Ibilbide luzeko musikaria da Iosu Izagirre kontrabaxu jolea (Gasteiz, 1974). 15 urterekin hasi zen rock eta ska taldeetan baxu elektrikoa jotzen, eta ordudanik, besteak beste, Mikel Urdangarin, Gari, Mikel Laboa eta Ruper Ordorikarekin lan egin izan du. Betagarri taldeko kide ere izan zen hamar urtez, eta Bartzelonako jazz eszenan ere aritu zen aldi batean. Orain dela hiru urte argitaratu zuen bera buru duen seikotearen lehenengo diskoa, Mingus Mood, eta musikari berberekin grabatu du Ilusio lan berria ere (Errabal, 2025), alegia, Aitor Bravo (bateria), Asier Iturbe (tronboia), Pablo Ramos (saxo altua), Ruben Salvador (tronpeta) eta Koldo Uriarterekin (pianoa). Gasteizko Jazzaldian aurkeztuko du gaur, Europa jauregian, 17:30ean.
Orain dela gutxi Getxo Jazzen jo duzue, eta gaur, berriz, Gasteizko Jazzaldian izango zarete. Zer sentiarazten dizu bi jaialdi handi horietan jotzeak?
Onespena da etortzen zaidan hitza. Hau gure bigarren diskoa da, eta ez nuen pentsatzen horrelako ibilbidea izango zuenik. Lehenengo diskoa 2023an atera genuen, eta eman genituen kontzertu batzuk, baina asko tabernetan-eta. Eta halako batean bigarren diskoarekin interesa sorrarazteak, kritika oso ona jasotzeak eta jaialdi handiek gu programatzeak, ba, ilusio handia egin digu. Ilusioa eta poza.
Harrera ona izan du, beraz, diskoak.
Bai, bai. Azaroan atera zen, eta oso kritika onak izan ditu. Ez bakarrik jazz zaleenak, baita bereziki zaleak ez direnenak ere. Jendeak esan digu gustura entzun duela diskoa.
Mingus Mood lehenengo diskoak izenburutik bertatik adierazten zuen diskoaren nolabaiteko omenaldi kutsua, nahiz eta pieza ia guztiak zuk idatzitakoak izan. Badu Ilusio-k, hark bezala, ideia jakin bat atzean?
Hau beste modu batean planteatu dut. Nik, normalean, beste jende batentzat egin izan dut lan, eta nire musika ez dut kaleratu. Mingus Mood-ekin, adibidez, Charles Mingusez mozorrotu nintzen konposatzen hasteko. Ez nuen garbi zein zen nire ahotsa, eta disko hura ariketa moduko bat izan zen. Mingusen estilotik hainbat ezaugarri hartu nituen ni neu sortzen hasteko. Oraingoan, aldiz, ezberdina izan da, eta neure buruari galdetu diot: «Nor zara zu? Zein da zure barnetik ateratzen den musika?». Eta horrela, sarerik gabe, ausartzea izan da kontua. Noski, Mingusen eragina nabaritzen da, niretzat erreferentzia bat izan delako, baina beste musikari batzuena ere bai. Eta baita beste musika batzuena ere.
«Mingusen estilotik hainbat ezaugarri hartu nituen ni neu sortzen hasteko. Oraingoan, aldiz, ezberdina izan da, eta neure buruari galdetu diot: 'Nor zara zu? Zein da zure barnetik ateratzen den musika?'»
Izenburuaz zer esan dezakezu? Baikortasuna adierazten du.
Bi adieratan gustatzen zait. Alde batetik, baikor izatea eta ilusioa edukitzea inportantea delako, baina, bestetik, halako disko bat egitea ilusio bat ere izan daitekeelako. Gaur egun, musika industria nola dagoen eta jazz zirkuitua zein txikia den jakinda, ilusio bat izan daiteke disko bat egitea.
Aurreko diskoan parte hartu zuen taldearekin grabatu duzu Ilusio. Horietako batzuk aspaldiko lagunak dituzu, eta, esaterako, Uriarterekin Sant Pau 44 taldean aritu zinen. Zer eskaintzen dizute taldekideek?
Horretan ere, Mingusen figura erreferentzia bat izan da. Mingusek beti talde handiak izaten zituen inguruan, eta ni neu ere talde gizona izan naiz beti. Gustatzen zait musikak talde nortasuna izatea, eta nire proiektuan zaindu egiten dut hori. Gaur egun, jazzean, izen propio baten atzean biltzen dira taldeak, baina gustatzen zait garai bateko taldeen izaera hori, Weather Report eta halakoena. Nik, adibidez, batzuetan ezezkoa eman diet kontzertu proposamen batzuei, taldekideren batek ezin zuelako jo egun horretan gurekin. Seikote bat gara, eta horrela izatea gustatzen zait.
Jazz munduan, ohituta zaudete beste proiektu batzuetan ere parte hartzera. Zaila da taldeari eustea?
