begona del teso
Eppur si muove

Hainbat emakume fantastiko-itzelak

2025eko ekainaren 20a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Har ezazue, arren, fantastiko hitza Ibon Sarasolak bere hiztegian erabiltzen duen adieran, Mikel Fernandez Abaituaren esaldi hau adibidetzat hartuz: «Azken finean niretzat ez zagok diferentzia handirik errealismoaren eta fantastikotasunaren artean, errealitatearen pertzepzio guztiak baitira apur bat fantastikoak, oso fantastikoak ez direnean».

Jarraian agertuko diren emakumeak, aipu eta aitortza merezi duten hauek fantastikoak dira berbaren zentzu guzti-guztietan, bai alegiazkoan bai errealitateari dagokion horretan. Badira fantastikoak eta badira itzelak. Nik, lerroburua asmatzean, Txileko Una mujer fantástica filma izan dut buruan. Baita bihotzean ere. Sebastian Leilok zuzenduta, Daniela Vega aktore eta emakume transak gizonezko bere bikotekidea galtzen duen emakume transexualarena egiten du bertan. Laguna hiltzen denean, denen aurrean eta kontra defendatu beharko ditu bai amodioa, bai oroitzapenak, bai duintasuna. Hori guztia lortzeko, emakume indartsua, pasioz eta amorruz betea, emakume... fantastikoa (ez ahaztu, itzela eta ez alegiazkoa) bilakatu beharko du…

Hegoaldeko karteldegian ikusgai den Miss Carbón beste fantastiko batek da gidatua, Agustina Macrik (bai, Argentinako eta Boca Juniors futbol klubaren presidente izandako Mauricio Macriren alaba da). Pelikulan, alegiazko errealitateko kreatura ez den Carla Antonella Rodriguez emakume transaren benetako bizitza, ametsak eta borroka kontatzen dira. Lux Pascal aktore trans bikainak antzezten du Patagoniako Rio Turboko ikatz meatzetan egun ere lan egiten duen Carla. Txikitatik nahi izan zuen berak meatzari izatea. Pixka bat beranduago sumatu zuen emakume izan nahi zuela ere. Gizonezko nortasun-agiriak zituenez,  meatzean sartzen utzi zioten. Genero-trantsizioan ari zela, Argentinan norberak bere paperetan sentitzen zuen generoa adierazteko eskubidea aldarrikatzen zuen legeari eutsiz, emakumetzat aitortu zuen bere burua.

Emakumeek meatzean sartzerik ez zutela esaten zuen superstizio bati helduta, meategiaren buruek uko zioten jada Carlos ez zen Carlari lurraren sabelean beharrean jarraitzeari. Eskaini zioten, hori bai, soldata bera baina administrazioan…

Carlak ezetz, meatzari sentitzen zen bera. Emakumea ere bai. Borrokari ekin zion. Sutsu bezain tristaturik…. Alde izan zituen lankide gizonezkoak. Kontra, berriz, emakumezko harpiak…

Ez pentsa Miss Carbón ohiko LGTBI film horietako bat denik. Askoz harago doa, askoz proposamen eta erronka ausartagoak eskaini eta onartzen ditu. Nola? Ba, esaterako, trabestien izena eta izana erreibindikatuz. Pelikularen pertsonaia batek errefus egiten dio trantsizio osoa burutzeko ebaketari, zakila trabesti baten edertasunaren parte izugarria dela oihukatuz…

Ez pentsa Miss Carbón ohiko LGTBI film horietako bat denik. Askoz harago doa, askoz proposamen eta erronka ausartagoak eskaini eta onartzen ditu

Indartsua ere bada Miss Carbón bere zinema erabakietan. Meatzearen paisaiak (elurraren zuritasun zikindua, ikatzaren belztasun itsugarria) western moduko zenbaiten kutsu eta lilura ematen dio. Ikatza maneiatzeko, lekuz aldatzeko, transformatzeko egitura metalezkoek Mad Max-en azken atalaren estruktura herdoildu eta fantastikoak (hemen bai, hemen, nahi izanez gero, alegiazko adierazi edo uler dezakezue) dakarzkizue gogora…

Badira emakume fantastiko beste hiru gurean. Hainbat zinema jaialdi eta zineklub korritu ondoren, Hegoaldeko Filmin plataforman dastagai da Sujo, Fernanda Valadez eta Astrid Rondero mexikarrek egina. Oraingoan, alegiazkoak dira, bai, hainbat narrazio-errekurtso (hasieran eta bukaeran agertzen den zaldia, esaterako) eta irudiak tratatzeko manerak. Alta, noraino esan dezakegu errealismo magiko latinoamerikarra alegiazko zerbait denik? Mexiko ezin besarkatuzko hartan ez al dira kontu bera alegiazko errealitatea, errealitate areagotua eta errealitate erreala? Ximena Amann argazki zuzendariak sortutako argi erlantz fantastikoek zergatik ezin dute benetan jo errealitate gordinean?

Sujo Mexikoko indarkeriaz ari da. Baita Mexikoko esperantzaz ere.

Zinema ez al da alegiazko asmakizun fantastikoa?

'Miss Carbon' filma
Miss Carbón filmeko irudi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.