur paisaia berria osatzen ari dela adierazi du. “Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula”.