Kritika-Dantza

Goza, otoi, gurekin

 Maxka'roa ikuskizuna. PIERRE ALEX / BERRITZA
Maxka'roa ikuskizuna. PIERRE ALEX / BERRITZA
Agus Perez.
2025eko urriaren 22a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Maxka’roa'

Ekoizpena: Berritza elkartea. Koreografia eta zuzendaritza: Eneko Gil. Koreografo laguntzailea: Catherine Arcanuthurry. Musikariak: Jeremy Garat, Oihan Oliarj-Ines. Argiak: Ieltxu Ostolaza. Jantziak: Owantshoozi. Dantzariak: Txingili’K taldea. Lekua: Bilboko Harrobia aretoa. Eguna: Urriak 18.

Zenbait lekutatik ibili ostean, ekainaren hasieran ikusi genuen Pasai Antxon Eneko Gilek sortutako Maxka’roa, ikusleen artean Mizel Theret eta Oihan Indart zeudela, proposamenak piztu zuen interesaren lekuko. Orduko hura ederra iruditu zitzaigun hiruroi, baina gero Gilek azaldu zidan ikusgarria ez zegoela diseinatuta aire zabalerako, areto batean emateko baizik. Orain BAD jaialdiaren harira izan dugu areto-baldintzetan ikusteko aukera.

Kolore askotako totem moduko batek presiditu du eszena hasiera batean, eta emanaldiko bi musikariak hondoko bazter batean egon dira, txeloari, kontrabaxuari, efektu elektronikoei eta ahotsei ekiteko prest, efikazia handiz baina neurritasunez betiere. Aulki klasiko gutxi batzuk zeuden agertokitik sakabanatuta, baina emanaldiak aurrera egin ahala ezinbestekoak bihurtu dira 11 dantzariak haietan eser zitezen, eserita ere dantzatu dutelako eta aulkiek totemaren egitura bera osatu dutelako.

Hasierako dantza pauso dotoreekin hasi da guztia, oso era suabean, oinen jauzien finezia beste ezeren gainetik nabarmentzen zelarik eta haien araberako gorputz zurrunen oszilazio kolektiboak lehen une hipnotikoak sortu dituenean. Maskarak agertu dira jarraian —Zuberoako maskaradetan ezinbestekoak diren bezala—, eta argi gorriaren pean misterio kutsu nabarmena eman diote giroari, antzinako errituetan bezala. Baina une hori gogorapen ia subliminal bat baino ez da izan, emanaldian zehar ez delako ezertaz abusatu eta emankizunean ideia denak neurritasunez eta buruargitasunez baliatu direlako.

Isiltasuna eta baretasuna nagusitu dira hastapenetan, eta atentzioa eman digu dantzarien piurak, inauterietan bezalakoa zelako. Jantzien diseinu landuan bazirudien bakoitza etxean aurkitutako arropa eta osagarririk xelebreenak jantzita zebilela: den-denek burua zerbaitekin estalita —lastozko sonbreirua, emaztegai baten beloa, hegazkinlari itxurako kaskoa…—, haietariko lau kirol-galtzerdiekin, bat emakume soineko luze batekin... Eta horri guztiari gehitu behar diogu totemari erantzitako zatiekin eraiki dituzten itxura mitologikoko izakiak.

Aurrera jarraitu du dantzak, euskal dantzek gehienbat, baina beren izaeran noizbehinka agertu dira besoen keinu garaikideren bat edota pastoralei eginiko aipamen labur bat, eta une batetik aurrera oinen pausoak egin dituzte beren aulkietan eserita eta Zuberoari buruzko aldarrikapenak ozen esanez, hango ospakizun erritualetan ohikoa den legez. Langabezia kronikoa eta enparauak ohikoak iruditu zaizkit, hango gaitz ohikoak direlako, baina bitxia egin zait jakitea «Xiberuan beti jende bera» ikusten duzula: handik kanpo bizi garenok ez gara kontu horietaz jabetzen.

Ikusgarriaren azken fasean dantza segida bera errepikatu dute denek batera hainbatetan, gazteen kemenaz eta dantzarien maiestate handiz hornitua eta ziklo batetik hurrengora aldaketa minimalistak txertatuz. Azkenik, dena amaitu da kantu kolektibo batean —nolako ahots politak!— eta hitzen artean azken esaldi batekin geratu naiz: «Goza, otoi, gurekin!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.