Gorputz berri bat eraikitzeko

Nestor Basterretxearen artxibo pertsonala eman dio haren familiak Artium museoari. 5.000 dokumentu baino gehiago dira, artistaren obra eta bizitza ulertzeko lagungarri

Basterretxeak Biok altzari enpresari egindako diseinuak. ENDIKA PORTILLO/FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nestor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) ibilbide artistikoari lotutako artxibo pertsonala mardula da. Haren bizitza eta obra bezain «poliedrikoa». Begirada anitzetatik begiratu ahal zaio Basterretxeari, eta prisma guztietatik begiratuta da haren lana «zabala» eta «sakona». Haren sendiak urte luzez izan du artistaren artxibo pertsonala «kutxetan» gorderik, baina aurrerantzean denen eskura egongo da, familiak dohaintzan eman baitio Gasteizko Artium museoari. «Bere bizitzatik abiatuta, gorputz berri bat eraiki duzue». Eskertua mintzatu da Gorka Basterretxea, artistaren semea, museoarekin. «Anabasa desegiten lagundu, eta berriz hornitu duzue egitura».

Artistak berak eskuz idatzitako eta mekanografiatutako gutunak, gidoi zinematografikoak etahorien zirriborroak, 1950az geroztik bere lanarekin zerikusia duten prentsa zatiak, erakusketen liburuxkak, argazkiak eta materialak, altzari modernoen diseinu enpresa baterako egindako objektuak eta proiektu artistikoak. Denera, 5.000 dokumentuk baino gehiagok osatutako artxibo pertsonala eman dio Basterretxearen familiak museoari.

«Ondare zabala» jaso du museoak familiaren eskutik, Beatriz Herranz Artiumeko zuzendariak azpimarratu duenez. «Gaur egun zer garen eta zergatik garen hobeto ezagutzeko aukera emango digu», erantsi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.

Nestor Basterretxearen artxiboa Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Juana Cima, Joaquin Fraile eta Gerardo Armestoren artxiboetara gehituko du museoak.

Duela bost urte inguru izan zen museoaren eta artistaren familiaren arteko lehen hartu-emana. Bide horretan, funtsezkoa izan da bi aldeen arteko harreman joria.Basterretxearen gertukoen jarrera hori berariaz azpimarratu dute Artiumeko zuzendariak eta ahaldun nagusiak. Familiaren «eskuzabaltasuna» eta museoarekin izandako keinu «kalkulaezina» goratu dituzte.

XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturaren berritzaile nagusietako bat izan zen Basterretxea. Artiumek eskuratutako ondare dokumentalak artistaren bizitzaren eta obraren «ikuspegi paregabea» eskaintzen lagunduko duela azaldu Herranzek. Ez hori bakarrik. Basterretxeak «beste artista eta kultura eragile batzuekin izandako harremanetan sakontzeko» eta haren lanaren «testuinguru historiko eta artistikoa hobeto ulertzeko» aukera ere emango du.

Bizitzari buruzko ikuspegia

Basterretxearen dokumentu funtsa sailkatu eta digitalizatzeko lanari ekin dio Artiumek, museoaren webgunearen bidez ikusgai egon dadin. Ondare horren lagin txiki bat paratu dute museoaren bilduma aretoan. Han ikus daitezke, besteak beste, Operación H (1963) film esperimentalaren irudi batzuk, hormatik zintzilik den pantaila erraldoi batean. Biok lantegirako egindako altzarien diseinuen zirriborroak beira arasa batean ikus daitezke, eta 1966an zurez egindako taburete laranja bat ere bai.

Aipagarria da, era berean, Jorge Oteizari buruzko dokumentazio andana. Bi artisten arteko harreman pertsonala estua izan zela argiki islatzen dute lan askok. Horietako batzuk ikusgai daude Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2002) erakusketan hainbat margolan eta marrazkirekin. Ikusgai dauden artxiboez landa, Basterretxeak idatzitako gutunak eta idatziak ere eskuratu ditu museoak, «bizitzari, munduaren eta gizakiaren ikuspegiari eta kulturako beste artista eta pertsona ospetsu batzuei buruzkoak», Elena Roseras dokumentazio arduradunak azaldu duenez. Proiektu arkitektonikoen gainean landu zituen dokumentuak ere badituzte, hala nola Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoak.

Basterretxearen semeak kontatu du aitaren «kontu intimoenak eta hutsalenak» jarri dituztela museoaren eskuetan, «beste begirada batzuentzat baliagarria» izateko itxaropenarekin. «Begirada horiek ziurtasunak eta zalantzak argitzen dituzten erantzunak bilatuko dituzte, eta, horien bidez, gure kontzientziak ageriagoak bihurtuko dira», azpimarratu du. Haren ustez, egindako dohaintzarekin «birsortu» egingo da aitaren parte bat, «eta, aldi berean, haren burua eta gurea hobeto ulertzeko era emango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.