Literatura

'Guztia urruntzea da': haurtzaroko «minetatik» abiatutako poemak

Hasier Larretxea idazleak haurtzaroko bizipenak hartu ditu inspirazio iturri nagusitzat, eta haiei distantziatik begiratuz ondu ditu testuak. Bere ibilbideko zazpigarren euskarazko poema liburua osatu du horrela.

Hasier Larretxea, gaur, Donostian, liburua eskuan duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Hasier Larretxea, gaur, Donostian, liburua eskuan duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko azaroaren 25a
17:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian iraganera begira idatzi du Hasier Larretxeak (Arraioz, Nafarroa, 1982). Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da (Alberdania) lan autobiografikoa kaleratu zuen iaz, bere bizipenak eta helduarora iritsitakoan izandako hausnarketak tartekatzen dituen liburua. Eta hura aurkeztu zuen egunean honako hau adierazi zuen idazleak: «Memoriatik idaztea biziki maite dut». Oraingoan, bada, beste memoria ariketa bat egin du Larretxeak: Guztia urruntzea da poema liburua. Susa argitaletxearekin plazaratu du.

Leire Lopez Susako editoreak azaldu duenez, haurtzaroko «minetatik» tiraka idatzitako olerkiak dira Larretxearenak, «bizitako horri aurrez aurre begiratu, eta aurrera egin nahi dutenak». Larretxeak berak aitortu du idazten hasi berritan ez zekiela ondo nondik jo, baina idazten joan ahala, topatu zuela zein zen hari gidaria: distantzia. Distantzia fisikoaz harago, beste mota bateko distantziari egin dio erreferentzia; norbera denaren eta izan denaren artekoari, denborak edo lekuz aldatzeak ematen duenari... Hala ere, idazleak ez du distantzia hori galera gisa ulertzen. Larretxea: «Distantziarik gabe ez dago perspektibarik; distantzia itzultzeko moduetako bat baita».

«Distantziarik gabe ez dago perspektibarik; distantzia itzultzeko moduetako bat baita»

HASIER LARRETXEA Idazlea

Xuan Bello idazlea aipatu du lehen-lehenik. Iragan uztailean zendu zen egilea, eta Larretxeak kontatu du erreferente bat dela beretzat, landa eremuaren inguruan egindako lanketarengatik. Hori dela eta, hari eskaini nahi izan dio liburua. Baina erreferentziaz beteta datoz liburuko gainerako orriak ere.

Orotara 38 poema jaso ditu lanean, hiru ataletan bilduta. Olerkietako batzuen aurretik beste artista batzuen esanak jarri ditu idazleak. Jericho Brown poeta estatubatuarraren hitzak irakur daitezke, tartean. Besteak beste, gorputzak eta queer identitatea izan ditu ardatz bere liburuetan. Baina idazleak ez ezik, musikarien kantuak ere badaude Larretxearen poemen aipamenen artean. Olaia Inziarte, Amorante eta Ruiseñora taldea dira liburuan dauden artistetako batzuk.

Norbere ateak

Klorodun itzalak da lehen atalaren izenburua. Atalik luzeena da; liburu erdia baino gehiago hartzen du. Laneko poema «zentralak» bertan topatu daitezkeela kontatu du Larretxeak, eta horietan dagoela haurtzaroa presenteen. Eduardo Halfon Guatemalako idazlearen aipu bat dago atalaren hasieran: «Haurtzaro orok bere irteera ateak ditu». Idazleak bere errealitatera ekarri du esaldia: «Nire kasuan ate horiek landa eremukoak dira, anitzenak bezala». Atal horretan idazleak, besteak beste, familia transmisioari egin dio erreferentzia, bai eta familian gailendutako iruditeria kolektiboari, eta hari aurre egiteko nahiari ere.

Bigarren ataleko poemak trantsizio gisa aurkeztu ditu idazleak —«poemek ez dute bata bestearen artean linealtasunik»—; bere buruari esperimentatzeko tartea eskaini baitio. Halaber, lehen atalean ez bezala, liburua «argiruntz» doala gaineratu du, eta Iratze hostoekin poemaren lerro batzuk aipatu ditu adibide gisa: «Zerbait eraldatzea/ ez da hura/ birrindu nahi izatea».

Sua itzaltzen bada atalean —azkena da— daude liburua idazteko prozesuan lehenengo idatzi zituen testuetako batzuk. Horietako bat da Non hasten da etxea. Arraiozeko (Nafarroa) bere etxean idatzi zuen testua Larretxeak, Ruiseñora taldearen Érase que se era kantua entzuten ari zela; «braust etorri zitzaidan», oroitu du. Idazlearentzat liburuaren funtsa jasotzen du poema horrek: «Galderen bidez identitatearen inguruan, sorterriaren inguruan eta etxearen kontzeptuaren inguruan hausnartu nahi izan dut».

Prozesuan idatzitako lehen poemak Guztia urruntzea da-ren azken atalean pilatzea ez da ausaz egindako zerbait. Larretxeak kontatu du Susako lantaldearekin biltzean konturatu zela haurtzaroa zein presente zegoen lanean, eta poemen ordenari garrantzi berezia eman zioten, hori islatu ahal izateko; «sinbolikoa ere bada», gaineratu du.

Haurtzaroari emandako protagonismoaz jabetuta, bere sorterrian liburu aurkezpen bat egingo du Larretxeak datorren abenduaren 13an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.