Hamabost akordeoi jotzaile lehiatuko dira Arrasate Hiria sariketan

Hamar herrialdetako musikariek parte hartuko dute, eta hiru Euskal Herrikoak izango dira. 25. urtemuga ospatzeko, disko bat atera dute

Erredakzioa
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ekitaldi berezia du aurtengoa Arrasate Hiria akordeoi sariketak (Gipuzkoa). XXV. urtemuga beteko du, eta, horregatik, ekitaldia hasi aurretik, Hauspoz, Accordion Contemporary diskoa plazaratu dute antolatzaileek, IBS Classical zigilu entzutetsuarekin. Disko horretan aurreko ekitaldietan saritutako hainbat konposizio interpretatu dituzte noizbait saridun izan diren hiru akordeoi jotzailek: Maria Zubimendi, AnderTelleria eta Olga Morral izan dira interpreteak.

Aurtengo nazioarteko sariketa abenduaren 8tik 10era bitartean egingo da, eta hamar herrialdetako hamabost akordeoi jotzailek parte hartuko dute. Tartean izango dira Serbiako lau akordeoilari (Djordje Davidovic, Jelena Davidovic, Aleksandar Jovancic eta Bogdan Laketic), Poloniako bi (Adam Maksymienko eta Aleksander Stachowski), Bielorrusia (Maria Arol), Errusia (Juli Mistyukov), Txina (Haoyang Zhang), Frantzia (Ambre Vuillermoz), Eslovakia (Michal Ochodnicky) eta Esloveniako (Neza Torkar) musikari bana eta baita Euskal Herriko beste hiru ere: Lore Amenabar, Maria Zubimendi eta Ane Urbizu, hain zuzen ere. Irabazlea nor izango den eta palmaresa nola eratuko den erabakitzeko, nazioarteko musikariz osaturiko epaimahaia izango dute aurten ere: tartean dira Stefan Hussong alemaniarra, Mati Rantanen finlandiarra, Vojin Vasovic serbiarra, Friedritx Lips errusiarra, Geir Draugsvoll norvegiarra eta IƱaki Alberdi euskal herritarra.

Sariketarekin batera, Gipuzkoako 38. Akordeoi Sariketa ere egingo da. Horretan, 27 akordeoi jotzaile gaztek parte hartuko dute, Euskal Herrikoak asko. Gainerakok Espainia, Galizia eta Kataluniakoak izango dira. Eta Arrasate Hiria sariketaren hirugarren zutarria Gipuzkoako Akordeoi Jaialdiak osatuko du. 30. aldia izango du aurtengoak, eta 300 parte hartzailetik gora izango dira, bakarlari eta ganbera taldeetan banatuta.

Orotara, 350 akordeoi jotzailetik gora bilduko ditu Arrasatek egun horietan. Erdiak haurrak izango dira, 12 urtetik beherakoak, eta %62 emakumezko musikariak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.