Gitarratik negarrerako bidaia izan da. Gorka Urbizuk berak azaldu du, Viktoria Eugenian. Berak sokak astintzen dizkio «gutxienez hiru zuhaitzen egurrarekin egindako» gitarrari; handik, kobrezko sistema baten bidez, anplifikadorera doaz uhinak; eta han, barruan gertatzen den eta Urbizuk berak oraindik ulertu ez duen sistema baten bitartez, itzuli egiten du soinua, kono baten bidez. «Eta hemen soinua sortzen du; harrigarria da». Publikora seinalatu, eta gaineratu du: «Gero, horra itzultzen du, eta hemen, denok, kantari eta negarrez».
Malko eta guzti ez dute negar egin Hasiera bat diskoaren bira amaitzeko ematekoak diren lau kontzertuetako aurrenekoan elkartu diren guztiek. Malkorik gabe sentitzen dute zirrara batzuek, are eta epelago besteek. Nolanahi, emozio festa izan da gaurkoa, eta antzekoak izango direla iragar daiteke biharkoa, etzikoa eta etzidamukoa ere.
Bazen halako beldur bat Viktoria Eugeniaren solemnitatea dela eta, baina funtzionatu du. «Guk jarriko dugu guretik, eta zuek ere abestu, eta hori dena», esan du Urbizuk. Hasieratik hasi da jendea kantuan, buru mugimenduekin dantzan... Eta denborak aurrera egin ahala berotuz joan da giroa. Goxo, baina berotuz.
Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarrituta. Halaxe osatu du Urbizuk bakarkako bidean egindako lehen disko hau, Hasiera bat. Eta halaxe eraman du gaur agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa.
Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarrituta. Halaxe osatu du Urbizuk
bakarkako bidean egindako lehen disko hau, Hasiera bat. Eta halaxe eraman du gaur agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa
Biraren bigarren zati honetan aritu diren bost musikariak, Urbizuren hitzetan «bira honek eman duen gauzarik onena» —Amaia Miranda gitarra jotzen eta abestuz, Karlos Aranzegi eta Felix Buff bateria banatan, eta Fernando Neira baxuan—, lurrean jarritako askotariko alfonbrak, atzeko kortina beix bat, oso ondo pentsatutako argiak, eta publikoaren konplizitatea. Besterik ez.
Horrelaxe sortu dute Urbizuk nahi zuen komunitatea, eta «energia bola». Sosegurako gonbita egin du Lilura bat abesterakoan: «Ahaztu dezagun kanpoko mundu saturatu, biolento, ziniko eta hostil hau». Kontzertuan lortu du jendea han egotea, eta sumatu egin da. Elkarrekin kantari aritu da antzokiko 888 butaketan eseritako lagunek osatutako komunitatea, bi orduz.
Lehen etorkizuna zirenek ez ezik, orain etorkizuna direnek ere kantari pasatu dute kontzertua. Ume, gazte, heldu eta zahar, denetik elkartu da. Errespetuz eta gogoz joan da jendea. Hartzeko eta jasotzeko gogoz. Isil-isilik entzun dituzte Urbizuk esandakoak, eta txaloz zein barrez erantzun. Batzuetan besoekin dantzan, besteetan hankekin. Batzuetan albokoari helduta sute txikiak sortuz, eta besteetan malkoekin errekatxoak eginez.
Elizabeth eta Atxaga
1952koa da Urbizuk musikaren bidea azaltzeko erabili duen egurrezko gitarra. Erdi barrez eta barrea eraginez kontatu du hemerotekan bila aritu dela ea urte hartan zer gertatu zen munduan. «Nahiko sosoa izan zen urte hartan» koroatu zuten Ingalaterran Elizabeth II.a. «Lanean-edo hasi zen. Lanean esan beharko dugu». Urbizu harrituta dauka monarkiako kideen bizitza luzerak. Elizabeth hil zen ordea, baina Urbizuren gitarra ez.
1952 hartan urtebete zuen Bernardo Atxagak. Hark sortuak dira Itoizek 1985ean argitaratu zuen Espaloian diskoko Hegal egiten kantuaren hitzak. Ia bi urte iraun duen bira osoan abestu du haren bertsioa Urbizuk, eta dantzan jarri ditu antzokietan, aretoetan zein aire zabalean elkartutakoak, eta gaur ere ez da gutxiagorako izan. Izan ere, «dena aldatzen ari da horren azkar», baina gauza batzuk geratu egiten dira.

Txantxangorriarena ez da izan bertsio bakarra. Gazteleraz abestu dute Argentinako El Mato a un Policia Motorizado taldearen Más o menos bien abestia. Gainerakoan, bakarkako bideko abestiez gain, Urbizuk aurretik izandako proiektuetakoak ekarri dituzte: Katamaloren Betazalak erauztean, Peiremansen Send Flowers, eta Anne Lukinekin batera abesten zuen Lisboa, adibidez. Une gorenetako bat izan da hori, edo jendeak ozenen abestu duena behintzat.
Bisaren aurreko azken-aurreko abestia izan da hori, eta berotasun horretan gonbidatu dute oholtzara Nerea Urbizu Diamantea kantua pianoa jo zezan. Bi aldiz hasi dute abestia. Gorka Urbizu hasi eta gelditu egin baita. Irribarreak, txaloak, konplizitatea, eta bigarrengoan bai.
Jendeak ez du jaikitzeko imintziorik egin. Eta halaxe, txalo artean, berriz agertu dira. Berri Txarraken Maravillas jo du Urbizuk, bakarrik; «ereserki antifaxista», bertsio hunkigarrian. Zilarra etorri da gero, Hegal egiten atzetik, eta, giroa bero-bero zela, Toki bat. Abestiaren bukaeran gogor astindu du gitarra Urbizuk, eta baterian erakustaldia egin, Buffek, jendea oihuka hasteraino. Zutik txalotu dute batzuek.
Euforiak gain hartu aurretik, Besterik ez jo dute. Halaxe amaitu da kontzertua, goxo, txalo zaparrada luzea jasota, eta eskerrak emanda. Eta jendea, pozik.