Zinema

Hamabost herrialdetako hamahiru film Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

Hautatutako filmetatik bostek hartu izan dute parte Donostiako Zinemaldiaren Industria ataleko programetan. Bederatzi debut eta lau bigarren lan dira; Silvina Schnicer eta Ulises Porra zuzendariak bigarren aldiz lehiatuko dira Zuzendari Berriak sailean, Tigre erakutsi zuten-eta 2017an.

Lena Lanskihren 'Nich'ya' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Andoni Imaz
2021eko uztailaren 28a
12:20
Entzun

Mundu osoko hamalau zuzendariren lehen eta bigarren film luzeak erakutsiko dituzte Donostiako 69. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean: bederatzi opera prima eta lau bigarren lan. Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak eman zuten hautaketaren berri, atzo, Tabakaleran. Izan ere, sailaren epaimahaiak Kutxabank - Zuzendari Berriak saria emango dio film horietako bati: 50.000 euro, erdibana zuzendariari eta filmak Espainian duen banatzaileari. Gainera, Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagaiak dira; sari hori 18 eta 25 urte bitarteko ikasleek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.

Zinemaldiak «talentu berriak» sustatu nahi ditu. Joan den astean eman zuten Sail Ofizialean lehiatuko diren bederatzi filmen berri, eta, horien egileen artean, Zuzendari Berriak sailean parte hartu duten hiru zinemagile daude: Laurent Cantet (Ressources humaines, Zuzendari Berriak saria, 1999); Lucile Hadzihalilovic (Innocence, Zuzendari Berriak saria, 2004); eta Ines Barrionuevo (Julia y el zorro, 2018).

Aurten bigarren filma erakutsiko duten bi zuzendarik ere parte hartu zuten aurretik lehenengoarekin: Ulises Porra katalanak eta Silvina Schnicer argentinarrak. Bikotean aritzen dira lanean; Tigre debuta aurkeztu zuten 2017an, eta Carajita filmarekin itzuliko dira. Neska gazte baten eta hura hazi duen umezainaren arteko talka kontatuko du filmak.

Donostiako Zinemaldiak bultzada bat eman die sailean hautatu dituzten bost filmi, Industria atalaren bidez. Hamahiru filmetatik bost koprodukzioak dira, eta denera hamabost herrialdetako ekoizleek hartu dute parte haietan. Agustin Banchero uruguaitarraren Las vacaciones de Hilda filmaren proiektuak Zinema Eraikitzen 36 lehiaketan hartu zuen parte —gaur egun WIP Latam du izena—. Juan Sebastian Mesa kolonbiarra ere programa horretan izan zen, baita Koprodukzio Foroan ere. La roya izeneko bigarren film luzea aurkeztuko du. Los nadie debutekoarekin (2016) ikusleen saria irabazi zuen Veneziako Kritikaren Nazioarteko Astean. Selma Nacar turkiarrak WIP Europa Industria saria eta Donostiako WIP Europa saria irabazi zituen iaz, Iki Safak Arasinda / Between Two Dawns proiektuarekin, eta hura erakutsiko du aurten. Mara Pescio argentinarrak Ese fin de semana aurkeztuko du, Koprodukzio Foroan izan eta gero. Darko Sinko esloveniarra ere hautatu zuten WIP Europan. Programa horren bidez garatu du lehen film luzea: Inventura / Inventory.

Juan Sebastian Mesaren 'La roya' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Hurbileko erretratuak

Philippe Gregoire kanadarrak bere lehen lana aurkeztuko du: Le bruit des moteurs / The Noise of Engines. Autofikzioa da: zinema eskola ordaintzeko aduanako agente gisa lanean aritu zeneko esperientzian oinarritu da. Hon-ja Sa-neun Sa-ram-deul / Aloners filmak bizilaguna apartamentuan hilda topatzen duen emakume baten istorioa kontatzen du; gertaera horrek bizitza aldatuko dio. Hong Sung-eun korearrak zuzendu du. Fran Kranz aktore estatubatuarrak zuzendu duen lehen lana da Mass. Sundanceko Zinemaldiak estreinatu zuen. Barkamenari eta erruari buruzko film bat da, eta Reed Birney, Ann Dowd, Jason Isaacs eta Martha Plimpton dira aktoreak.

Lena Lanskih zinemagile errusiarrak egindako film laburrak hainbat zinema jaialditan erakutsi dituzte. Haren lehen film luzea da Nich'ya / Unwanted. Nahi ez zuen haur bat izan ondoren, neska nerabe batek arazo ugariri egin beharko die aurre; haren istorioa kontatzen du filmak. Javier Marco valentziarrak ere film labur asko egin izan ditu; Goya saria irabazi zuen A la carta-rekin (2020). Josefina film luzea zuzendu du orain; Bene Sanchez-Arevalok idatzi du, eta Emma Suarez eta Roberto Alamo aktoreak dira protagonistak.

Hong Sung-eunen 'Aloners' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Emanuel Parvu errumaniarrak aktore gisa lan egin du Cristian Mungiu, Adrian Sitaru eta Constantin Popescu zuzendariekin, eta Sarajevoko Zinemaldian zuzendari eta aktore onenaren sariak irabazi zituen Meda or The Not So Bright Side of Things estreinako filmarekin (2017). Erabakiei, mesfidantzari eta errukiari buruzko lan batekin lehiatuko da aurten Donostian: Marocco / Mikado filmarekin. Sun Liang zinemagile txinatarrak Shu Qi Shi Guang / Lost in Summer pelikularekin hartuko du parte Zuzendari Berriak sailean. Burua nahastua duen mutil nerabe bati buruzkoa da. Zuzendariaren lehen lana, Kill the Shadow (2017), hainbat zinemalditan eman zuten; besteak beste, Montrealgoan eta Shanghaikoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.