Haizea Barcenilla
Begiz

Gure koloreak

2026ko otsailaren 10a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburuan, Sei Nazioen errugbi txapelketa ematen ari ziren taberna batean sartu ginen, menturaz. Eskozia eta Italia jokatzen ari ziren eta pertsona bakar bat zegoen pantailari begira, 50 urte inguruko gizon bat. Esertzera gindoazela, bikotekideari esan nion errugbian beti gustatu izan zaidala maskulinitatearen klixe guztiekin bat egin dezakeen kirol batek (bortitza da, oso fisikoa, minari dagokionez errukigabea) ezusteko koloreak izatea uniformeetan: Stade Français taldea txikle-arrosaz doa beti, eta ematen ari ziren partidan Eskozia lilaz jantzita zegoen. Futbolean nekez ikusten da ekipamendu arrosa edo lilarik, kolore horiek emakumeen xamurtasuna igortzen ei dutelako, eta ezin omen zaio gizon bati halakorik atxiki, are gutxiago kirolaria bada. Hortaz, pozgarria iruditzen zait lilaz janzten diren gizonak ere indartsuak izan daitezkeela erakustea.

Gure aurreko mahaian zegoen ikusleak, aldiz, guztiz kontrakoa pentsatzen zuen. Lagun bat partida nola zihoan galdetzera hurbildu zitzaionean, oihuka esan zuen, denok entzun genezan, Eskoziak uniforme «tamalgarria» zeramala, «zer da puta mierda hori». Nire ilusioak zulora: argi geratu zen Euskal Herrian oraindik femeninotzat hartzen diren koloreak lotsagarri ikusten direla gizon baten soinean. Izan ere, polita izateaz gain, diseinu ona zuen uniformeak eta gorpuzkera ederra egiten zien jokalariei. Baina ez zegoen eztabaidatzerik: lila zen. Akabo.

Joera hau berdin-berdin errepikatzen da artean. Artista emakume batek kolore arrosa erabiltzen badu —Rosa Valverde dut buruan—, edota apainketarekin lotzen diren elementuak —makillajea, adibidez, edo parpailak—, segituan sailkatzen da femenino kategorian, eta horrek bestelako edozein azterketa sakon baztertzen du. Are gehiago, ikusle askoren begietara, tabernako gizonaren kasuan bezala, zuzenean pasatzen da tamalgarria izatera. Hala ere, bi aldeetara doa eragina: emakume batek elementu horiek erabiltzen baditu, gutxietsiko den arren, emakumeengandik espero daitekeena beteko da behintzat. Egilea gizona bada, aldiz, zuzenean doa puta mierda kategoriara.

Zorionez, artean joera hau apur bat malgutu da azken urteotan, belaunaldi berriek —aitorpena merezi duten ez hain berri batzuekin batera; Eduardo Sourrouille, kasurako— generoen banaketa zorrotz horrekin apurtzeko egin duten saiakerari esker. Asteburuko pasadizoak, ordea, argi utzi zidan queer taldetxo baten ahaleginak ez direla gizarte guztiaren isla. Taberna osoari lila izateagatik zerbait puta mierda bat dela oihukatu behar dionak, maskulinitatearen indarra erakutsi beharrean, horren inguruan sentitzen duen ahultasuna besterik ez du berresten. Eta ahultasunak posizio bortitz eta kontserbadoreetara eramaten du maiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA