Zuzendaria: Gilbert Varga. Pianista: Arcadi Volodos. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroaren 15a.
Arkaitz Mendoza
Goizean goiz jaiki eta Txaikovski bat gosaltzen du Volodosek. Aipagarria da pianista errusiar honek Txaikovskiren obra interpretatzeko duen erraztasuna, huskeria bailitzan. Amaitu ostean, izerdi tantarik gabe, altxatu eta beste hiruzpalau Txaikovski irensteko moduan nabaritu nuen Volodos, harrigarria benetan. Obra handi honen zailtasun orok gorputza berotzeko burutzen diren soinketa ariketak zirudien, aparteko esfortzurik gabe obra goxo-goxo irensten joan baitzen, Euskadiko Orkestra begirale rolean atxikita geratuz.
Begirale bai, gosari hau bakarra izan zelako, Volodosena eta kito. Leunegi azaldu zen orkestra, ahul, adore falta, pasarte bero eta kiskalgarrietan soinu bibratu makalarekin. Vargaren egitekoa egokia izan zen, aparteko bereizgarririk gabe. Volodos ez zen ikaragarrizko ahaleginetan murgildu orkestraren geldotasunaz ohartzean; horretaz ñabardura txiki bat: zortzidun akorde boteretsu bizietan pedalak ez zuen deus bibratu, soinuen arteko garbitasuna guztiz zakartuz. Halere, zailtasun izugarriak itxuraz erraztasun osoz jo daitezkeela irakatsi digu Volodosek honakoan. Bis modura eskainitako Vivaldiren Siciliana dotore eta ponpoxoa da horren lekuko.
Varga bere osotasunean bat-batean sartu zen aretora bere Hungaria maiteko Kodaly interpretatzeko. Dantza bildumen arteko loturak euskarri finez lotu zituen podiumetik eta musikari batzuen betekizunak obra honetan hasi ziren, siestatik esnatu balira bezala. Alaitasuna, freskotasuna, erritmo joko jostalariak eta dantza pauso bakoitzaren edukia umore onez interpretatu ziren. Straussen poema sinfonian haize egurraren lana aipatzekoa izan zen, bai zeharkako flautan bai oboean. Tronpa taldearen musika erantzunak ozen baina ez aretoa betetzeko adina, nahiko txiro; aldiz, bigarren biolinak gogotsu eta den-dena emateko nahian. Hamarkada luze bat orkestrakideen artean igaro ondoren, Vargaren bisita gogokoa izan da, gu guztioi mota guztietako oroitzapenak gogora ekarri arren.
Gosari bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu