thomas ospital
Egitaraua: 'Erraldoien oihartzunak: Bachen arkitekturatik egungo inprobisaziora': J. S. Bach eta F. Liszten obrak eta euskal melodien inguruko inprobisazioak. Lekua: Donostiako Koruko Andre Mariaren eliza. Eguna: abuztuaren 3a.
Organo Zikloak zale asko eta askotarikoak dituenez, eta jakinda munduko organistarik onenetarikoa genuela gurean, berrogeita bost minutuko aurrerapenarekin sartu nintzen elizan, toki ona izango nuela bermatzeko eta, bide batez, horrelako tokietan espero den lasaitasun eta isiltasunaz gozatzeko. Kontzertua hasi baino hogei minutu lehenago banku guztiak beteta zeuden jada, eta hasterako maila guztietan zegoen publikoa, baita zutik eta lurrean eserita ere.
Programak erraldoien promesa zeraman izenburuan, eta hasieratik sumatu zen haien presentzia. Lehena, Cavaillé-Coll organoa bera. Organo erromantikoa izaki, ez zaio, berez, errepertorio barrokoari guztiz egokitzen, baina soinu gozoa du, samurra, eta hiru eskuzko teklatuek zein pedalak, intentsitate eta koloreekin nahi beste jolastea ahalbidetzen du. Eta, gainera, beste erraldoi baten, Johann Sebastian Bachen Passacaglia eta Fuga do minorean (BWV 582) obra txundigarria da alderdi guztietatik, bai eraikuntza harmonikoari dagokionez, bai gai melodikoen aurkezpen originalagatik ere. Eta zeinen argi aurkeztu zizkigun Ospitalek partituran garatzen diren koral luterano guztiak, eta zeinen garden txirikordatu zituen gaiak fuga osoan.
Erraldoiz erraldoi, Liszten Fantasia eta fuga «Ad nos, ad salutarem undam» (Guregana, salbatuko gaituen iturrira) koralaren gainean organoaren eta organistaren hedapen osoa gertatu ziren. Weimarren idatzi zuen Lisztek obra itzel hori, ehun urte lehenago bertan bizi izan zen Bachen espirituak inspiratuta, nonbait, obra modu askeagoan garatzen duen arren. Fantasiak, izan ere, hasierako gaia eraldatu egiten du, guztiz sortzailea den uholdean sartuz, ehundura desberdinak miatuz; organistari eta, harekin batera, alboan beharrezkoak dituen erregistratzaileei ere kontzentrazio betea eskatuz, azken koral distiratsura iritsi arte.
Horrelako suziriak ateratzeko, noski, teknika fina eta instrumentuaren ezagutza sakona behar dira. Eta hori sobran dauka Ospitalek, lotzeko modu samurra, progresioak, eztandak eta inprobisazioak biribiltzen dituen erraldoiak.