Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

Guridiren 'Amaya' euskarazko opera berreskuratuko du Hamabostaldiak etzi

Jesus Guridik 1920an idatzi zuen 'Amaya', eta euskal operaren historian mugarria izan zen drama liriko hura kontzertu bertsioan emango dute Kursaal auditoriumean. Euskadiko Orkestra, Easo abesbatza eta hainbat euskal abeslari ariko dira emanaldian.

'Amaya' operaren entsegua, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Amaya' operaren entsegua, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 7a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal nazionalismoak XX. mendearen hasieran izan zuen loraldian idatzi zuen Jesus Guridik Amaya opera. Amaia edo euskaldunak VIII. mendean liburua izan zuen inspirazio iturri, Francisco Navarro Villosladak 1879an argitaratua. Eta liburu horrek, aldi berean,Teodosio Goñiren elezaharra zuen ardatz.

Kondaira horrek elementu kristauak eta paganoak nahasten ditu. Elezaharraren arabera, VIII. mendean Teodosio musulmanen aurka borrokatu zen, eta etxera itzultzen ari zela deabruak iruzur eginda bere gurasoak hil zituen. Hilketen ondorioz, Erromara joan zen penitentzia egitera, eta bizi osorako kateatu zuten. Etxera itzultzen ari zela, Aralarko herensugearekin topo egin zuen, eta Done Mikel Aralarkoak salbatu zuen. Soinean zeramatzan kateak apurtu zizkion —Aralarko santutegian daude eskegita ustezko kate horiek—, eta, penitentziatik salbu zela, Amaiarengana joan zen. Amaia Aitor patriarka mitikoaren azken ondorengoa zen, baina Amagoya paganismoaren defendatzaile sutsuaren iloba ere bai.

Guridiren operak horixe kontatzen du: paganismoaren eta kristautasunaren artean bizi zen trantsizio egoera. Musika Hamabostaldiaren emanaldi hori kontzertu bertsioan egingo dute Kursaaleko auditoriumean etzi, 20:00etan. 

«Marketin arazo bat dugu: ez dakigu gure produktua ongi saltzen»

DIEGO MARTIN-ETXEBARRIA Orkestra zuzendaria

Operaren konpositoreak euskal elementu folkloriko ugari gehitu zizkion Navarro Villosladaren kontakizun horri: ezpata dantza, esate baterako. Eta hamar urteko sorkuntza prozesuaren ondoren, 1920ko maiatzean estreinatu zuen, Bilboko Koliseo Albian. Hamarkada bat lehenago Mirentxu izeneko opera ere idatzi zuen, baina bigarrenarekin lortu zuen ospea. Haren ondoren, operak albo batera utzi zituen, eta zarzuelak konposatu zituen. Gorka Miranda Easo abesbatzako zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, Guridiren lana «ikuspegi kulturaletik eta antropologikotik» da interesgarria. Amaya «obra enblematiko» baten moduan ulertu behar dela uste du hark.

Arrakastaren desoreka

Teodosioren rola jokatzen duenak ere, Gillen Murgia tenorrak, Guridi miresten duela esan du. Bakarlariaren esanetan, konpositore hark euskal musikan lokala zena unibertsal bilakatzea lortu zuen. Eta Diego Martin-Etxeberria orkestra zuzendariaren arabera, hor dago, hain justu, euskal operak gaur egun duen arazoa. «Marketin arazo bat dugu: ez dakigu gure produktua ongi saltzen», gaitzetsi du. Bertako errealitatea Alemanian ezagutu duenarekin alderatu du, eta, haren esanetan, han «edozein operak» du arrakasta; hemen, berriz, iruditzen zaio programaren izenburuan ezaguna ez den izen bat ageri bada zaila dela arrakasta izatea. Guridik lortu zuena lortzeko arduraren zati bat konpositoreei egotzi die hark: «Konpositoreak, pieza bat sortzen duen bakoitzean, publikoa izan behar du gogoan; emaitzan asko nabaritzen da hori».

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendariak, bestalde, gogora ekarri du larunbatean egingo duten saioa 2020ko Musika Hamabostaldian egitekoak zirela. Izan ere, Amaya-ren 100. urteurrenaren ospakizuna izango zena ezerezean utzi zuen pandemiak, eta bost urte geroago heldu zaio ordua. Kursaaleko oholtza gainean, Euskadiko Orkestra, Easo abesbatza, eta Arantza Ezenarro eta Gillen Mungia buru dituen bakarlari taldea arituko dira, guztiak Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean. Drama lirikoa kontzertu formatuan eskainiko dute, hori baitoakio egokien piezari Murgiaren ustetan. Gehitu duenez, pertsonaia bakoitzak emanaldian esaten dituen hitz nabarmenetatik abiatzen da musika.

«Bikaintasuna etxean dagoenean, alferrikakoa da kanpora begira aritzea»

PATRICK ALFAYA Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendaria

Teodosioren rola jokatuko du tenorrak emanaldian, eta alboan Amaiaren rola jokatzen izango du Ezenarro. Azken horrek esan du Guridiren lana «konplexua» dela, hasieratik bukaerara arte duen musikaren mailagatik. Zuzendari lanak egingo dituenak ere, Martin-Etxebarriak, bide beretik hitz egin du bi ordu eta erdi inguru iraungo duen emanaldiaz; zehazki, «saio trinkoa» izango dela esan du.

Guridiren lana goratu ostean, larunbateko emanaldiarekin duten asmo anbiziotsua azaldu du Musika Hamabostaldiaren zuzendariak. Kursaalekoaren ondoren Amaya-k ibilbide luzeagoa izatea espero du, eta Hamabostaldiko emanaldia ibilbide horretan mugarri bat izatea gustatuko litzaioke. Horrez gain, harrotasunez adierazi du oholtza gaina «ehuneko ehun euskalduna» izango dela: «Bikaintasuna etxean dagoenean, alferrikakoa da kanpora begira aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.