Gurasokeriari errezeloa

Iparraldearen eta Hegoaldearen artean hesi psikologiko bat dagoela nabarmendu dute Lujanbiok, Mendigurenek eta MarkezekHarremanetarako naturaltasuna aldarrikatu dute Iparraldea Bertan zikloko hitzaldian

Maialen Lujanbio, Mikel Markez, Xabier Mendiguren Elizegi eta Franck Dolosor, atzo Donostian egindako hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hegoaldeak Iparraldeari «gurasokeriaz, paternalismoz» begiratzen dio, Maialen Lujanbioren ustez. «Zilborra Hegoaldean dagoela uste dugu, eta Iparraldekoa mundu epikoa, idilikoa dela iruditzen zaigu». Eta, haren ustez, Iparraldean, berriz, errezeloz hartzen dute Hegoaldetik iritsitakoa. Bataren gurasokeriari, hortaz, bestearen errezeloa. Izan ere, Hegoaldearen eta Iparraldearen artean «eten bat» dago, Xabier Mendigurenen ustez. «Mugak funtzionatzen du mentalki». Horri aurre egiteko, harremanak naturalizatu beharko liratekeela nabarmendu zuten atzo Donostian Lujanbiok, Mendigurenek eta Mikel Markezek, Euskal Kulturaren Erakundeak eta Koldo Mitxelena kulturuneak antolatutako Iparraldea Bertan zikloaren barruan emandako hitzaldian.

Franck Dolosor ETBko kazetariak gidatu zuen solasaldia. Gonbidatuek Iparraldeaz daukaten ezagutza eta harekin duten lotura ezagutzea zen, batetik, hitzaldiaren helburuetako bat; eta, bestetik, literaturan, bertsolaritzan eta musikan mugarik ba ote dagoen jakitea. Hasteko, Iparraldearekin lotzen duten lehen oroitzapena kontatzeko eskatu zien Dolosorrek hiru solaskideei. Lujanbiok bertsogintzaren bidez izan zela azaldu zuen: «Bertso eskolan-eta, bertso zaharrak jasotzen genituen, eta Lapurdik, Baxenabarrek eta Zuberoak mundu misteriotsu bat iradokitzen ziguten, hitz askoren bidez. Gainera, Iparraldeak hain doinutegi aberatsa dauka...». Pierre Topet Etxaun Barkoxeko koblakariaren izena plazaratu zuen, esaterako.

Mendigurenek umetako oroitzapen bat ekarri zuen akordura: «Izeba batzuk Hondarribian bizi ziren, eta udan, han nengoela, beste aldera begira jartzen nintzen, eta esaten zidaten hura Frantzia zela. Abadia gaztelua ikusten nuen, baina pentsatzen nuen Napoleonena zela...». Handik urte batzuetara, ordea, «1978. urtean-edo» Errobiren doinuen oihartzuna edukitzen hasi zen. «Langilearen hamar manamenduak, Telebista... Daniel Landarten hitzak dituzte». Geroxeago, «20 bat urterekin», idazten hasi zenean, antzerki sariketa bat irabazi zuen ex aequo, eta Heletara (Lapurdi) joan zen hura jasotzera. «Hasi nintzen ezagutzen hango jendea, eta hala segitu dut. Baina ez ditut harremanak egin idazleekin edo musikariekin soilik, langileariarekin ere bai. Horrek lagundu dit hango errealitatea hobeto ezagutzen».

Ezagutu, Markezek Hendaiako dentista bat ezagutu zuen umea zela. Hori da Iparraldearekin lotzen duen aurreneko oroitzapena. «Errosarioa errezatu ondoren», amonaren etxean entzuten zituen Mixel Labegerieren «bi singleak» etorri zirena hurrena, eta baita urtero Errenteriako plazara etortzen ziren «tximaluzeak» ere. Minxoriak taldeaz eta Niko Etxartez ari zen. «Konturatzen zara kantagintzarentzat zenbateko garrantzia eduki duen Iparraldeak. Aurrena, kantu tradizionalekin bidez, eta gero rock doinuak ekarrita: Errobi, Etxart... Guretzat ispilu bat da, eta elkarri begiratzen diogu».

Lujanbiok, adibidez, ez du Iparraldea Bizkaiarengandik bereizten. «Batzuek hitz egiten dute Iparraldeaz osotasun bat balitz bezala. Hitzaldi hau bera ere arriskutsua izan daiteke; Iparraldea sujeto bezala hartzeak bihurtu lezake arriskutsu». Txapelketetan-eta Iparraldeko bertsolariekin nahasian aritu izan direla adierazi zuen, eta hizkuntzaren aldetik ez du arazorik ikusten. «Mundu erreferentziala, ordea, oso desberdina da. Hegoaldean Espainiako mundu erreferentziala daukagu». Markezek uste du Iparraldeko eta Hegoaldeko musikariek «erreferentzia komunak» dituztela elkarrekin daudenean, esparru erreferentziala diferentea izanagatik. Pentsatzen du, gainera, kantuak euskalkiak gainditzen dituela. «Suprefeta zer den, adibidez, kantuaren bidez ikasi dugu».

«Erdi errukiz, erdi penaz»

Literaturaren eremuan, berriz, Iparraldean sortutakoarekin «gurasokeriaz» jokatzen dela adierazi zuen Mendigurenek. «Esaten dugu: 'hangoek nahikoa egiten dute argitaratzen, eta ez dugu ba Maiatzek kaleratutako liburu bat kritikatuko, ez?'. Erdi penaz, erdi errukiz jokatzen dugu...». Haren esanetan, Iparraldeko idazleen lan «oso gutxi» irakurtzen dira Iparraldean. «Egia da, ordea, norberak bere inguruko egileetara jotzen duela».

Beraz, Lujanbiorentzat, «ukaezina» da badagoela «hesi psikologiko» bat. «Baina hesi bat egonik ere, gure parte da. Halere, kulturgintzan gabiltzanok gutxiago nabaritzen dugu». Alde horretatik, «pribilegiatuak» direla iruditzen zaio. Beste gauza bat da Hegoaldeko euskaldungoak nola sentitzen duen Iparraldea». Mendigurenek ez daki batak besteari zer irakatsdiezaiokeen, baina harremanak «modu naturalean» egitea onuragarria izango litzatekeela uste du. «Nahiko nuke Hegoaldeko jendea Iparraldera gehiago mugitzea, harremanak ez izatea komertzialak soilik». Eta uste du Hegoaldeari dagokiola Iparraldeari laguntzea: «Tokatzen zaigu. Han egindako diskoak edo liburuak erostea dagokigu. Baliabide instituzional gutxiago dituzte, eta badugu ardura bat, hobetoxego gaudelako».

Komunikabideek ere dagokien ardura dutela pentsatzen du Lujanbio. «Haiei dagokie elkar ezagutza hori ematea, eta gehienek, salbuespenak kenduta, ez dute oso ondo betetzen». Aitortu zuen, gainera, ez duela ezagutzen Iparraldearen «soziologia» erreala. «Iparraldera eta Euskal Herriko zenbait tokitara bertsotara joaten garenean, han bizi den jendearen lagin oso muineko batekin topo egiten dugu». Markezentzat, modu naturalean egindako «elkarlana» da hori iraultzeko bidea. Lujanbioren ustez, «harreman horrek bihurtzen du erreala herri bat». Hitzaldia hasi aurretik, Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidente zendu berria omendu zuten, txalo eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.