Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Hamaika herrialdetako abesbatzak izango dira Tolosako 56. Abesbatza Lehiaketan

Urriaren 30etik azaroaren 2ra bitarte izango da, Tolosako Leidor antzokian. Berritasun gisa, besteak beste, Abesbatzen Europako Sari Nagusia Tolosan jokatuko da lehen aldiz, igande honetan.

Indonesiako The Resonanz Children's Choir abesbatza, iaz, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Indonesiako The Resonanz Children's Choir abesbatza, iaz, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abesbatzen hiriburu bihurtuko da Tolosa beste urte batez. Abesbatza Lehiaketaren 56. aldia izango da aurten, urriaren 30etik azaroaren 2ra bitarte, eta hainbat berritasun izango dira tartean. Aurten, lehenengoz, Abesbatzen Europako Sari Nagusia Tolosan emango da. Sariketa hori Arezzok (Italia), Debrecenek (Hungaria), Jurmalak (Letonia), Mariborrek (Eslovenia), Varnak (Bulgaria) eta Tolosak antolatzen dute. Urte guztian, hainbat herrialdetan lehiatzen dira abesbatzak, eta bost sailkatzen dira finalerako. Urtero herrialde batek antolatzen du final nagusia, eta, aurten, Tolosari egokitu zaio lan hori. Abesbatza hauek ibiliko dira sari nagusia lortzeko lehian: Imusicapella (Filipinak), Los Cantantes de Manila (Filipinak), The Resonanz Children's Choir (Indonesia), Youth Choir Kamer (Letonia) eta Choir Sola of the Latvian Academy of Culture (Letonia). Igande honetan izango da finala, 18:00etan Leidor antzokian. 

Tolosako Abesbatza Lehiaketan, berriz, bost ahots taldek eta bederatzi ganbera abesbatzak parte hartuko dute. Japoniatik, Suediatik, Letoniatik, Alemaniatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Venezuelatik, Estoniatik, Austriatik, Ukrainatik, Indonesiatik eta Filipinetatik datozen ahotsak bilduko ditu Leidor aretoak. Azken orduko arazoak direla medio, Venezuelatik bertaratzekoa zen talde bat ez da etorriko, lehiaketaren antolatzaile Xabier Ormazabalek jakinarazi duenez.

Bi taldetan sailkatzen dira abesbatzak, eta bakoitzak bere irizpideak ditu. Ahots taldeek gutxienez lau abeslari eta gehienez hamasei izan beharko dituzte, eta musika erlijiosoan eta profanoan —erlijiosoa ez den horretan— lehiatuko dira. Ganbera abesbatzak, berriz, gutxienez hamazazpi abeslarik eta gehienez berrogeik osatu beharko dituzte, eta polifoniaren eta folklorearen sailean lehiatuko dira. «Folklorea deitzen diogu guk, baina izen ofiziala euskal kantak eta herri kantak da», argitu nahi izan du Ormazabalek. «Abesbatza guztiek badute derrigorrezko lan bat: euskarazko abesti bat abestea. Gero euskarazko beste obra bat ere aukeratu beharko dute, eta, gainera, beren herriko folklorearekin zerikusia duten abestiak ere abestu beharko dituzte». Aurten lehiakideek abestu beharko duten euskarazko abestia Pablo Sorozabalen Arrosa Lilia obra izango da.

«Hona datozenak ez datoz lehiatzera bakarrik, Euskal Herria eta gure kultura ezagutzera ere badatoz»

XABIER ORMAZABAL Tolosako Abesbatza Lehiaketaren antolatzailea

«Hona datozenak ez datoz lehiatzera bakarrik, Euskal Herria eta gure kultura ezagutzera ere badatoz». Hori da, Ormazabalen ustez, Tolosako lehiaketaren berezitasunetako bat, Europako beste lehiaketekin alderatuta. «Aurten lau egun iraungo du lehiaketak, baina abesbatzak ez dira egun horietarako soilik etorriko, gutxienez astebeterako baizik. Hemen igarotzen dituzten egunetan, kontzertuak ematen dituzte Euskal Herrian zehar», azaldu du. Batzuk, gainera, Euskal Herritik harago ere joaten dira; aurten, esaterako, Zaragozan (Espainia) ere arituko dira kantuan.

Lehiaketaren erdigunea Tolosa den arren, lehiakideek ez dute astea soilik bertan igarotzen. Are gehiago, Ormazabalen hitzetan, herrian ez dago behar adina leku denek ostatu hartzeko: «Tolosak 20.000 biztanle ditu, eta bi hotel. Lehiakideak Gipuzkoan zehar egoten dira sakabanatuta». Horri esker, herriaren inguruko bestelako jakintza bat eskuratzen dute, bestelako pertzepzio bat, Ormazabalek adierazi duenez.

Epaimahaikide lanetan, bestalde, Basilio Astulez eta Enrique Azurza euskal herritarrak izango dira, nazioarteko beste hainbat izen handiz inguratuta: Ambroz Copi (Eslovenia), Paul Head (AEB), Dario Tabbia (Italia), Bengt Ollen (Suedia), Bernie Sherlock (Irlanda) eta Oleksi Xamritski (Ukraina). 

'50 milioi segundo'

Gipuzkoako haurren abesbatzek ere izango dute tartea txapelketa honetan. Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak bultzaturik, 50 milioi segundo kantata estreinatuko dute Tolosan. Programak Katalunian du jatorria, hango Abesbatzen Federazioak estreinatu baitzuen obra. Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak programa hori berreskuratu du, eta bertan parte hartzeko gonbidapena bidali Gipuzkoako abesbatzei.

Bihar 18:30ean izango da kontzertua, Leidor aretoan, eta Gipuzkoako zortzi abesbatza izango dira bertan: Azpeitiko Antxieta abesbatza, Arrasateko Goikobalu Txiki abesbatza, Bergarako Musika Eskolako haur abesbatza, Donostiako Ekoik abesbatza, Legazpiko Doinua musika eskolako haur abesbatza, Ordiziako Oroith Txiki abesbatza, Zegamako Orkatz Txiki abesbatza eta Usurbilgo Zumarte Txiki abesbatza. Lehiaketaren antolatzaileak begi onez ikusten du kantata programa: «Umeak abesbatzetara gerturatzeko bide bat da. Azken finean, haiek izango dira etorkizuneko abeslari edo zuzendariak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.