'la jĂ¡cara de los cuerpos imposibles'
Zuzendaritza artistikoa eta ideia: Alberto Velasco. Dramaturgia: Ruth Rubio. Antzezleak: Alberto Velasco, Lucia Arestegui, Joan Galo. Musika: Fernando Nequecaur. Arropa: Sara Sanchez de la Morena. Argiak: Bela Nagy. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoak 17.
Antzoki Zaharrean sartzeko dFeriako ilara luzea baino luzeagoa. Sarrerarik gabe daudenen ilarak ere inoiz baino jende gehiago dauka, handia omen da Alberto Velascoren azken lanak sortu duen jakin-mina. Irene Pardo Almagroko (Valladolid, Espainia) Antzerki Klasikoko jaialdiaren zuzendariaren desafioa onartu, eta, horrela, Espainiako Urrezko Mendeko antzerkira jo du, garaikidetasunetik. Las hijas de Felipe podcasteko sortzaileen laguntzaz ondu du bere ideia. Hari nagusia XVI. eta XVII. mendeetako antzerkian dauden gorputz eta genero dibergentzien adibideak agerian jartzea da.
Antzezlana sendo hasi zaigu, publikoaren gertutasuna eta konplizitatea bilatuz. Jacara piezak zertan datzan azaldu digute: pieza txikiak, modu satiriko eta dibertigarrian, non, maritxulo harroputzak, gaizkile edo heteroarautik kanpokoak protagonistak diren. Ikusleek «jacara, jacara, jacara» oihukatzen omen zuten ikusitako komedien atsedenaldietan, entremes azpigenero hau antzeztuta ikusi nahi zutenean. Azalpen horrekin justifikatuko lukete antzezlanaren alde formala, hau da, eszena txikiez osaturiko obra izatea. Gainera, dagoeneko asmatuta izango duzuenez, eszena horietan errezitatuko dizkigute Urrezko Mendeko komedietako bertsoak, non, genero-nahasketa endredoen argumentuaren akuilua zen askotan.
Zenbaitetan bertsotan, hainbatetan prosaz, garai hartan zein gaur egun; mikrofonorik gabe deklamatuz etxearteetako antzezguneetan egiten zen lez. Kanta popen protesta-letrak play-back-en bitartez aletuta, trabesti showetan bezala ageri dira. Soinu bandan zorrotzailearen txilibitua, matraka eta bideojokoen klikak aditu ditugu. Hibridazioa dugu, beraz, kabaret politiko eta aldarrikatzaile honen ardatza.
Eszenografiak ondo funtzionatu du, argazkilariek argia areagotzeko erabiltzen dituzten panelak erabiltzea asmazio ona baita. Arroparen diseinua oso egokia: gorputzaren itxura begi bistan uzten zuen haragi koloreko maillotari gehitu dizkioten elementuak, zein gainontzeko jantziak, merezimendu handikoak.
Baina, bikain eta ausart hasi ondoren, exekuzio mailan goitibehera moduko batean ibili dira antzezleak jardunean. Ahots proiekzioa zela eta, besteak beste. Bazirudien errodaje gutxi zuen pieza bati dagokion tentsioa zuela obrak; heldu gabe dagoen fruitutik zerbait zeukan. Pentsamendu horren harira gogoratu dut Collado Villalban gertutakoa nahiz, Gaztela-Mantxako hauteskundeen emaitzak, eta okurritu zait Almagrotik hona gutxitan izan direla kontratatuak.
Azaldu digute emakumezko aktoreak debekatuta zeudela, arrazoi moralen karietara. Akademikoki ondo dokumentatuta daude debekuaren kontrako (1574-1586-1578…) konpainien eskaerak. Horien artean badago argudiatzen duenik emakumeen presentzia baino moralki askoz arriskutsuagoa zela horien senarrak trabestitzea rol femeninoetarako.
Laburbilduz, jacara dibertigarri hau arkeologia lana da nolabait, disidentziaren arrastoen bila abiatu dena teatroaren testuetan. Klasikotasun arrakaletan generoaren performatibitateak bazeukan bere lekua Espainiako urrezko letretan, ez dago zalantzarik. «Izan garelako gara», ulertu diegu, generoa performatzen dela orduan eta orain, eta teatroa dugula betidanik askatasun espazioa.
Amaiera hunkigarria izan da publikoko hainbat ikusle hainbat aitortza-bertso deklamatu ondoren oholtzara igo direnean.