Donostiako 71. Zinemaldiak itxuratu du Sail Ofiziala. Beste zazpi filmekin osatu dute programa: opera prima bat, bost bigarren film eta lehiaketatik kanpoko emanaldi berezi bat. Aurretik aurkeztutakoekin elkartuta —gehienak, zuzendari ezagunagoenak—, era askotako lanak erakutsiko dituzte jaialdiko atal nagusian: denera, hamasei film izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Horien zuzendarien erdiak emakumeak dira.
Sei film hauek batu dira lehiaketara: Kei Chika-Uraren Great Absence, Isabella Eklofen Kalak, Kitty Greenen The Royal Hotel, Xavier Legranden Le successeur, Christos Nikouren Fingernails, eta Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wangen Chung xing (A Journey in Spring). Thomas Liltiren Un métier sérieux lana emanaldi berezi batean estreinatuko dute.
Peng eta Wang taiwandarren opera prima-k emaztea hil berritan doluari aurre egin beharko dion gizon baten istorioa kontatzen du. Beste bost filmak, berriz, beren zuzendarien bigarren lanak dira. Chika-Ura japoniarraren lehen lana, Complicity, Berlingo eta Torontoko jaialdietan eman zuten. Great Absence bigarren filmean, aktore gazte bat aitarekin harremanetan jarriko da berriro, haren bigarren emaztea desagertu ondoren.
Elkof suediarrak Ali Abbasiren Gräns filma idatzi zuen, zuzendariarekin batera. Bere lehen film luzea 2018an aurkeztu zuen, Sundancen: Holiday. Groenlandiara bizitzera joan den erizain daniar baten istorioa kontatu du Kalak lan berrian.
Zinemaren industriaren barneko indarkeria matxista irudikatu zuen Green australiarrak The Assistant bere aurreneko lanean (2019), eta arrakasta handia lortu zuen, batez ere AEBetan. Julia Garner protagonistarekin lan egin du berriro The Royal Hotel-en; bi motxiladunen bidaiari buruzko thriller bat da.
Legrand frantziarra ere urrutira iritsi zen bere lehen lanarekin: 2017an, Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuen Jusqu'à la garde zaintza partekatuari buruzko filma, eta zuzendaririk eta opera prima-rik onenen sariak irabazi zituen han, baita ikusleen saria ere, gerora, Donostian. Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko da Le successeur lanarekin. Aita hil ondoren, familiako etxean sekretu izugarri bat aurkituko du filmeko protagonista diseinatzaileak.
Ibilbide apalagoa izan bazuen ere, Nikou greziarraren estreinako lanak ere bereganatu zuen zaleen arreta, 2020an. Veneziako Orizzonti saila abiatu zuen haren Mila (Apples) filmak, eta harrera ona izan zuen. Ingelesez filmatu du bigarrena: Fingernails. Bikoteen maitasuna egiazkoa ote den probatzeko erakunde bat irudikatu du han.
Sail Ofizial osoa
Film hauek ere izango dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian, jaialdiak lehendik jakinarazi zuenez: Maria Alche eta Benjamin Naishtaten Puan, Jaione Cambordaren O corno, Robin Campilloren L'île rouge, Isabel Coixeten Un amor, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana, Raven Jacksonen All Dirt Taste of Salt, Joachim Lafosseren Un silence, Noah Pritzkerren Ex-Husbands, Cristi Puiuren MMXX eta Martin Rejtmanen La práctica.
Lehiaketatik kanpo, Hayao Miyazakiren Kimitachi wa do ikiruka (The Boy and the Heron) filmarekin abiatuko da Sail Ofiziala, eta James Marshen Dance First-ekin bukatu. Emanaldi berezi batean aurkeztuko dute Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player, baita Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javis bikote artistikoaren La Mesías telesaila ere.