Bere funtsetara gehitu dituen artelan berriak erakustea eta bildumaren «aberastasuna eta aniztasuna» begien bistan jartzea. Bi asmo nagusi horiei segika osatu du Bilboko Guggenheim museoak bere bildumako artelanen erakusketa berria. Haren bidez, aurrez erakutsi gabeko artelanak ikusteko aukera izango du publikoak, baita azken urteotan museoaren funtsak «nola handitu eta aberastu» dituzten ere, museoaren zuzendari nagusi Miren Arzalluzek azaldu duenez. Marta Blavia museoko arte arduradunak egin ditu komisario lanak, eta BBK fundazioaren babesa izan du erakusketak. Museoaren hirugarren solairuan izango da ikusgai, bihartik aurrera.
Azken garaietan «artelan garrantzitsuak» eskuratu ahal izan dituztela azaldu du Arzalluzek. Hain zuzen, erositako hainbat obra ez ezik, Dimitris Daskalopoulos bildumagile greziarraren eta Al Held Fundazioaren «dohaintza eskuzabalak» eta Inge Rodenstocken bildumatik epe luzerako gordailu gisa iritsitako 53 pieza jaso ditu museoak. «Ekarpen garrantzitsuak dira; obra ugari aurkezteko aukera ematen digu, baita artista, estilo eta garai ezberdinen artean lotura berritzaileak asmatzeko eta gauzatzeko ere».
Denera, 39 artistaren 55 lan bildu dituzte erakusketan, eta horietatik 22 dira bildumara orain gutxi batutakoak. Arzalluz: «XX. mendearen bigarren erdiko erreferentziazko artisten lan berriez gain —besteak beste Basquiat, Klein, Tapies, Twombly eta Warholen artistenak—, erakusketak gure bildumako euskal artista batzuen lanak ere biltzen ditu, Txillida eta Oteiza maisuen lanetatik hasi, Ibon Aranberri, Juan Perez Agirregoikoa eta Erlea Maneros Zabala artista garaikideen lanetaraino».

Toki berean mantendu dituzten bost artelan izan ezik, hirugarren solairuko areto guztiak eraberritu dituzte, «arte garaikidearen konplexutasuna eta aberastasuna jasotzen duen kontakizun dinamiko eta plurala» sortzeko asmotan, Arzalluzen hitzetan. Marta Blaviak zehaztu duenez, lehen eta laugarren aretoak izan ezik —Yayoi Kusamaren obrak biltzen ditu batak, eta El Anatsuirenak besteak—, gainerako gela guztiek bilduma koralak agertzen dituzte. Izan ere, ardatz tematiko bati buruzkoa da areto bakoitza, eta artelanak «aurkezpen txiki, kolektibo eta independente» gisa antolatu dituzte horregatik. «Hala, elkarrizketa asko sortzen dira artisten eta artelanen artean».
Komisarioaren ustez, gaikako antolaketari esker, bi modutan geratzen da agerian bildumaren aberastasuna: «Batetik, galeriak mikrokosmos independenteak direnez, areto bakoitzak hausnarketa eta esperientzia estetiko oso ezberdinak eskaintzen ditu; eta bestetik, areto bakoitzaren barruan ere aniztasuna nabaritzen da, bildutako artistak askotariko testuinguru eta interes artistikotatik baitatoz. Hortaz, nahiz eta gaia partekatu, bakoitzak bere ikuspegitik eta sentikortasunetik lan egiten du, eta formaren eta teknikaren aldetik bere bidea egiten du. Horrek zabaldu egiten ditu perspektibak».

Bost areto, bost ardatz
Artea eta gatazka izenburupean bildu dituzte bigarren aretoko lanak, eta «hainbat lengoaia eta material artistiko baliatuta indarkeriaren esperientzian eta haren arrastoetan murgiltzen diren begiradak» elkartu dituzte gelan. Tartean dira, besteak beste, Jenny Holzerren Gerra bat egon zen (2019), Kendell Geersenen Akropolia orain (2004), Mona Hatoumen Gure etxea (1999) eta Anselm Kieferren Munduko jakinduriaren bideak: Hermann-en borroka (1982-1993) artelanak.
Hirugarren aretoan, berriz, pop arteari eta harren lorratzari egin diete lekua, eta hala, Warholen eta Basquiaten zenbait lanekin batera, Martin Kippenberger, Jeff Koons, Damien Hirst, Tom Sachs, Erwin Wurme, Mike Kelley eta Roy Lichtenstein artistenak ere ikusgai daude, beste hainbaten artean.

Abstrakzioa eta espazioa dira bosgarren aretoko protagonistak; bertan elkartu dituzte 1950eko hamarkadatik aurrera «espazioaren irudikapen tradizionala gainditu» zuten artista batzuk, hainbat belaunaldi, jatorri eta estilotakoak. Horien artean dira Al Helden Noeren ikuspegia II (1970) eta Ellsworth Kellyren Kurba horia I (1972) margolanak, baita Robert Rymanen 1974ko izenbururik gabeko beste koadro bat ere. Oteizaren eta Txillidaren obrak ere areto horretan bildu dituzte.Â
Ekintza eta keinua ardatz dituen artea erakusteko erabili dute seigarren aretoa, eta Tapies, Klein, Helen Frankenthaler, Lucio Fontana eta Martha Jungwirthen obrak daude bertan ikusgai, besteak beste. Eta azken aretoan lengoaia adierazpen plastikorako tresna gisa baliatu duten artisten lanak daude, tartean, Aranberri, Perez Agirregoikoa, Maneros Zabala eta Hanne Darbovenenak. Â Â