KRITIKA. Antzerkia

Gu, azken katebegia

2025eko urriaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘La Consagración de la primavera’

Egilea: Roger Bernat. Zuzendaritza teknikoa: Txalo Toloza. Sorkuntza eszenikoa: Roger Bernat. Musika: Cristobal Saavedra Vidal. Non: Gasteizko Felix Petit antzokian. Noiz: urriak 2.

«Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel, zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?», dio Atxagaren poemak. Eta lelo hori parafraseatuz askotan galdetu diot neure buruari zergatik ez zuten programatzen gure geografietan Roger Bernartek 2010. urtean ondutako La consagración de la primavera (Udaberriaren sagaratzea). 

Horrela etortzen zitzaidan soka luzeko izen-andana burura: Stravinski, Nijinski, Diagilev, Bausch, Bernart, zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete? Dexente irakurria genuen muntaia horri buruz: besteak beste, partaidetzari buruzko hausnarketa irmoa eskaintzen duela ikusleak erabateko protagonista bihurtzen duelako, eta horrek teatroaren beraren kontzepzioa kolokan jartzen duela. Stravinski, Nijinski, Diagilev, Bausch, Bernart zein putzu edo zulotan ezkutatzen zareten errepikatzen nuen nire kautan, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdirako bidaian urduri. Zeren, teorian miresten duzun proposamenak praktikan huts egiten badizu, zer? 

Aretora pasatu baino lehen entzungailu bana eman digute oholtzara igotzeko eskatu baino lehen. Horien bitartez ahots mekaniko, artifizial batek jarraibideak emango dizkigu. Eszenatokian lau pareta daudela aditu dugu, hurbiltzeko, eta horma horiek irudikatzen duten arbeletan klarionaz idazteko aginduko digute. Hori izan da espazioaren gure lehenbiziko okupazioa. Horrela, batean «goiz alba», beste bietan «oihana» eta laugarrenean «muino» irakurriko da. Nolabait, espazioak itxia dela irudikatzen du, gainera, ez da inor jazarlekuetan geratzen. Naturako soinuak aditzen ditugu Stravinskiren partituraren moldaketa baino lehen; bozak pertsona batena ez dela aitortzen digu. 

Pina Bausch-en koreografia oinarri hartuta asmatu du Bernat-ek ikuskizun adierazgarri hau, non esanahi geruzak anitz diren begi-bistakoaz gain. Stravinski, Nijinski, Diagilev, Bausch, Bernart-en lanentzako ikuslea, gorputza ipintzeaz batera, okerrak egiten dituen kolektibo baten osagarria sentitzen da. Aldi berean entzungailuek bakartu egiten gaituzte eta ez dakigu denok instrukzio berak jasotzen ari garen edo huts egiten ari. Ikuskizuna isiltasuna eta iluntasuna erabiliz eteten da, baina ez dago inolako zuzenketarik. Jarraibide gehiago, pertsonaien banaketa, argumentuaren garapena aletzen ditu mintzoak. Gu, dantzariok, hainbatetan korrika, saltoka, zabuka, jakin gabe benetan agintaria nor den; gu antzezleok makina batekiko esaneko tropela, aldraka obeditzailea. Jolasak, poza emateaz gain, klik, zer pentsatua ematen digu.

Antzerkia puntako tresna da demokrazia, taldeen dinamikak, hierarkiak, lidergoa zein erabakiak hartzeari buruzko gogoeta egiteko, eta Roger Bernart eta bere taldeak ederto erakutsi digute hori. 

1916. urteko abuztuan burgesia eta noble udatiarrak, Diagilev-en Errusiar Balleten emanaldiaz gozatzeko, Donostiako Viktoria Eugeniara bildu ziren, gaur egungo beste klaseko ikusleak Gasteizko Jaialdira nola. Harrezkero mende bat pasatu da, eta atzokoan oholtza, antza, gurea zen. Eta bai, hor zeuden Igor, Vaslav, Sergei, Pina eta Bernart, gurekin batera, guretzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.