Maiatzaren 20, 21 eta 22an egingo dute aurtengo Olatu Talka jaialdia, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan. Herritarrek eta eragileek egindako proposamenekin osatu izan dute urtero jaialdiaren egitaraua, eta, zazpigarren urtez, halaxe egingo dute aurten ere. Hiriburutzaren urtea izanik, baina, oraingoa inoiz baino bereziagoa izango dela uste dute arduradunek, eta herritarrek «inoiz baino protagonismo handiagoa» izango dutela ere bai. Hain zuzen, Hiria egin leloa eman diote jaialdiari, eta herritarrek hiria eraldatzeko duten ahalmenean jarriko dute fokua hainbat egitasmok.Donostian dauden hainbat «toki kritiko» eraldatu egingo dituzte hainbat proiektuk.
Donostiarren urte osoko sormen lanaren erakusleiho izaten da jaialdia. Herritarren eta eragileen eskutik, 150 proposamenetik gora jaso dituzte antolatzaileek. Horiek aztertzen eta hirian zehar guztiei lekua egiteko nola antolatu pentsatzen ari da orain lantaldea, jaialdiko zuzendari Jon Aizpuruak azaldu duenez. Askotarikoak dira jasotako proiektuak: artea, musika, kirola, teknologia berriak, antzerkia, gastronomia, ingurumena... Horiei beste batzuk gehituko zaizkie; parte hartzeko, herritarrentzako deialdi bereziak egingo dituztela iragarri baitu Aizpuruk, Brigadak, Huts Uneak, Kontzertour eta Kontxa Gaumarket izeneko egitasmoen bidez.
Egitarau osoa, beraz, aurrerago jakinaraziko dute. Baina, jaialdiaren leloari jarraituz, helburu nagusian jarri nahi izan dute arreta. «Aurtengo ardatzetako bat hauxe da: hiritarrek, artearen eta kulturaren bidez, hiriaren eraldaketan eta hainbat arazotan eragiteko duten gaitasuna», adierazi du Iker Tolosa jaialdiko programazio taldeko kideak. Ildo horretan, hirian hutsik dauden edo segurtasunaren eta generoaren ikuspegitik kritikotzat jotzen diren zenbait toki eraldatzea xede duten lau egitasmo aurreratu dituzte.
41 puntu ilun dituen mapa
Donostiako Udaleko Berdintasun eta Partaidetza sailek eta hainbat eragilek elkarlanean, hiriko gune kritiko horiek identifikatzeko azterlana egin zuten iaz, eta 41 toki zehazten zituen mapa bat osatu zuten. Horietako batzuk eraldatzen ahaleginduko dira zenbait proiektu, auzolanean eta herritarren parte hartzearekin. Landatu, eraiki, birziklatu, argitu, berrerabili, konpondu, babestu edo margotu, askotariko lanak izango dituzte herritarrek, guneok «atseginago» bihurtzeko. Horretarako «tresna» izan nahi du jaialdiak.
Adibide gisa, auzoan halako espazio bat eraldatzeko bizilagunak proiektu bat prestatzen ari direla azaldu du Morlanstarrak auzo elkarteko Cristina Moranek. Egia Segurua egitasmoko kide Lola Boludak, berriz, adierazi du beren auzoko esperientzia hirira zabaltzeko modukoa dela; haurrak eskolara oinez eta beren kabuz joan zitezen jarri zuten martxan egitasmoa, eta auzoko beste hainbat espazioren erabilera berriro pentsatzeko balio izan duela azaldu du. M-Etxea kolektiboko Miren Izagirrek beste proiektu bat gauzatuko dutela Loiola eta Loiolako Erriberak auzoen arteko espazioak eta errepidearen azpian geratzen den gunea eraldatzeko, erabiltzaileen ikuspegitik, eta prozesu baten bidez garatuko dutela. Huts Uneak proiektuak, berriz, artistekin egingo duela lan gaineratu du egitasmoko komisario eta Espacio Reflex-eko kide Juan Aizpitartek, hirian dauden zenbait espazio huts «sormenez okupatzeko».
Gune kritikoak eraldatzea izango du helburu Olatu Talka jaialdiak
Herritarren eta eragileen 150 proposamen jaso dituzte aurten egitaraua osatzeko. Maiatzaren 20, 21 eta 22an egingo dute, D2016ren barruan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu