«Gure eskutitz trukearen hasiera honetan, Bashkim, Ramón Sánchez Lizarralde datorkit gogora, zure eta Ismael Kadaréren liburuen itzultzailea eta, diktadura frankistaren garaian, baita geroago ere, zure herrian, bisitatu ezinezko Albania hartan, genuen kontaktu bakarretakoa». Lerro horiekin hasten da Bernardo Atxagak Bashkim Shehu idazle albaniarrari (Tirana, 1955) 2015eko uztailaren 11n idatzitako eskutitza. Shehuren erantzuna jaso zuen ondoren Atxagak, eta gutunak elkarri idazten segitu zuten aurtengo apirilera bitartean. Eskutitz horiek Korrespondentziak izenpean kaleratu ditu orain Erein argitaletxeak, Donostia 2016 proiektuaren sustatzailearekin elkarlanean. Ez da, baina, Atxaga eta Shehuren artekoa liburu bihurtu duten gutun truke bakarra, guztira zortzi baitira argitalpenak eta honako hauek gainerako idazle bikoteak: Fernando Aranburu eta Hector Abad, Laura Mintegi eta Birgit Vanderbeke, Angel Erro eta Patrik Ourednik, Arantxa Urretabizkaia eta Menne Elfyn, Eider Rodriguez eta Belen Gopegui, Harkaitz Cano eta Dubravka Ugresic, eta Luisa Etxenike eta Mircea Cartarescu.
Txekhov vs Shakespeare izenburu orokorreko proiektuaren barruan kokatu behar dira eskutitz trukeak. Amos Oz idazle israeldarrak idatzi zuen bi modu daudela gatazkak literatur ikuspegitik ulertzeko: Shakespeareren «justizia poetikoa», eta Txekhoven «justizia tristea». «Lehenengoan, inork ez du amore ematen, printzipioak eta ohorea edozeren gainetik daude, baita bizitzaren gainetik ere, baina agertokia odolez betetzen da. Bigarrenean, berriz, pertsonaiek beraien desadostasunez eztabaidatzen dute, auziok konpontzen dituzte, eta, amaieran, etxera itzultzen dira, nahiko etsita. Baina bizirik». Hain zuzen ere, Donostia 2016k Euskal Herriko zortzi idazleak aukeratu zituenean, helarazi zien gatazkak izan behar zuela idazketaren haria edo abiapuntua, nahiz eta, gutun pertsonalak izanda, batera edo bestera jo duten idazleek idazketan. Ozek berak egin du zortzi liburuen atariko testua, Xabier Paya Donostia 2016ko Kultura zuzendariak egindako hiru galderari erantzuna emanda. Liburu bakoitzaren azala, berriz, ilustratzaile banak egin du: Maite Gurrutxaga, Sara Morante, Amaia Arrazola, Elena Odriozola, Iban Barrenetxea, Javier Isusi, Iker Aiestaran eta Ivan Matak.
Idazleak, aukeran
Euskal idazle gehienek berek aukeratu dute zeinekin trukatu nahi zituzten gutunak. Harkaitz Canok adibidez: «Nik aukeratu nuen Dubravka Ugresic, autore miretsia baitut». 1991n, Jugoslaviako gerra piztu zenean, Ugresic (Kroazia, 1949) oso kritiko agertu zen nazionalismo kroaziar eta serbiarrarekin, eta horrek arazo ugari ekarri zizkion—hedabideen jazarpena, besteak beste—, harik eta 1993an Kroaziatik alde egin zuen arte. «Beti oso ikuspuntu kritikoa izan du Kroaziarekin, baina baita Europarekin ere».
Garai batean genero epistolarra idazleen artean nahiko hedatua egon bazen ere, gaur egun apenas jorratzen den, eta baditu «bere zailtasunak», Canok aitortu duenez. «Oso gustagarria egin zait prozesua, baina ez erraza. Idazleok beti idazten dugu pentsatuz agian gero argitaratu egingo dela idatzitakoa. Baina generoak, era berean, badu zerbait aitorpenetik». Modu horretan, lehen gutunak aurkezpenerako baliatu arren, gerora, denborarekin, idazkide bakoitzari gertatutakoak agertu dira eskutitzetan. «Badu zerbait oso pertsonala».
Arantxa Urretabizkaiak, Canok ez bezala, ez zuen aukeratu bere korrespondentzia kidea. Donostia 2016ren esku utzi zuen hautua. «Erosotasun esparrutik ateratzeko» modua ikusi zuen hor idazleak, nahiz eta gero Menna Elfynekin (Gales, 1951) parekidetasun «dezente» aurkitu: «Adinkidea dut, hizkuntza gutxitu batean idazten du...».Urretabizkaiak ez zuen Elfyn aurrez ezagutzen, eta lehenengo gutuna aurkezpen modura planteatu zuen berak ere: «Nondik natorren, nora noan... Hori izan da zailena». Gerora, ordea, azaldu ziren kezkak, hizkuntza gutxitu batean idazteak dakartzanak batzuk eta bestelakoak ere bai, baita pertsonalak ere. «Konfiantza giro horrek beti ematen dizu kezka puntu bat, badakizulako gero argitaratu egingo dela».
Aurrez aurreko topaketak
Zortzi liburuen argitalpenaz gain, Txekhov vs Shakespeare egitasmoak proiektuan parte hartu duten idazleen arteko zuzeneko topaketak ere ahalbidetuko ditu. Hala, datorren astetik abenduaren 16ra arte, posta bidezko harremana izan duten idazleek aurrez aurre jardungo dute Aquariumean egingo diren saioetan. Horietako bakoitzean Angel Aldarondo zinemagilearen ikus-entzunezko pieza bat emango dute, eta Mabi Revuelta artistak publikoarekin elkarrekintzan aritzeko asmoa duen sormen lan bat proposatuko du. Nolabaiteko jostailu bat sortu du saioetarako: kaleidoskopio bat. «Denbora igaro dut pentsatzen nola eman forma ideiari, eta oroitu dut nola txikia nintzenean kaleidoskopioa nuen jostailurik gustukoena». Horrela, topaketa bakoitzerako kaleidoskopio bat sortu du, eta saioak eteteko bidea emango diote ikusleari. «Agente pasiboa izateari utzita, solasaldia etengo du ikusleak. Dibertimendu txiki bat izango da».
Gutunen kaleidoskopioa
Euskal Herriko eta atzerriko idazlez osatutako zortzi bikotek elkarri idatzitako gutunak beste horrenbeste liburutan argitaratu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu