'FEÍSIMA ENFERMENDAD Y MUY TRISTE MUERTE DE LA REINA ISABEL I'
Kataluniako La Calorica konpainiaren Las aves antzezlana ikusi genuenontzat kultu-konpainia bihurtu zitzaigun berehala, eta haren beste lan bat Euskal Herrian zegoela jakitean ez dugu dudarik egin emanaldira joateko.
Aurrera jarraitu baino lehen, jakin beharra dago orain ezagutu duguna 2010ean estreinatu zenaren bertsio gaurkotua dela eta Kataluniako Institut del Teatren graduatu berriak ziren ikasle batzuek sortu zutela konpainia. Hona hemen beren sortze-manifestuko hitz batzuk: «Ez krisiak ez baliabide eskasiak ez digute eragotziko egin nahi dugun antzerkia egitea: antzerki anbiziotsua, konprometitua, problematika serioenei umorez ekingo diena eta antzerkian esku hartzen duten lengoaia guztiak sakontasun berarekin tratatuko dituena».
Ez da gutxi, gero, hasiberrien talde batentzat, baina Las aves-en ikusi genuen bezala, denbora garrenean beren printzipioei eutsi eta haietan sakondu dute. Beraz, nolabaiteko kutsu arkeologikoa dauka haien lehenbiziko lana ezagutu izanak. Feísima enfermedad y muy triste muerte de la reina Isabel I (Isabel I.aren gaixotasun itsusi baino itsusiagoa eta haren heriotza triste-tristea) deitu da izenburu benetan ez laburrean, baina emanaldiak laburtasunaren bertute ordainezina eduki du beste askoren artean, hirurogeita hamar minutu baino ez duelako iraun.
Bitartean Gaztelako Isabel Katolikoaren heriotzaren aurreko egunak bizi izan ditugu, eta haren oinordetza politikoak ekarriko zituen ondorioen prestaketa eta intrigak ere bai. Cisneros kardinal ultrakatoliko, inkisitoriala, eta makiavelikoak ekaitz perfektua sortuko du —errealitatean bezala— Isabel erreginarekin, haren handinahikeria eta botere-paranoia etengabe bultzatuz, eta gainontzeko pertsonaiak —Aragoiko Fernando eta haien alaba Juana nagusiki— bien txotxongilo legez utziz, errealitatean bezala berriz ere.
Ulertzekoa denez, Feísima enfermedad… honek ez dauka hamar urte geroago Las aves-ek erdietsitako probokazio eta garraztasun maila bera, baina sakonera-karga asko ditu eta satira fina eratzen du, pertsonaiek izango lituzketen jarreretan eta pentsamenduetan ezer aldatu gabe, hain izan ziren groteskoak haiek guztiak beren maiestate-itxuraren azpian. Bestetik, sano harritu gaituzte antzezle guztien sendotasunak eta euren arteko kohesio emankorrak. Presentzia eszenikoa, ahots-proiekzioa —gero eta gutxiagotan ematen dena, mila esker—, deklamazio garbia eta betiko antzerkiaren baliabide xumeen erabilera izan dira muntaiaren beste bertute batzuk, eta emanalditik gogobeteta irten gara, harribitxi bat ikusi izanaren sentsazioarekin.