Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Graziaz

2026ko apirilaren 19a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Isilpean aitortuko nuke, ahapeka, Paolo Sorrentino-ren film batzuk benetan atsegin ditudala. Badakit ez dela ustez koherentea hori ozen esatea: bere zinema gizonezkoen orbitan mugitzen da maiz, boterearen korridoreetan galduta dabiltzan gizonak jartzen ditu erdigunean, zakilzaharrak, erritual zaharkituen eta maskulinitate gastatuen artean. Hala ere, kontraesan guztiekin, badago zerbait liluragarria haren begiradan. Nik, behintzat, melodrama modura irakurtzen ditut haren istorioak: boterea duten baina hutsunez beteta dauden gizonen erretratuak dira honakoak, desirak dituztenak —ia beti ase ezinezkoak— eta, azken batean, beren buruarekin bakarrik gelditzen direnenak, hain zuzen ere.

Zinemak, nire ustez, balio beharko luke sakoneko dilemak argitara ekartzeko. Ez erantzunak emateko betiere, baizik eta galderak fintzen laguntzeko. Zentzu horretan, esango nuke Sorrentinoren unibertsoa koherentea dela: erretratatzen dituen pertsonaiak beti daude zerbaiten menpe, egitura baten katean harrapaturik, dela estatuarena, dela elizarena, dela familiaren inertziarena. Eta, paradoxikoki, askotan bigarren mailako pertsonaiak —bazterrekoak, desjabetuak— dira egia esateko ausardia duten bakarrak. Boterearen erdigunean, zaurgarritasuna eta balantzaka ibiltzea da gehien adierazten dena.

Haren zinemaren ezaugarri formalak ere ezin dira alde batera utzi: isilune luzeak, pentsatzeko tarteak, ironia sotila, batzuetan barregarri bihurtzen diren erritual maskulinoak. Estetika kargatuegia da, bai, errepikakorra, bai, baina aldi berean bada hipnotikoa. Gehiegikeria horretan badago nolabaiteko poetika bat, eta poetika horretan, halako erridikulu partekatu bat. Ikusleak irribarre egiten du, irribarre erdiz —ez da algararik— batzuetan errukiz, besteetan konplizitatez. Eta hori, botereaz ari garenean, ez da gutxi.

[Sorrentinoren] zinema gizonezkoen orbitan mugitzen da maiz, boterearen korridoreetan galduta dabiltzan gizonak jartzen ditu erdigunean, 'zakilzaharrak', erritual zaharkituen eta maskulinitate gastatuen artean. Hala ere, kontraesan guztiekin, badago zerbait liluragarria haren begiradan

Azkenaldian ikusi dudan haren film batek, La grazia-k, bueltaka dabilkidan ideia bati forma eman dio: grazia-ren kontzeptuari hain zuzen ere. Filmean, grazia indultuaren sinonimo gisa agertzen da: presoa askatzeko azken hitza duen boterearen keinu gisa. Grazia, hortaz, aukera berri bat da, kondena bat eteteko modua —edo aukera—, literalki zein metaforikoki. Baina filmak beste geruza bat irekitzen du hari honetatik tiraka: grazia ez da soilik legearen salbuespena, baizik eta erabakiaren unean agertzen den arintasun misteriotsu bat. Mugimendu esanezin bat da, ez borondatezkoa, ez arrazionala. Arintasun moduko bat da, ia oharkabean eta ezinbestean sortzen dena.

Paolo Sorrentinoren LA GRAZIA filmeko irudi bat.
Paolo Sorrentinoren La grazia filmeko irudi bat.

Pertsonaia nagusiak une batean aitortzen du pasioa zer den ahaztu duela, zahartzeak dakarren neke horrekin bizitzaren intentsitatea lausotu egin zaiola. Baina, horren ordez, beste zerbait aurkitu duela dio, eta hori da grazia. Definitzen saiatzen denean, esaldi batek iltzatuta uzten du ikuslea: grazia dela zalantzaren edertasuna. Legegile batek ez du beti datu nahikorik erabaki zuzenak hartzeko; batzuetan, intuizioak gidatzen du, arrazoiak huts egiten duenean. Eta une horretan agertzen da grazia: ez da ziurtasuna, baizik eta zalantzari eusteko gaitasuna, erabakia hartzeko adorea ziurgabetasunaren erdian.

Ideia horrek beste testu batera eraman nau, aspaldian irakurri nuen poema batera, C. K. Williams poetarena. Poemak neska gazte baten istorioa kontatzen du: institutu bateko leiho batean eserita dago, irribarrez, ia oharkabean, eta bat-batean, erortzen uzten da. Une labur bat da, ia azalpenik gabekoa, baina poetak ez du kapritxo hutsez azaltzen. Badago kontzientzia bat, intuizio bat, izatearen eta izatearen itxuraren arteko arrakala bat.

Neskak, momentu horretan, ulertzen du ez dela izan nahi duen hori, ez dela eraiki dioten pertsonaia hori. Eta orduan agertzen da hitza: grazia. Ez premeditazioa, ez kalkulua, ez planifikazioa. Grazia da munduan egoteko modu bat, berezko dotorezia bat, norbera izateko baimena, inoren begiradaren menpe egon gabe.

Bi kontakizunak —Sorrentinoren filma eta Williamsen poema— leku berean gurutzatzen dira. Grazia ez da indultuaren errukiaren isla soilik, ezta edertasun estetiko hutsa ere; ostera, grazia eten bat da, logikaren eta planifikazioaren katean sortzen den zirrikitu bat. Une labur bat non norberak bere burua entzuten duen, benetan entzun. Eta, agian, erabaki bat hartzen duen, arrazoi guztien kontra.

Agian horretan datza kontzeptuarekiko lilura: grazia ez delako sentimendu perfektu bat. Ez da ziurra, ez da zuzena ere agian. Baina bada egiazkoa, eta bada ederra. Eta, gaur egungo mundu kalkulatu honetan, hori bera da, ziurrenik, harrigarriena.

'La Grazia'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA