Bertsotik antzerkira jauzi egin nahi izan dute Begiradak izeneko taldeko kideek. Lehen mailako bertsolarien testuak hartu dituzte horretarako abiapuntutzat, eta ordubeteko antzezlana osatu dute haien lankidetzarekin. Lau bertsolari hautatu, eta gai bakarra eman diete. Gaia baino ez, beste inolako mugarik gabe. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi, guztiak librean, baina ardatz bakarraren bueltan: «Hitzen balioa». Eta lau idazki horiek dira gaur Iruñean estreinatuko duten Balitzen hioa izeneko antzezlanaren oinarria. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dute jendaurreko entsegua, gaur, 21:00etan. Bihar, berriz, toki eta ordu berean, Haro modernoaBobby Sandsen poema batean oinarritutako pieza estreinatuko dute Inder Bhatti, Maialen Diaz, Laura Villanueva eta Oier Zuñiga aktoreek. Salbuespena da: sortzaile gazteek egindako bi euskarazko antzezlan, oso denbora gutxian.
Kalitate ziurtagiri moduko bat aipatzen du Hodei Unzueta aktoreak. Horregatik jo omen zuten bertsolariengana Balitzen hioa lana sortzeko. «Gaur egun bertsolariak alor asko lantzen ditu, eta idazle era badira haietariko batzuk, eta bagenekien kalitate handiko lanak jasoko genituela». Bertsozalea da bera, eta baita Begiradak taldeko kide ere, Esti Curiel eta Leire Ugarterekin batera. Ainhoa Alberdiri eskatu diote zuzendari lanetan aritzeko pieza horretan.
Bertsolariei libre aritzeko eskatu, eta libre aritzeko baliatu dute aukera haiek. Hala, oso testu ezberdinak jaso dituzte antzezleek. Oso kalitate handikoak, baina oso ezberdinak. Eta guztiari batasun bat ematen saiatzea izan da erronka. «Oso literarioak diren testu horiek lehen kolpean ulergarri egitea izan da gure erronka nagusia».
Sandsen hitzen bidaia
Beste inork idatzitako hitzak erabili dituzte Haro Modernoa izeneko lana sortzeko ere, baina bestelakoa izan da prozesua. Bidaian jarri dituzte hitzak. Joseba Sarrionandiak itzulitako Bobby Sandsen poema bat hartu dute abiapuntutzat, eta mugitu egin dute haiek ere. Poesiatik antzerkira eraman dute testua, eta agertokia eta eskola ere uztartu dituzte. Iruñeko Iturrama institutura ere eraman dituzte Sandsek idatzitakoak, eta unitate didaktiko bat prestatu dute Arte batxillergoko ikasleentzat. Eta ikuskizunaren kartela da elkarlan horren emaitza, ikasleek egin baitute. Ildo didaktikoa eta artistikoa uztartzea izan da asmoa.
Poema izan dute abiapuntu, baina ez helmuga. Egungo gizartearen kontraesanak dira antzezlanaren ardatza, eta familia baten istorioa osatu dute horretarako. Sandsen poemak egiten duen bezala, haiek ere ustezko ongizatea, gizartearen hipokrisia agertzen saiatu direla dio Zuñigak. «Ikuskizunean poema ez dugu irakurtzen. Etengabea da olerkiaren presentzia obra guztian, baina ez dugu haren pasarterik erabili testuan».
Euskara Kultur Elkargoa elkarteak sortutako Gazteak Plazara laguntza jaso dute bi proiektuek. Berrikuntzak izeneko programan eskainiko dituzte bi emanaldiak. Erabat itxita ez dauden lanak erakusteko sortutako gunean, hain zuzen ere. Estreinaldiak baino gehiago, jendaurreko entseguak izango dira horregatik gaur eta biharkoak.
Gorputz bilakatzen diren hitzak
Bi antzezlan bat emango dituzte Iruñean; bata lau bertsolariren testuetatik abiatuta, eta bestea, Bobby Sandsen poema batetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu