kultura

Gordailua, Gipuzkoako kultur ondare higigarriaren zentroa

Gaur zabaldu dute hiru solairuko eraikina, Irunen. "Gipuzkoako ondare higigarriaren arloa ordenatu eta artikulatzea da helburua", Markel Olano jarduneko ahaldun nagusiak esan duenez. 55.000 pieza baino gehiago jasoko dituzte. Hamasei milioi euro kostatu da.

2011ko ekainaren 20a
16:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gordailua, herrialdeko "kultur ondare higigarria berreskuratu, zaharberritu, biltegiratu eta ezagutarazteko eremua", Irunen. Eraikinak hiru solairu ditu, 8.450 metro koadro erabilgarri, eta 55.000 pieza baino gehiago jasoko dituzte: Aldundiaren beraren bildumak, San Telmo Donostiako museoko funtsak, Kutxaren kolekzioaren zati bat eta Gipuzkoako gordailu arkeologiko eta paleontologikoa.

Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak esan du Gordailua "proiektu estrategikoa" dela Aldundiarentzat. "Helburua, orain arteko politikak gainditzen dituen ikuspegi berritzaile batetik Gipuzkoako ondare higigarriaren arloa ordenatu eta artikulatzea da".

Biltegi, behatoki, ikerketa gune, tailer eta zerbitzu gune izango da kultur ondare higigarriaren zentroa. Hamasei milioi euro inbertitu dituzte eraikineko lanetan eta ekipamenduan.

Olanoz gain, Maria Jesus Aranburu Kulturako jarduneko foru diputatuak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak hartu dute parte inaugurazioan. Kultur arloko hainbat ordezkari ere izan da Irunen.

Jose Leon Lasarte eta Pedro Astigarraga arkitektoen lana da Gordailuaren eraikina. "Honi originaltasuna eta izaera berezia ematen dion altzairuzko kaiola da", dio Aldundiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.