‘Gesualdo WC station’
Ekoizpena: Bilboko Arriaga antzokia. Dramaturgia eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Ahots taldea: Voces Suaves. Eszenografia eta jantziak: Azegiñe Urigoitia. Bideoak: Jesus Pueyo. Argiak: Oier Ituarte. Espazioa eta proiekzioak: Javi Andraka. Antzezleak: Arrate Etxeberria, Txubio Fernandez de Jauregi, Sandra Fernandez Agirre, Aitor Borobia. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 12.
Carlo Gesualdoren historiak asko ematen du film baterako. Edo antzezlan baterako, zergatik ez. Italia hegoaldeko konpositorea familia aristokratiko batean jaio zen katalanen esku zegoen Aragoiko koroaren lurraldeetan. Berpizkunde Aroko konpositore fina izan zen —txikitatik jaso zuen musika-heziketa— eta musika bihurtu zitzaion bizirik segitzeko arrazoi bakarra, batez ere bere lehen emaztea eta amorantea krudelki akabatu ostean, ohean elkarrekin aurkitu eta gero.
Horra hor tragedia baterako material preziatua, are preziatuagoa jakin ezkero haren musika ahaztua izan zela duela gutxi bere lekuan jarria izan arte. Horra hor ere aspaldiko debatea, hots, noraino praktikatu behar dugun artearen eta artistaren arteko aldea, gurean Jon Miranderen kasua auzi korapilatsua dena. Honela zioen Silvio Rodriguezek Playa GirĂ³n izeneko kanta hartan: «¿Hasta dĂ³nde debemos practicar las verdades?».
Alex Gerediagak etekin mamitsua atera dio Gesualdoren figurari, haren madrigalak soinu-dekoratu bezala jarriz eta haien lirismo sublimearekin kontraste gordina sortuz taula gainean gertatzen zenaren aurrean. Zeren eta taula gainean gertatu denak zerikusi handia eduki du Coen anaien edo Tarantinoren estiloko gaizkile mafioso eta miserableen istorioekin, higienearen paradigma izaten diren tren-geltoki bateko komunetan garatua eta ideal nobleen etsenplua diren lau giza arratoiren eskuetatik ekarria.
Alde horretan, eta gainontzeko guztietan ere bai, bete-betean asmatu du Gerediagak elementu eszeniko bakoitzari, lau interpreteen rolei eta istorioaren garapenari garrantzia eta pisua emanez. Bide horretatik, diru-gosea, sexu-grina, jelosia, botere-harremanak, heriotza eta odola izan dira proposamenaren osagai ezinbestekoak, denak neurrian, denak ondo baino hobeto uztartuta, denak helburu berari begira, eta Gesualdoren pertsonaia emakume batek gorpuztu izanak —Arrate Etxeberriak— interes berezia gehitu dio muntaiari.
Basileako (Suitza) Voces Suaves kintetoak interpretatu ditu a capella konpositore hiltzailearen madrigalak, batzuetan palko batetik eta beste batzuetan agertokitik bertatik, maletak eskuan zeramatzatela, unez uneko bidaiariak balira bezala. Atzeko pantailetan burdinbideen eta trenen irudiak proiektatu dira — iradokitzaileak dira trenak, ezta? Ursula K. LeGuinek ere goraipatzen zituen bere zientzia-fikziozko munduetan—, dekoratuaren diseinua perfektua izan da kontakizunerako, eta amaitutakoan antzokitik irten gara antzezlan ondo eraiki, artegagarri eta inteligente bat ikusi izanaren sentsazioarekin.