Kolore askotariko musika sorta eskaini digu aurten ere Tolosako Abesbatza Lehiaketak. Exijentziaren oztopoak eta bihurguneak gaindituta, talde bakoitzak bere jatorritik zein kultur ikuskeratik eskaini dizkigu aukeratutako kantuak. Kantari gehientsuenak gazteak dira, eta ahots gihartsua dute, kirolariak balira bezala, ume-umetatik jakindurian heziak. Egokiera hau Euskal Herrian serioski garatzeko eta estimatzeko egiturarik noiz sendotuko zain dago gure kultur immaterialaren ondarea! Ez dezagun gehiago ahanzturan utzi gure senaren parte garrantzitsu izan duguna.
Saio eta ekimen bakoitza bakana eta errepikaezina izan da, eta entzuleok oroimenean eramango ditugu; kantariek eta zuzendariek, berriz, publikoaren berotasun baldintzarik gabea daramate. Teknikoki eta azken urteetako joerari erreparatuz, nabaritu da kalitatearen beheititze arina.Â
Jarraian entzundakotik apuntetxo batzuk:
Letoniako Anima Solla izan da, saririk jaso ez arren, atentzioa eman didan taldea. Sei emazte ahots aurkeztu dituzte. Musika sentitzeko eta zeharkatzeko patxada eta arnasketa lasaia izan dute, baina beharbada agudo muturrekoetan tentsiozko zorroztasunagatik gora jotzeko arriskuan ibili dira. Disonantzia zailetatik kontsonantzian lur hartzeko erraztasuna jorratu dute, baita garaiaren arabera maneraz aldatzeko gaitasunak ere; interesgarri iruditu zaizkit. Elizatik aretorako aldaketan umezurtz sentitu dira, oihartzunaren babesik ezean.Â
Ganbara taldeen artean, entzuleak bereziki Alemaniako Sonat Vox taldea estimatu du. Urteetako heziketa landua duten kantore gazteek neurri bereko zuzendaria dute, Justus Merkelek egitarau erakargarria batu baitu, eta estridentziarik gabe atera die zukua pianissimoei, isiltasun tarteak sortuz, eta publikoaren barrunbeetara iritsi da emandakoarekin.
Bi suediar talde ere ibili dira ganbara taldeen artean garaien. Haien kantatzeko fintasuna aipatuko nuke. Svanholm taldeko gizonezko kantariek herri musikari lotu ohi zaion kantaeraz eta suediar folklorez landutako doinuz abestu dute. Itxura sinpleekin jolasteko jakinduria darie. Baina nahiko nukeen aukeratu duten Rakhmaninoven Bezpera beste trataeran entzun, tenore eta baxu tinbratuagoekin. En Kor da beste talde suediarra, dozena bat gizon eta emakumek osatzen dute, eta haren bertute ugarietako bat aipatzekotan, soinuaren kalitatea eta harmonikoen aberastasuna aipatuko nuke, monodian aritzetik hamabi ahots desberdinetara igarotzeko arazorik gabe, nahiz eta egitarau sakroan koska bat beherago gertatu ziren. Leidorren suspertu eta intimismotik erregistro ozenagora edo kutsu errimikoetara pasatu ziren, eta isilune esankor bezain zailak ere lortu zituzten tartean.
Ganbera abesbatzetan, Alemaniako Detmold unibertsitateko koruaren bitxikeriak aipatu behar. Tolosarako propio enkargatutako Txorietan buruzagi kanta zuberotarraren moldaketa goxoa eta Shaw konpositorearen Allemande obra egin dituzte.
Nabarmenena AEBetako Delaware Unibertsitate entzutetsuko korua izan da —beste hainbaten artean bertatik pasatutakoa da Joe Biden presidentea—. Aurrelan eraginkor eta bikaina burutu du Paul Head maisuak Tolosara heltzerako. Guztia du kontrolpean, eta makina ia bakarrik doa aitzina. Maisuki eman ditu swing, espiritual eta arimari loturiko doinuak kopetaldeko tinbre gozoko inpostazioa sopranoetan eta gainontzeko taldekideen arteko oreka landuaz. Dena den, pareko egiteko gaitasuna erakutsi digute Bustoren Ave Verum eskaintzean edo J Smithen Both sides now interpretatzean, piano eder eta kontraste handiko dinamika oparoekin. Horren adibide da Sorozabalen Arrosa Lilia kanta zoragarria ere. Paperean iduriz, ez dakar zailtasun harmoniko edo material berezirik, baina gehienei ez zaie xamurra egin. Harmoniaren joskuran, zumeek arruntak dirudite, baina horien guztien oihartzunak behar bezala eman ahal izateko, lehenik ulertu egin behar dira. XX. mendeko hastapeneko euskal konpositoreek sortutako musika piezetan ia ikusezinak diren ñabardurak daude ezkutuan (neo-erromantikoak?), eta Head maisuak ederki identifikatu eta igorri dizkigu, inork ez bezala, eta, gainera, hiru kantari jarri ditu bakarlariari dagokion paperean, emaitza borobiltze aldera.
Yumecan koru japoniarreko neska taldeak bestelako aireak eta ahoskerak ekarri dizkigu; bat-batean arrotza ere suertatu zait, baina lanak aurrera zihoazen heinean ederki adierazi dute europar autore klasikoak eta haien kontrapuntuak baino egokiagoak dituztela japoniar klasikoenak edo folklore kutsukoak: Toyotaka Tsuchida konpositoreari dioten zaletasunak harritu gaitu, eman duten errepertorioaren erdia bere lumatik ateratakoa izan baita. Afinazio kontuetan oso zehatz aritu dira. Pianoaren laguntzarekin aritu dira, eta, oro har, horren afinazio tenperaturaren efektuaren inpresioa eman didate entzutera; berezia.
Aurreko asteburuan letoniarrak nagusitu ziren, eta oraingoan ere bertan izan dugu Balsis letoniar koru polita. Originaltasun puntu batekin aritu dira; hala nola Bustok idatzitako Ave Verum obrarekin hartutako lizentzia egokiekin, esaldiei dagozkien mikro tempo rubatoekin. Trebeak izan dira Gesualdoren disonantzia ederrak ere argitasunez erabakitzeko orduan. Obra ederra benetan Eric Whitacreren Leonardok bere hegan egiteko tramankuluarekin amets egiten du. Historian murgildu gintuen tinbre dirdiratsu eta aberatsekin arriskatuaz, zuzendariaren keinu zirikatzailearekin. Badirudi idazkera zaileko partiturak airoski lantzea dela Letoniako abesbatzen bereizgarrietako bat. Oso gazteak dira, eta tarteka afinazioarekin labain egin zuten. Orain gure ametsetarako geldituko dira doinu horiek guztiak, eta espero dut hala geldituko dela parean izan ditugun artista handi horien memorian ere.