James Cameroren Avatar hirugarrena (Fire & Ashes) gurean da. Bai Iparraldeko aretoetan bai Hegoaldeko saloietan. Kapitaletan eta herrietan. Afixa batzuek 3 dimentsioko saioak iragartzen dituzte. Besteek, aldiz, harro aldarrikatzen dituzte jatorrizko bertsioetan eginiko emanaldiak.
Alta, Euskal Herri osoan zinematoki bakar batean ikus daiteke James Cameronek berak nahi dituen formatu, euskarri eta baldintza teknikoetan. Eta ez dago inongo metropolitan, baizik eta borroka guztietan, baita kulturakoetan ere, beti aitzindari izan den Ezkerraldeko herri batean. Bertan bada Unescok gizartearen ondare izendaturiko eraikin bat ere, Bizkaia Zubia! Zubi Esekia!
Bai, Portugaletez ari natzaizue, Bizkaiko transbordadoreaz, Bilboko bi ertzak lotzen dituenaz.
Hortxe, Ballonti merkataritza-gunean, badira Odeon zinemak, hamar pantaila dituztenak. Horietako batean Cinity sistema ezarri dute. Momentuz, beste guztien gainetik dagoen zinema teknologia. Bai irudi aldetik, bai soinu aldetik, bai proiekzioaren kalitateari dagokiola. 4K, 3D, HFR, WCG sistemak biltzen ditu Cinityk. Horrek bermatzen du soinu guztien eskalak harrapatzen eta ematen direla. Horrek esan nahi du irudiek bereizmen handia dutela. Horrek esan nahi du koloreen espektroa ikaragarri zabala dela. Horrek esan nahi du pelikulan murgilduko zarela, benetan sartu. Edo aldrebes, pelikulak berak harrapatuko, besarkatuko, preso (mimatua) hartuko zaituela. Ezin pantailatik alde, ihes, ospa egin. Ezin eta nahi ez.
Eta Cinity teknologia ez dago Bilbon, ez dago Donostian. Ez Baionan, ez Iruñean edo Gasteizen, Ezkerraldeko Portugaleten baizik. Ez pentsa, baina, James Cameron ezdeus, don inorrez bat denik zinema teknika kontuetan. Joan den mendean Kathryn Bigelowen Strange Days pelikularako —askoren ustez Blade Runner bera gailentzen duen zientzia fikziozko pieza horretarako, alegia— sortu zituen kamera berezi eta egokiak, ikusleak ustekabean hartu zituztenak. Gora Portugalete, Gora James!
Gerta liteke egunotan, EPP kasik oldarkorraren bitartez, Netflixek Warner Bros ekoiztetxearen katalogo erraldoia erostea. Eta gauza jakina da, Netflixen helburuen artean ez dago jendea zinema aretoetara bultzatzea, baizik eta zinema jendearenean sartzea. Gerta liteke ere (oxala, hala bedi) Potter guztiak produzitu zituen etxea erostea, zinema aretoak salbatuz…
Borroka horietan dabiltza, batzuk harroxko, besteak dardaraz.
Hala ere, izan liteke Eguberri onak hurbil daudelako edo, baina inor gutxik sinetsiko lituzkeen kontuak gertatzen ari dira gure inguruetan.
Gure etxe ondoko zinematoki korrienteetan zeharo gaitzesgarria den El Rey de Reyes filma, uste ustelaz kristaua den hori, estreinatu berri denean, Donostiako Jesuiten Loiola Zentroa lepo bete zen asteartean Imanol Rayoren Iñigo proposamena ikusteko grina zuen jendez.
Bada Iñigo film esperimentala, hitzik gabekoa, soinuz gainezka egiten duena. Hartualdi bakar batez egina. 30 planotan. Bakar batek hamalau minutu ere irauten du. Loiolako Iñigoren barruko transformazio/konbertsioa jartzen du iruditan pelikulak, non Euskal Herriko hoberenek hartu zuten parte. Muntaketan, Raul Lopezek, argazkian Javier Agirre Erausok, soinu afanetan Andrea Saenz Pereirok eta Xanti Salvadorrek, jantzietan Josune Lasak….

Hitzik gabeko film soinuduna, zeina orain bost urte Loiolako Basilikan estreinatu zen. Zeinak, Jose Garcia de Castrok idatziriko teologia liburu bat, Silencio y conversión, eragin baitu. Zeina erretiro espiritualetan erabiltzen den abiapuntu eta ardatz. Eta ez da ez film erlijiosoa, ez film kristaua. Bada, bai, gizaki bat bere barne zurrunbiloetan erakusten duen zinema egintza arraro, estrainio, ederra. Cinityren beharrik ez duten esperimentu horietako bat, merkatu eta zirkuitu alternatiboetan, sekula pentsatu gabeko inguruetan ikus daiteken zinema minerala, auskalo zeren, noren esentzia baino jasotzen ez duena. Netflixek ezagutzen ez duena...
['Iñigo' filma] Ez da ez film erlijiosoa, ez film kristaua. Bada, bai, gizaki bat bere barne zurrunbiloetan erakusten duen zinema egintza arraro, estrainio, ederra
Bada film bat euskarazko azpitituluekin atzo Iruñeko Golemetan erakutsi zutena, gaur Donostiako Tabakaleran Euskadiko Filmategiaren Klasikoak zikloari amaiera jarriko diona. Ezinbestekoa da, dugu, duzue. Jada existitzen ez den zuri-beltzean filmatua. Izuzkoa. Poetikoa. Ezohiko-en solidaritatea aldarrikatzen duena, araudi guztien kanpo daudenen mendekua erreibindikatzen duena. Izenburu, egun tontamentean erabiltzen dugun esamolde baten jatorrizko hitza du: Freaks!