KULTURA

Guggenheim fundazioarekin ituna hogei urtez luzatzea onartu du Bilboko museoaren patronatuak

1994an sinatu zuten Bilboko museoa kudeatzeko hitzarmena Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Solomon R. Guggenheim fundazioarekin, eta abenduaren 21ean amaitzen zen epea.

Guggenheim Museoan eman dituzte hitzarmena luzatzeari buruzko xehetasunak. ARGAZKI PRESS
2014ko abenduaren 3a
21:05
Entzun

Bilera egin dute Bilboko museoaren patronatua osatzen duten kideek, eta bi hamarkada betetzear den hitzarmena beste hogei urtez luzatzea onartu dute. Ontzat jo duten testuan, museoaren historia jaso eta 1994ko akordioaren edukiak eguneratu dituzte. Horrez gain, fundazioak Bilboko museoari eskainiko dizkion zerbitzu berrien zerrenda bat ere egin dute.

Zehazki, hitzarmenaren luzapenaz gain, jabeak diren erakundeek —Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak— museoari “finantzazio maila egokia” ematea onartu dute, egitarau artistikoak osa eta artelanak eskura ditzan. Fundazioa "museoa kudeatu eta operatzetik Guggenheim Bilbao Museoaren kudeaketan parte hartzera" igaroko da, eta patronatuak babesa azaldu dio Urdaibain museoaren balizko handitze proiektu bat garatzeari.

Fundazioak, bere aldetik, konpromisoa hartu du bi urtero Bilbora eramateko Solomon R. Guggenheimen bildumako artelanez osatutako erakusketa bat. XX. eta XXI. mendeko lanekin osatuko dituzte erakusketak, sei hilabetez izango dira Bilbon eta horien gastuak fundazioak hartuko ditu bere gain.

Itunaren beste puntuetako bat da euskal artistentzako truke eta beka programa bat sortzea New Yorken. Bilboko museoaren patronatuak hitzarmena onartuta, datorren astean egingo du beste horrenbeste Solomon R. Guggenheim fundazioaren patronatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.