Kritika-Literatura

Gure utopien bila

Alba Garmendia / 'Etxeko leihoak unibertsora'
Irati Majuelo.
2025eko abenduaren 7a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Etxeko leihoak unibertsora'

Egilea: Alba Garmendia Castaños.

Argitaletxea: Txalaparta.

Etxeko leihoak zabaltzeko eskatzen digu Alba Garmendia filosofoak. Azurmendiren bueltan eratu den belaunaldi berri baten parte da, pentsalariaren lana ondratzeaz gain, harekin elkarrizketan gauza oso interesgarriak proposatzen ari dena. Horren adibide Iparrorratza bildumak dakarren saiakera hau.

Utopiaz ari zaigu idazlea, bestelako gizarteak irudikatzeko, aldatzeko, zalantzan jartzeko duen potentziaz. Filosofoak dioenez, oinarri politikoa eta estetikoa behar ditu, biak ala biak, utopia ez baita (edo ez baitu izan behar) programa politiko hutsa, eta ez baita fantasiazko irudipen xaloa. Utopia motor izan daiteke, errealitate ezezagunak zabaltzeko gaitasun estetikoa badu, eta imajinazio ariketa horretan, beti egongo da sustrai politiko bat, desiragarri ditugunen oinarri, utopietan zehazten baitugu gizarte baten alderdi oro: zein den naturarekin duen harremana, nolakoak diren eraikinak, nolakoa osasun-sistema, zein hizkuntzatan mintzatzen den utopia hori. Motor izan daiteke, hortaz, baina ez da beti eraldaketa sozialerako.

Saiakera generoaren izaerari bete-betean heltzen dio liburu honek. Ikerketa luze baten ondorio izanik ere, estilo akademikotik erabat urruntzen da, eta, hala, lortzen du irakurlearekin elkarrizketa bat sortzea, eta ez soilik informazioa ematea. Hau da, utopiaren inguruko ideia eta gatazka nagusiak biltzen ditu, bai, baina horiekin oinarria jarri eta, hortik aurrera, saiakeraren beste aldean dagoena xaxatu egiten du, kontrapuntuak iradokitzen dizkio, deserosotasunak planteatu eta galdera berriei ekin, Euskal Herriko adibide zehatzetan lurreratzeaz batera. Horretarako, gakoa da hizkuntza eta hizkera. Euskara aberats eta malguan idazteaz gain, zorroztasuna eta umorea konbinatzen ditu Garmendiak, eta gauza serioek behar duten tonu arin hori garatzen du era horretan.

Marko propioen aldeko aldarria egiten du halaber idazleak. Ildo horretan, saiakeraren amaiera aldera, mahai gainean jartzen du zalantza, Euskal Herriko testuinguruan egon ote den utopia kritikorik, eta, hala izan ezean, egon ote den bestelakorik. Edo hobeki esanda, behin gure markoak ezarrita, eredu hegemonikorik bilatu beharrik gabe, galdetzen du nola pentsatu edo irudikatu ote ditugun utopiak. «Idatzi ez dudan liburua da hori, eta ez interesik gabekoa», dio Garmendiak. Idatzi gabeko horren esperoan geratu beharko dugu, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.