Indiako paisaia exotiko eta mitologiko bat. Oihana, mendiak, animaliak eta lau protagonista: Murdoc Niccals, Noodle, 2-D eta Russel Hobbs. Haitzen artean kobazulo bat topatuko dute, eta, barrura sartzerakoan, hormetako marrazki zaharrak dir-dir egiten hasiko dira, bizirik baleude bezala. Bat-batean, animaliak abesten hasiko dira, eta triste itxura duen jainko bat agertuko da. Lau protagonistek gizon zaharrarekin batera amaituko dute bidaia, ibaiaren sakonean.
The Mountain, The Moon Cave and The Sad God zortzi minutuko film laburraren bidez egin dio ongietorria Gorillaz taldeak The Mountain estudioko bederatzigarren lanari. Finean, diskoa eta harekin batera sortutako ikus-entzunezkoa metafora beraren parte dira: mendia helmuga da, eta, hara iristeko bidaian, pertsonaiek heriotzari, bakardadeari eta oroimenari buruzko gogoeta egingo dute. Diskoa «beste munduaren eta honen arteko mugan egindako festa baterako playlist moduko bat» ere bada, taldeko kideek azaldu dutenez.
Diskoa bareagoa eta introspektiboagoa da taldearen aurreko lanekin alderatuta. Giro horretan eragina izan du taldekideen egoera pertsonalak ere: Indiara egin zuten bidaiak goitik behera zipriztindu zuen sorkuntza prozesua. Ganges ibaiaren ondoan zeudela ohartu ziren heriotza ez dela amaiera: «Han geundela, ibaiari begira, gauzak beste modu batera ikusi genituen: heriotza ez da amaiera, beste bidaia baten hasiera baizik. Eta denok gaude bidaia horretan».
Hainbat tokitan grabatu dute diskoa —Londresen, Indian eta Ekialde Hurbilean, besteak beste— eta kultura ezberdinen nahasketa oso presente dago. Elektronikaren eta hip-hoparen oinarriari eutsi diote, baina tresna eta doinu tradizionalak ere sartu dituzte: sitarra, perkusio asiarrak eta folk kutsuko melodiak. Taldearen hitzetan, musikaren funtsari fidel izatea lortu dute haien bidez: «Emozioa soinuan islatzea».
Poparen laborategia
Lan berria ulertzeko, taldearen ibilbideari begiratu behar zaio derrigor, pop musikaren historian proiektu gutxi baitira Gorillaz bezain bereziak. 1998an sortu zuten Damon Albarn musikariak eta Jamie Hewlett ilustratzaileak, ideia berritzaile batekin: fikziozko banda bat sortu nahi zuten pop industriaren irudiari satira egiteko. Baina esperimentuak azkar gainditu zuen hasierako asmoa, eta, urte gutxiren buruan, proiektuak dimentsio handiagoa hartu zuen, Gorillaz pop garaikidearen laborategi bilakatzeraino. Diskoz disko, unibertso artistiko propioa ondu dute hip-hopa, rock alternatiboa eta, oro har, musika animazioarekin, komikiarekin eta ikus-entzunezkoekin nahastuta.
2001ean argitara eman zuten Gorillaz aurreneko diskoak berehala eman zion ospea proiektuari, Clint Eastwood eta 19-2000 kantuen bidez, batez ere. Handik lau urtera iritsi zen taldearentzat mugarri izango zen lana: Demon Days. Disko horretan, hip-hoparen, gospelaren eta rock alternatiboaren nahasketa ausarta egin zuten, eta askok pop garaikidearen lan garrantzitsuenetakotzat jo zuten orduan. Ondoren etorri ziren Plastic Beach disko kontzeptuala —ingurumenaren gaineko alegoria moduko bat— eta Cracker Island —Los Angelesko kultura espiritual komertzialaren satira bat—.
Ibilbide horren azken geltokia da The Mountain, hamabost kantaz osatutako diskoa. Hasieratik, paisaia baten barruan kokatzen du entzulea. Adibidez, diskoari izena ematen dion kantuak giro atmosferiko du, sitar eta gitarra akustikoekin; The Moon Cave abestiaren erritmo elektronikoek eta hip-hop kutsuko pasarte hipnotikoek giro misteriotsua sortzen dute; kontrastean, pop melodikora bueltatzen da River of Echoes abestia, eta baretasunera, The Sad God.
Taldearen ohiko ildoari jarraituz, mundu osoko musikariek kolaboratu dute diskoan: hala nola Anoushka Shankar sitar jotzaileak, Asha Bhosle abeslariak, Bizarrap ekoizleak, Kara Kackson poetak, Joe Talbot Idles taldeko abeslariak eta Trueno rap abeslariak. Gorillaz taldekoen esanetan, lankidetza horiek guztiak komunitate baten parte dira: «Atzokoa, gaurkoa eta biharkoa eremu berean bizi dira, nahiz eta beti ikusi ez. Gorillaz betaurreko arraro batzuk janztea da: bat-batean ohartzen zara festa bat dagoela zure inguruan».
«Atzokoa, gaurkoa eta biharkoa eremu berean bizi dira, nahiz eta beti ikusi ez. Gorillaz betaurreko arraro batzuk janztea da: bat-batean ohartzen zara festa bat dagoela zure inguruan»
GORILLAZÂ
Gorillaz beti ibili da bi munduren artean. Alde batetik, fikzioan: marrazki bizidunetako talde bat da. Bestetik, errealitatean: musikariak, kolaboratzaileak, kontzertuak... Tentsio horretan datza proiektuaren indarra. Pertsonaiek askotan egiten dituzte iruzkin ironikoak mundu garaikideari buruz, baina, aldi berean, diskoek badute sakoneko gogoeta bat ere, barrura begirakoa. «Ez dago gizakien arteko konexioa ordezkatuko duen ezer. Inperfektuak gara, baina hor dago gure indarra».
Kobazuloetan, gizakiek animalien irudiak margotzen zituzten. Orain, animaziozko talde batek jainko bati buruzko film labur bat egin du. Akaso, mundua ez da hainbeste aldatu. Taldeko kideek diotenez, azken batean, bizitza eta heriotza «abesti bera dira, hitz desberdinekin». Eta musika, beharbada, hitzen arteko zubia besterik ez da.