Haizea Barcenilla
Begiz

Gudak gelditu ez duena

2026ko ekainaren 16a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela egun batzuk Yasmine Nachabe Taan-en mezu bat jaso nuen, komisariatu duen azken erakusketarako gonbidapenarekin. Ohikoa da antzeko ikerketa gaiak dauzkaten urruneko lagunei halako mezuak bidaltzea, etorriko ez direla ongi dakigun arren; zertan gabiltzan jakiteko bidaltzen dizkiogu elkarri, proiektuek aurrera egiten dutela kontatzeko. Zenbaitetan, erakusketa edo kongresua oso urruti ez bada, eskapadatxo bat egiteko aitzakia ederra ematen digute halako abisuek.

Ez da oraingoan hala izango, ordea: Yasmine Mundu Arabiarreko Artearen Institutuko zuzendaria da, eta erakusketa bertan irekiko da ostegunean, Beiruten. Asko poztu ninduen gonbitak, azken hilabeteotan, Israelek Libanoren kontrako eraso bortitz eta ilegalak hasi zituenetik, gudaren egoerari buruzko mezuak besterik ez baitiogu elkarri idatzi Yasminek eta biok. Zer moduz zegoen galdetzen nion eraso bat zegoenean, eta berak bere egunerokoa kontatzen zidan: hiritik egun batzuetarako atera zenekoa, bere auzoa bonbardatuko zutenik uste ez bazuen ere, hirian zabaldutako kaos sentsaziotik atseden hartzeko; lanera lo egin gabe joan zenekoa, gau osoan bonbak erortzen entzun zituelako; edota droneen zarata euren ohiko bizitzaren parte bihurtzen hasi denekoa.

Hortik poza Marie el-Khazen (1899-1983) argazkilari apurtzailearen erakusketa antolatzea lortu duela jakitean. Orain dela lau urte ezagutu nuen Yasmine, kongresu batean, eta haren ilusioak eta bultzadak segituan harrapatu ninduten. El-Khazenen inguruan egin zuen ikerketa pasioz erakutsi zigun, eta Libanoko modernitatearen inguruko gogoeta zirraragarriak ekarri zizkigun. Orduan jada ari zen erakusketa honen aukeran pentsatzen. Hainbat oztopo gaindituta, azkenean iritsi da eguna.

Alde batetik, pena da erakusketa hain egoera bortitzean egitea, jende gutxiagok ikusiko duelako. Baina basakeria nagusi dugun aro honetan, non patioko bully-ek gobernatzen gaituzten eta adimen artifizialaren garapen azeleratuak pentsamenduaren garrantzia ahaztera eraman gaitzakeen, gure alderdi humanistari inoiz baino fuerteago heldu behar diogu. Arteari buruz pentsatzen jarraitzea bada erresistentzia modu bat ere; artea sortzea eta kultura baztertzeari uko egitea. Gudek eta kontrolik gabeko teknologiak deshumanizatu nahi gaituzte, gizaki ez denak ez baitu giza eskubiderik. Horregatik, beharrezkoa da gizaki egiten gaituen pentsamendu abstraktua, sortzailea eta konplexua aurrera eramatea; egoera Gazakoa bezain larria ez den bitartean, non bizirautea den helburu bakarra, arteak eta humanitateak giza integritatearen helduleku izango dira.

Zorionak erakusketagatik, Yasmine!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE