ALVARO TORRES TRIO ETA LUCA FILASTRO TRIO
Lekuak: Ciudad de Vitoria hotela eta Europa biltzar jauregia. Eguna: Uztailaren 15a.
Alvaro Torresek eta bere taldeak ezin iragarri daitekeen musika egiten dutela diote. Minutu gutxitan ulertu genuen zergatik, eta baita gozatu ere. Txutxu-mutxuek ez ziruditen haien aldekoak, baina haien musikaren iragarri ezin hori eskutik heltzen zaituen laguna suertatu zen, post-bop estilo propioaren ondorio, eta ez ezinegonean uzten zaituen horietakoa. Torres piano joleaz gain, Masa Kamaguchi japoniarrak (kontrabaxua) eta Kresten Osgood danimarkarrak (bateria) osatzen dute hirukotea. Gasteizen haien lan berria aurkeztu dute, dagoeneko elkarrekin egiten duten laugarrena: Iris. Sunnyside Records ospetsuak kaleratutako lana izan da, eta ezin hobeto egokitu dira biak, erreferente berdintsuekin jokatzen baitute, folklorea edota klasikoa (Albeniz eta flamenkoa kasu). Lana bizi diren hirian aurkeztu zuten lehendabizi, The Jazz Gallery eta Mezzrow-en, jazz hole ospetsu batzuk aipatzearren.
Kresten Osgood bateria joleak berezko aipua behar du. Erronketan mugitzen den musikari joria dugu, ehun kaleratze baino gehiagotan parte hartu duen gaztea. Horretaz gain, Kopenhageko jazz mugimenduaren sustatzaile indartsua izan da, eta bere irrati eta telebista saioak egiten ditu jazza eta kultura jorratuz eta kaleratuz. Eszenatokian duen presentzia nabarmena da, bai intentsitate eta jarrera aldetik, bai bakarkako inprobisazio ia narritagarriengatik. Mapan ipintzeko musikari bitxi horietakoa.
Gauerdiko Jazza, 'finissimo'
Luca Filastroren hirukotea aukeratu dute aurten Ciudad de Vitoria hoteleko gauak leuntzeko. Taldearen buru eta pianistaz gain, Andrea Nunzik (bateria) eta Vicenzo Floriok (kontrabaxua) osatzen dute formazioa. Italiarrak badira ere, uneoro dabiltza txoko desberdinetan haien zuzenekoa eskaintzen. Bada, Filastro presentzia handiko musika jolea da, bizkortasunagatik aintzatetsia, bebop estilo sutsuaz hauspotzen duena teklatua, uneka tximistargiak lez.
Lan gutxi batzuk kaleratu badituzte ere, zuzenekoa da hirukotearen mamia. Gasteizko lehenengoko gauean, Armstrong, Gershwin, Green eta bestelako maisuen estandarrekin atsegin eman zuten, inprobisazio ugariz beteriko gauean, bai haien artean, bai ondorengo jam saio irekian. Ordu txikitan hurbiltzen diren jazz zaleen gogoa asetzen jarriatuko du taldeak larunbatera arte, jaialdiak urtero eskaintzen duen doako eta gertuko formatu honetan. Asteburura arte daukagu, beraz, taldearen ahal guztia deskubritzeko.