Nik, momentuz, mantentzen dut taldea, eta, baten bat falta bada, nahiago dut ez jo. Egunen batean, kontzertu bereziren bat proposatzen badidate, agian ordezkoren bat bilatu beharko dut baten batek parte har ezin badezake. Baina lau urte daramatzagu elkarrekin jotzen, eta uste dut talde soinua lortu dugula.
Aurreko diskoan, Ilegales taldearen kantu baten bertsioa sartu zenuen. Oraingoan, denak dira zureak.
Badaezpada, banuen baten bat hor gordeta... Egia esan, nik ez nuen disko hau egiteko asmorik, baina Gasteizko Sonora estudiokoek animatu ninduten disko berri bat grabatzera. Eta, horrela, 2024ko Gabonetan eta iazko Aste Santuan sortu nituen abesti gehienak, ideia batzuk lehenagotik tiradera batean nituen arren. Neure buruari esan nion sei-zortzi pieza sortzen banituen nahiko izango zela, eta bestela bertsioren bat ere grabatuko genuela. Baina azkenean ez da beharrezkoa izan.
Lehenengo diskoa egin ostean, ez zenuen beste bat grabatzeko asmorik? Zergatik?
Nik ez nuen buruan lehen diskoa egitea ere! Orduan ere estudiokoek bultzatuta animatu nintzen. Baina oso zaila da halako proiektu bat aurrera eramatea. Esfortzu handia eskatzen du banda osatzeak, baldintza duineko kontzertuak bilatzeak... Orduak ematen dituzu musika sortzen, baina gero beste denbora piloa igarotzen duzu inork erantzuten ez dituen mezu elektronikoak bidaltzen, gestio lanak egiten eta abar. Hala ere, gero Getxotik edo Gasteizko Jazzalditik deitzen dizute, eta horrek berak ilusioa eta gogoa pizten dizu berriro ere. Nik 52 urte ditut, zorionez denetarik egin dut, eta ez daukat oholtza batean egoteko behar berezirik. Baldintza duinekin eta gogoz jotzea gustatzen zait, baina ez edonola.
«Oso zaila da halako proiektu bat aurrera eramatea. Esfortzu handia eskatzen du banda osatzeak, baldintza duineko kontzertuak bilatzeak»
Vital Fundazioaren Kulturunean grabatu zenuten diskoa, iazko uztaileko bi egunetan, eta zuzenean. Hori da modurik egokiena grabatzeko?
Nik esango nuke modu bakarra dela: musikari guztiak gela batean bildu, mikroak ireki, eta jo. Jazzean, interakzioa ezinbestekoa da, eta ez dago beste modurik. Zuzenena, azkarrena, merkeena eta leialena da grabatzeko modu hori.
Zuk idatzi dituzu diskoko pieza guztiak, baina beste musika tresnen pasarteak ere zuk idatzitakoak dira?
Bai; seikote bat izanda, inportantea da konponketak idaztea. Hirukote edo laukote batean, erritmo bat planteatzen duzu melodia eta harmoniarekin, eta ondoren musikarien arteko interakzioa sor daiteke, elkarrizketa baten moduan. Baina seikote batean, moldaketa gehiago idatzi behar dituzu, hiru haize tresna izanda bakoitzak bere lekua izan behar baitu. Inprobisaziorako tartea dago, baina hari bat egon behar du.
Kontzertuan disko honetan zentratuko zarete, edo berreskuratuko dituzue aurreko laneko piezak?
Bai, bai, izango dira aurreko diskokoak ere.
Etxean jotzeak zerbait berezia eragiten dizu?
Urduritasuna! Beti gertatzen zait Gasteizen, batez ere leku handietan. Familia eta lagunak izaten dira, eta normalean geure kontzertuetara etortzen ez den jende bat ere bai. Gerta daiteke auzokideren bat agertzea eta berak ez jakitea musikaria naizenik ere. Baina jotzen hasi bezain pronto pasatzen da urduritasuna.
Zu zeu Gasteizko Jazzaldiaren ohiko ikus-entzule izan zara? Baduzu buruan bereziki iltzatu zaizun kontzerturik?
Kontzertu asko eta asko ikusi ditut, baina, egia esateko, askotan zatika ikusten ditut. Aste honetan kontzertu asko izaten da, aretoetan, tabernetan eta abarretan, eta gu, askotan, batetik bestera ibiltzen gara. Taberna batean emanaldi bat jotzen hasi, gero Mendizorrotzara joan, eta han beste kontzertu baten zati bat ikusi, gero korrika beste taberna batera joan jotzera... Ikusten eta jotzen igarotzen dugu jazz musikariok Gasteizko Jazzaldia.
Mingusek ez ezik, zer kontrabaxu jotzailek eragin dizu?
Asko gustatzen zait Javier Colina, oso melodikoa delako. Baina asko daude: Ray Brown, Christian McBride, Avishai Cohen, Dave Holland... Baina, tira, jazzaz kanpoko musikariek ere eragin handia izan dute nigan, Bob Marleyk, The Selecter taldeak, The Clashek eta Negu Gorriak-ek, esaterako.