Ixtear da Bilboko Guggenheim museoaren etorkizuna. Aurten amaitzen da Bilboko museoak Solomon R. Guggenheim fundazioarekin duen kudeaketa hitzarmena, eta berritu egingo dute hurrengo urteetarako. 1994an sinatu zuten tratua, hogei urteko iraupenarekin, eta abenduaren 21ean amaituko da epea. Gaur arratsaldean egingo dute bilkura Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim Fundazioak, eta oraindik negoziazioak ez dira amaitu.
Hari buruz baikor aritu da gaur Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria. Eta Richard Armstrong Guggenheim fundazioko zuzendaria ere izan da Bilbon gaur: “100%ekoa da gure jarrera positiboa. Aldatu egin du munduaren kultur paisaia. %100enean gaude kooperazioa jarraitzearen alde”.
Museoa nork, nola eta zenatean kudeatu zehazten du paperak. Eta aldaketa batzuk izango direla iradoki dute sinatzaileek. Positiboa izan da hiru erakundeek azken 20 urteetako lankidetzaz egin duten balorazioa beti, eta ez zen berrikuntzan arazo handirik aurreikusten. Baina izan dira ñabardurak. Orain aste batzuk hitzartutakoan aldaketa batzuk egongo zirela aurreratu zuen Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu ordeak. Euskadi Irratian eskaini zuen elkarrizketan iradoki zuen hemendik aurrera Guggenheim sareaz independenteagoa izango dela Bilboko museoa. “Lehen AEBtik bideratuago zegoena ondo egiten dela erakutsi da”.
Ez baietzik ez ezetzik ez du esan gaur Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheimeko zuzendariak. “Eztabaida oraindik zabalik dago. Harremana mantentzearen aldekoa da jarrera. Erabat positiboa da kolaborazioaz egiten den balorazioa. Ez dugu uste aldaketa eta sorpresa handirik izango denik”. Hitzarmenaren epea ere ez dago itxita, baina bere adierazpenetan 20 urteko tartea aipatu du Armstrongek. Desenkusatu egin da gero. “Esan dezagun baikorra naizela”.
Museoa bete maisulan
Ospakizuna ere izan du urteurrenak. Izan ere, 'Gure garaiko artea' izeneko erakusketa inauguratu dute gaur Bilboko museoan. Bidartek berak onartu du: New Yorkeko fundazioaren eta Bilboko museoaren arteko tratuak 20 urte bete dituela ospatzeko antolatu dute bilduma. Solomon R. Guggenheim Fundazioari lotuta egotearen bertuteak dira erakusketak agerian utzi nahi duena. Munduko Guggenheim bildumetako maisulanez osatuta dago erakusketa, eta museo osoa hartzen du goitik behera.
Orain aste batzuk zabaldu zuten erakusketaren atalik zaharrena, eta gaur zabaldu dituzte beste bi solairuak. Pop art-etik XX. mende amaierarako ikuspegia eskaintzen du bigarren solairuak, eta besteak beste, Andy Warhol, Roy Lichenstein, Cy Twombly, George Baselitz, Anselm Kiefer, eta Joseph Beuys artistaren lanak biltzen ditu. 'XXI. Menderantz' deitzen da lehen solairuko bilduma, eta bertan bildu dituzte, besteak beste, Danh Vo, Ai Wei Wei eta Lee Bul artisten lanak.
Bidartek egin du deskribapen orokorra: “Orain 17 urte ireki zen museoa. Orduan Guggenheim bildumetako obraz bete zen museoa, eta orain une hura ospatu nahi izan dugu”. Oraingo erakusketa orduko erakusketaren ondorengo da, baina ez da berdina. “Bildumak zabaltzen joan dira”, azaldu du Bidartek. Zuzendariaren hitzetan, Afrika, Asia eta Hego Amerikako artista gehiago dituzte orain bildumek, eta baita emakumezko artista gehiago ere. “Aurrez hemen sekula ikusi gabekoak dira erakusten diren piezen laurdena”.